Txoriak ahoan
SAMANTA SCHWEBLIN
Silviaren autoa etxe parean zegoen aparkatuta, balizak jarrita. Geldirik geratu nintzen, pentsatuz tinbreari ez erantzuteko aukera errealik ba ote zegoen, baina partidua entzuten zen etxe guztian zehar; beraz, telebista itzali eta atea irekitzera joan nintzen.
—Silvia —esan nion.
—Kaixo —esan zuen berak, eta barrura sartu zen nik ezer esan baino lehen—. Hitz egin behar dugu, Martin. —Nire besaulki propioa seinalatu zuen, eta nik obeditu egin nion, batzuetan, iraganak atea jotzen duenean eta duela lau urte bezalaxe tratatzen nauenean, tentel hutsa izaten jarraitzen dudalako. Eseri egin zen bera ere.
—Ez zaizu gustatuko. Ze… ze, gogorra da —bere erlojuari begiratu zion—. Sarari buruz da.
—Beti da Sarari buruz —esan nion.
—Alabak arazo larriak dauzka. Esango duzu esajeratzen ari naizela, erotuta nagoela, eta hori guztia, baina ez dago horretarako denborarik. Etorri oraintxe bertan etxera eta ikusi ezazu zure begiekin. Etorriko zarela esan diot. Sara zain daukazu.
—Zer gertatzen da?
—Hogei minutu ere ez dituzu pasako. Gero ez iezadazu esan alabak ez zaituela bere bizitzan sartzen eta kaka zahar hori guztia.
Tarte batean isilik geratu ginen. Hurrengo pausoa zein izango zen pentsatzen geratu nintzen, harik eta kopeta iluna jarri, zutitu eta ateraino joan zen arte. Nire berokia hartu eta haren atzetik atera nintzen.
[…]
Horra hor istorio hunkigarri baten hasiera. Samanta Schweblin argentinarraren idazkera argiaren erakusle, dudarik gabe. Baina, esan bezala, hasiera baino ez. Pájarosen la boca liburuan irakur dezakezue izen bereko istorioan zer gertatzen den. Liburu hori hainbat kontakizunek osatzen dute, zein baino zein bikainagoek. Fikziozko unibertso batera hurbiltzen gaitu idazleak istorio bakoitzean, baina, era berean, ez da gehiegi urruntzen errealitatearen muga labainkorretik. Misterio ukitua ere badute kontakizunetako batzuek, eta guztiak izan dira prosa eraginkorrez idatziak: hizkuntzaren ekonomian maisua da idazlea, eta horrek dakar haren hitzen jario arina.
Liburu honi esker Casa de las Américas saria eskuratu zuen Schweblinek 2008an. Eta hori ez da jaso duen bakarra, idazle gaztea izan arren, dagoeneko hainbat aldiz izan baita saritua (Haroldo Conti, Fondo Nacional de las Artes, Juan Rulfo eta Konex sariak). Buenos Airesen jaio zen 1978an eta ikus-entzunezko ikasketak egin zituen. Gaur-gaurkoz 30 kontakizunetik gora ditu argitaratuta. Horietako bat euskaratu zuten Elearazikoek, Zoritxarreko gizon bat, hain justu, eta hemen irakur dezakezue euskaraz (merezi du!). Pájarosen la boca liburua eta istorioa ere munduko hainbat txokotara iritsi da, hainbat hizkuntzatara itzulia izan baita. Eta geurera zergatik ez?
Elixabet
Samanta Schweblin, Pájaros en la boca, Lumen, 2010.
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza