Hosto lehorrak

Beharbada ez da Gustavo Adolfo Bequerren testu ospetsuena izango, beharbada ez da guztien gustokoa izango. Niretzat, halere, harribitxi bat da. Murgildu gaitezen udazkenak hartutako basoan eta entzun ditzagun hosto goibel batzuen berbak.

HOSTO LEHORRAK

hojas_secas

Eguzkia sartu egin zen; lainoak, nire buru gainean zarpailtsu gurutzatzen zirenak, zerumuga urrunean pilatzera zihoazen elkarren gainean. Udazken arratseko haize hotzak nire oinen inguruan zirimolatzen zuen orbel lehorra.

Bide baten ertzean eserita nengoen, joan doazenak beti bueltan datozenak baino gehiago diren bidean batean.

Ez dakit zertan pentsatzen ari nintzen, ezta zerbaitetan pentsatzen ari nintzen ere. Dar-dar batean neukan arima, espaziorantz abiatzeko gertu, txoriak hegan hasi aurretik dar-dar egin eta hegoak arinki astintzen dituenean bezala.

Momentu batzuetan, zenbait abstrakziori esker, izpirituak inguruan daukana baztertu, eta, bere baitara bildurik, gizakiaren barne-bizitzako fenomeno misteriotsuak aztertu eta ulertzen ditu.

Beste batzuetan, lotzen zaion gorputzetik askatu, bere nortasuna galdu eta naturako beste elementuekin nahasten da; bere izaeraren bitartez egiten ditu harremanak eta bere hizkera ulergaitza itzultzen du.

Ni, bakarrik eta lautada laburraren erdian, momentu horietako batean nengoen nire inguruan ahots bat entzun nuenean.

Bi hosto lehor ari ziren hizketan, eta, honako hau da, goiti beheiti, haien elkarrizketa bitxia:

—Nondik zatoz, ahizpa?

—Zurrunbiloarekin bueltaka iritsi naiz, hautsezko laino eta gure lagun hosto lehorren artean, lautada amaiezinean barrena. Eta zu?

—Errekako urek eraman naute apur batean, haize gogorrak lokatzetatik eta urertzeko landare artetik atera nauen arte.

—Eta nora zoaz?

—Ez dakit: ba al daki, ba, bultzaka dudan haizeak?

—Ai! Nork esango luke horituta eta lehor, lurrean arrastaka amaitu beharko dugula, guk, kolorez eta argiz jantzita airean kulunkan bizi garenok?

—Gogoratzen al zara jaio gineneko egun ederrez? Sehaskatzat geneukan botoi puztua hautsi eta eguzkiari muxu epelak emateko ireki ginen goiz atsegin hartaz, esmeraldazko haizemaileen gisan?

—O! Zein goxoa zen haizearekin altuera hartan balantza egitea, poro guztietatik airea eta argia edanez!

—O! Zein ederra zen ibaiko ura ikustea gu sortu gintuen enborraren sustrai okerrak laztantzen, eta amildegi urdinen artean bizi ginela pentsarazten zigun ur garbi eta garden hura ikustea, zeru urdina ispilu bat balitz bezala kopiatuz!

—Zein gustura egoten ginen kirika hostotza berdearen gainetik, ur-korronte dardaratian gure isla ikusi ahal izateko!

—Eta kantuan aritzen ginen uhinen erritmoan, brisaren zurrumurrua imitatuz!

—Intsektu dirdiratsuek gure inguruan egiten zuten hegan, euren gazazko hegoak zabalduz.

—Pinpilinpauxa zuriek eta mariorratz urdinek zirkulu bitxiak eratzen zituzten airean, eta gure hagindun ertzetan pausatzen ziren, istant bat besterik irauten ez, baina bizitza ihartzen dien maitasunari buruzko sekretuak kontatzeko.

—Gutariko bakoitza tonu bat zen euren kolorezko harmonia hartan.

—Gogoratzen al zara nola aritzen ginen berriketa isilean itzal garbien artean, zilarrezko argiak ilargi-gauetan mendi-tontorretan irrist egiten zuenean?

—Eta xuxurla zuriz kontatzen genituen armiarmek zuhaitzen artean ehundutako urrezko harietan kulunkatzen diren silfoen istorioak.

—Halako batean betiko elkarrizketa berbera mozten genuen arte, gure enborrean pausatzen zen urretxindorraren kexuak liluraz entzuteko.

—Eta hain ziren tristeak eta leunak haren aieneak, ezen atseginez beterik entzun arren, negarrez harrapatzen gintuen egunsentiak.

—O! Zein gozoak gaueko ihintzak utzitako negar malkoak, goizeko lehen argitan dir-dir egiten zutenak iriseko kolore guztiak erakutsiz!

—Gero kardantxilo alaiak iritsi eta basoa biziz eta soinuz betetzen zuten euren kantuen bozkariozko zalaparta nahasiarekin.

—Eta bikote maitemindu batek gure alboan zintzilikatu zuen adaxkaz eta lumaz eginiko habia.

—Berokiak bagina bezala, euren txikiak babesten genituen udako ekaitzetako euri tanten aurrean.

—Errezelak bagina bezala, eguzki izpi gogaikarrietatik babesten genituen.

—Urrezko amets bat balitz bezala pasatzen zitzaigun bizitza, eta ez genuen susmatzen bertatik esnatu beharko genuenik.

—Behin, gure inguruan denak irribarrez betea zirudien arratsalde eder batean, sartalderantz zihoan eguzkiak ilunabarra argitu eta lainoak oskorritzen zituenean, eta lur umelak bizitzaren hatsa eta loreen lurrina zekartzanean, bi maitale pausatu ziren urertzean, gu eusten gintuen enborraren oinetan.

—Ez dut inoiz oroitzapen hori ahaztuko! Bata gaztea zen, ia kume bat, ederra eta azal zurikoa. Arrak samurki ziotsan: «Zergatik egiten duzu negar?» «Barkatu nahigabeko berekoikeria hau —erantzun zion emeak, malkoak xukatuz—; nigatik ari naiz negarrez. Iheska ari zaidan bizitzarengatik ari naiz negarrez; zerua argi-izpiz betetzen denean, lurra berde kolorez jantzi eta lorez betetzen denean, haizeak lurrinak, txorien kantuak eta urruneko harmoniak dakartzanean, maitatzen duzunean eta maitatua sentitzen zarenean, bizitza atsegina da!» «Eta zergatik ez zara bizi behar? —ekin zion maitaleak hunkituta, bi eskuak oratuz— Ezinezkoa delako. Hor goian harmoniatsu xuxurlatzen duten hostoak erortzen direnean, ni ere hilko naiz, eta haizeak egunen batean nire hautsak eramango ditu euren hautsekin batera, auskalo nora!».

Zuk eta nik hura entzun genuen; ikarak hartu gintuen eta isildu egin ginen. Lehortu beharko gara noizbait! Hil egin beharko gara eta haizezko zurrunbiloek arrastaka eraman beharko gaituzte bira-biraka! Mutu eta ikaraz lepo geunden oraindik gaua heldu zenean. O! Zein gau lazgarria!

—Behin urretxindor maiteminduak, bere maitea intziriekin liluratzen zuenak, huts egin zion hitzorduari lehen aldiz.

—Handik gutxira, txoriak hegan hasi ziren, eta haiekin batera baita lumaz jantzitako txitak ere, eta habia bakarrik gelditu zen, atsekabez kulunkan, hildako haur baten sehaska bat bezain goibel.

—Eta pinpilinpauxa zuriek eta mariorratz urdinek ere ihes egin zuten, gure zuntzei hozka egitera eta gure magalean larba higuingarriak uztera zetozen intsektu ilunei lekua utziz.

—O! Eta nola uzkurtzen ginen gaueko izotza ukitzean!

—Kolorea eta freskotasuna galdu genituen.

—Leuntasuna eta forma galdu genituen, eta ordura arte gu ukitzean muxuzko xuxurla eta maiteminduen hizketa zena, zarata latza bilakatu zen, zarata lehor, ezatsegin eta tristea.

—Eta azkenean askatu eta hegan joan ginen!

—Edozeinen oinen azpian zapalduta, alde batetik bestera hauts eta lokatz artean etengabe arrastaka ibili ostean, zorioneko sentitu naiz bideko zulo sakonen batean pausatu ahal izan naizenean.

—Ni berriz biraka etorri naiz etengabe, korronte zoroarekin arrastaka, eta, nire erromesaldi luzean gure heriotza aurreikusten lagundu ziguten bi maitaleetako bat ikusi dut; bakarrik, lutoz jantzita eta goibel, pasatzen zen urari eta mugimendua markatzen zioten orbel lehorrari begirada axolagabez so.

—Hark ere bizitzeari utzi dio, eta agian ni noizbait egondako zuloren batean egingo du lo!

—Ai! Hark lo egin eta atseden hartuko du azkenean; baina guk, noiz amaituko dugu bidaia luze hau?…

—Inoiz ez! Atseden-unea eman digun haizeak indarra hartu du berriz ere, eta ni makaldu egin naiz lurretik jaiki eta berarekin jarraitzeko. Adio, ahizpa!

—Adio!

Une batez isilik egondako haizeak txistu egin zuen eta hostoak zurrunbilo nahasi batean aireratu ziren, urruneko gau ilunean galtzeko.

Nik, orduan, gogoratu ezin dudan zerbait pentsatu nuen, eta gogoratuko banintz ere, ezingo nuke hitzez adierazi.

Ainhoa

Advertisements

One thought on “Hosto lehorrak

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s