Duela aste batzuk Osakidetzak perrexilaren prebentziorako kanpaina aurkeztu zuen eta gizarteko hainbat sektoretan egundoko erreakzioak eragin ditu. Ekologistek, feministek, historialariek, laborariek nahiz sukaldariek gogor kritikatu dute Osakidetzaren jarrera eta guztiek jarri dituzte pisuzko argudioak mahai gainean. Pasa den larunbatean guztiek bat egin zuten Donostiako Bulebarrean eta, bertan, «Gu ere perrexilaren alde!» edota «Bai abila perrexila!» gisako lemak entzun ahal izan ziren.
Berbaratzako kazetariek sektore bakoitzeko ordezkariekin hitz egitea lortu dute eta gaurkoan, haien erreakzio gazi-gozoak ekarri nahi izan ditugu hona.
Oihan Landabaso da Euskal Herriko ekologisten taldeko ordezkaria eta erabat ernegatuta honako hau kontatu digu: «Ez diegu utziko gure ekosistema arriskuan jartzen. Lehenengo perrexilaren prebentzio neurriak eta gero zer, ilegalizazioa? Sinestezina! Gizarte kapitalistaren sustraiak ustelak daude. Negozioa da nahi dutena; multinazional farmazeutikoekin batera poltsikoak diruz bete nahi dituzte. Baina haiek ez dakite perrexilak zenbat balio duen! Naturak oparitutako sendabelar paregabea da. Horregatik guk perrexilaren erabilera aldarrikatzen dugu, perrexilaren ahanztura eta desagerpena euskal biosferaren amaia baita.».
Talde feministek ere aurkako jarrera agertu dute eta Isaba Agina bozeramailearen esanetan «neurri zapaltzaileak hartu nahi dituzte, baina oker daude, erabakiek horizontalagoak izan behar dutelako». Askok defendatzen dute perrexilak abortuak probokatzeko balio duela, kantitate handian hartuz gero. «Indigena aurrekolonbiarrek hilekoa erregulatzeko erabiltzen zuten, baita abortuak probokatzeko ere. Eta guk zergatik ez?» iradoki digu Isaba Agina zestoarrak. Prebentzio kanpainak Madrilgo agintearekin izan dezakeen loturari buruz galdetu diogunean, hasieran ez du ezer erantzun. Baina bigarrengoz galdetutakoan, bero-bero eginda honela esan du: «Erraxoiren neurri atzerakoien eta zentzugabeen aurka, perrexilaren propietate abortiboak defendatzen ditugu!».
Historialariengana ere jo dugu, mendeetan zehar perrexilarekiko zein jarrera egon den jakiteko, eta, horretarako, Eneida Gazteluzar katedradunarekin hitz egin dugu. Hark kontatu digu Arquemorusek hilobiak perrexilarekin apaintzen zituela. Baina argi utzi du Antzinako Grezian ere oposizioa gogorra zela eta Heraclesek perrexila erabiltzen zuela «bere garaipenak ospatzeko koroak egiteko». Hortaz, batzuentzat heriotzaren sinbolo zena, garaipena zen besteentzat.
Gizarteko beste sektore batzuk ere kaltetuko ditu Osakidetzaren kanpaina prebentiboak: laborariak, sukaldariak eta ostalariak, besteak beste. Isidora Larreak urte mordoa daramatza EHNEn ‒Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna‒ eta bertan dagoenetik bizitutako «momenturik latzenak» omen dira hauek. Dudarik gabe, perrexil, jan ta bertal hil kanpaina prebentiboak landare honen eskariari eragingo dio eta Larreak aitortu duenez «lau katuk baino ez dute perrexila erosiko».
Guztiok ezagutzen dugu Karlos Argiñano beasaindarra ‒sukaldari izateagatik edo kontatzen dituen txisteengatik? Hortxe dago koxka‒ eta berarekin hitz egitea lortu ez badugu ere, beste iturri batzuen bitartez jakin ahal izan dugu asko-asko gustatzen zaiola perrexila. Are gehiago, txori txiki batek kontatu digu Karlosek bere buruari «el perejil de todas las salsas» deitzen diola! Eta baratxuria moztu ondoren, eskuak beti perrexilarekin garbitzen omen ditu. Bai gizon fina!
Kontuak kontu, eta gizarteko hainbat sektorek erakutsitako oposizioa ikusirik, Berbaratzako kazetariok uste dugu perrexilak euskaldunon eguneroko ogia izaten jarraituko duela.
Elixabet
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza