Ez dakigulako inoz ze pasauko zaigun, urtebeten, hilebeten, egun baten…edo ordubeten! gozatu Chopinen istorio kitzikagarriarekin!
ORDUBETEKO ISTORIOA
Jatorrizkoa: STORY OF AN HOUR
Kate Chopin
Mallard Andreak bihotzeko arazoak zituela jakinik, haren gizonaren heriotzaren berri ahalik eta modurik samurrenean eman zioten.
Haren ahizpa Josephinek kontatu zion, esaldi hautsien bidez; hitzerdika esanez, eta gertatutakoa aditzera emanez. Gizonaren laguna ere, Richards, bertan zegoen, berarengandik hurbil. Hura zen egunkariko bulegoan zegoena treneko istripuaren berri eman zutenean, eta Brently Mallard-en izena “hildakoak” zerrendaren buruan ageri zen. Bigarren telegrama baten bidez berri hori egiaztatzeko denbora baino ez zuen hartu, eta berehala abiatu zen emakumearen beste lagun axolagabeago edo zakarrago batek hari mezu tristea kontatu baino lehen.
Mallard Andreak ez zuen berria beste emakume askok bezala jaso, gertatutakoa benetan onartu ezinik. Segituan bota zen bere ahizparen besoetara, negar batean. Doluminaren ekaitza baretzean, gelara joan zen, bakarrik. Ez zuen nahi izan inor bere atzetik joaterik.
Irekitako leihoaren aurrean besaulki eroso eta handi bat zegoen. Bertan hondoratu zen, haren gorputza inguratzen zuen eta arimaraino heltzen zela zirudien neke fisiko batek abailtzen zuelarik.
Etxearen aurreko plaza zabalean udaberriaren etorrerarengatik dardarka ari ziren zuhaitzen adaburuak ikus zitzakeen. Airean zebilen euriaren arnas goxoa. Beheko kalean, txerpolari batek saltzen zituen tresnak oihukatzen zituen. Urrunetik, norbait abesten ari zen abesti baten notak iristen zitzaizkion ezarian, eta hamaika txolarre teilatu-hegaletatik txioka ari ziren.
Zeruaren zati urdin batzuk ikus zitezkeen hemen eta hor, leihoaren aurrean, mendebaldean, bata bestearekin topatu eta elkarren gainean pilatzen ziren hodeien artean.
Burua aulkiaren kuxinaren kontra jarriz eseri zen, geldi-geldirik, eztarriraino negar-zotin bat iritsi eta astintzea eragiten zionean izan ezik, lokartu arte negarrez aritu eta ametsetan ere negar zotinka jarraitzen duen ume baten antzera.
Zerbait berarengana zetorren eta horri itxaroten ari zen, beldurturik. Zer ote zen? Ez zekien; hautemanezin eta iheskorregia zen, ezin zion izenik jarri. Baina sentitu egiten zuen, zerutik berarengana hurbilduz, zegoen lekura iritsiz zerua betetzen zuten soinu, usain eta koloreen bidez.
Orain haren bularra zalapartatsuki gora eta behera zebilen. Bera harrapatzen ari zen gauza hori zer zen jabetzen ari zen, eta horri aurre egin guran zebilen bere nahimen guztiarekin – bere bi esku zuri eta argalak lehiatuko liratekeen bezain ezgai.
Amore eman eta eramaten utzi zenean erdi zabalik zituen ezpainetatik hitz batek egin zion ihes. “Aske, aske, aske!” esan zuen arnaspean: begirada absentea eta horren ondorengo beldurrezko begiratua desagertu zitzaizkion. Begiak bizi eta distiratsu zeuzkan. Taupada bizkorrak zituen, eta mugimenduan zebilen odolak gorputzeko zentimetro oro berotu eta lasaitu zion.
Ez zion bere buruari sentitzen zuena ikaragarrizko alaitasuna ote zen galdetzeko aukerarik eman. Pertzepzio argi eta sutsu batek iradokizuna hutsaltzat joz baztertzea eragin zion.
Bazekien berriro ere malkoak aterako zitzaizkiola gorpua ikustean, esku leunak hildako batenak bezala gurutzatuta; beti maitasunez begiratu izan zion aurpegia geldi, gris eta hilda. Baina momentu garratz horren atzean berarentzat bakarrik izango ziren urte asko geratzen zitzaizkiola ikusi zuen. Eta besoak zabaldu eta luzatu zituen ongietorria emateko.
Ez zuen beste inorentzat bizi beharko hurrengo urteetan; bere buruarentzat bakarrik biziko zen. Ez litzateke bere borondatea gain hartuko lukeen beste nahi bat egongo, gizon-emakumeek haien parekoei inposatzeko eskubidea dutela pentsatzen duten nahi hori. Hausnartzeko izan zuen argialdi momentu hartan berdin zuen asmoa ona edo txarra izateak, ekintzak delitu itxura izango zuen.
Eta hala ere maite izan zuen – batzuetan. Beste askotan ez. Zer axola zuen! Zer axolako zuen maitasunak, argitu gabeko misterio horrek, bat-batean bere buruaz jabe izatera bultzatzen zuen bihozkadarik indartsuenaren aurrean!
“Aske! Gorputza eta arima aske!” jarraitzen zuen xuxurlatzen.
Josephine atearen aurrean belauniko zegoen, ezpainak sarraila-zulora itsatsita zituelarik, sartzeko baimena erregutuz. “Louise, zabaldu atea! Mesedez eskatzen dizut; zabaldu atea – zure buruari min egingo diozu. Zertan ari zara, Louise? Mesedez eta faborez, zabal ezazu atea.”
“Joan zaitez. Ez naiz nire buruari minik ematen ari.” Ez; leihotik sartzen zen bizitzaren benetako elixirra edaten ari zen.
Bere fantasietan galduta zebilen, etorriko ziren egunetan zuen burua. Udaberriko egunak, udako egunak, eta bereak bakarrik izango ziren beste edonolako egunak. Otoitz arin bat murmuratu zuen, bizitza luzea izan zedin, eta atzo bertan bizitza luzea izateak ikaratu egiten zuela pentsatzea ere!
Azkenean altxatu zen eta etengabe erregutzen tematutako ahizpari zabaldu zion atea. Arrakasta sutsu bat ageri zen bere begietan, eta oharkabean Garaipenaren jainkosa bat balitz bezala zebilen. Gerritik heldu zuen ahizpa, eta batera jaitsi zituzten eskailerak. Richards behean zegoen haien zain.
Norbait sarrerako atea irekitzen ari zen etxeko giltzarekin. Brently Mallard sartu zen, bidaiaren ondorioz pixka bat zikin, lasaitasun osoz maleta eta aterkia zeramatzala. Istripua gertatutako tokitik urrun egona zen, eta ez zekien ezta istripu bat egon zenik ere. Txundituta gelditu zen Josephinen garrasi gorgarria entzutean; eta Richardsek bera emaztearengandik ezkutatzeko egindako mugimendu azkarra ikustean.
Baina beranduegi zebilen Richards.
Medikuek, etorri zirenean, bihotzeko baten ondorioz hil zela esan zuten – poztasunez betetako bihotzak eztanda egin zion.
Maite