こんいちは(konnichi wa!)
Biharamunean otutako haikuak dira hauek. Baina, lehenengo, Japoniako olerki hauen nondik-norakoak zehaztuko ditugu. Honela dio Jimenezek:
Izenbururik eta errimarik gabeko estrofa laburra da haikua. Haiku batean sentsazioak biltzen dira, bost bider zazpi bider bost silabatako olerki xume batean (Jimenez, 2013: 9).
Eta Uribarrik, berriz, honako hau dio:
Haikuaren izaerari dagokionez, haimi aipatu behar da, haikuek sortzen dute giro edo aldarte berezia, estetika berezia (Uribarri, 2007).
Esaten da haiku batek errealitateko une bat jasotzen duela zuzen-zuzenean, margolari inpresionisten modura, une hori hausnartzeko betarik eman gabe gogoetari; sentsazio edo esperientzia bat iragartzen du haikuak, ez ulermen edo burutazio bat (Uribarri, 2007).
Normalean naturako elementuak agertzen dira haikuetan. Guk, ordea, malguago jokatu dugu, eta hainbat sentsazio islatzen saiatu gara. Gehiago luzatu gabe, honatx biharamuneko haiku sorta:
BIHARAMUNEKO HAIKUAK
Ortzimugako
lerro amaigabea:
airea, ura.
____
Garbigailuko
zurrunbilo eroa;
zoramena.
____
Kili-kiliak:
zure atzamar finak
bizkar gainean.
____
Sesio bila
itsasertzeko haitzak
ura heltzean.
____
Galtzadan barna
badoa zalgurdia
buztana hegan.
____
Galtzerdi erdi
abentura gogoa
garbigailuan.
____
Egunsentian,
eguzkiaren printzek
bailara piztu.
____
Salda beroa
zurrutaka edan
ai, erredura!
____
Kirkil xaloa
kri-kri, kri-kri abesten
erantzunik ez.
Ainhoa eta Elixabet
BIBLIOGRAFIA
Jimenez, J. (2013). Orbel azpiko haikuak. Denonartean. Berriozar.
Uribarri, I. (2007). «Haiku japoniarrak. Lau maisu: Baxô, Buson, Issa eta Xiki». Senez 32.
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza