Euskararen sustraiak

UNESCO. Ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna

E u s k a r a r e n     E g u n a

Gaurkoa egun berezia da euskaldun guztiontzat. Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat txokotan ere ospatzen da.

Egun berezi hau aitzakiatzat harturik, euskararen sustraien inguruan gogoeta labur bat egingo dugu Berbaratzan.

Eta, esan gabe doa, gaur ez ezik urteko gainontzeko 364 egunetan ‒365 bisurtea bada‒ hitz egin ezazu euskaraz, «geure hizkuntzak har dezan arnas»!

Munduko hainbat hizkuntzen zuhaitz genealogikoa

Euskararen sustraiak

Horra hor Europako hizkuntza gehienen zuhaitz genealogikoa. Konturatuko zineten ez dela geurea ageri. Baina, zergatik? Euskararen jatorriaz hitz egitera garamatza horrek: aukera paregabea hainbestetan entzun izan ditugun teoriak eta ideiak gogorarazteko!

Goiko irudira itzuliz, argi dago Europako hizkuntzak bi talde handitan bana daitezkeela: gehienak hizkuntza indoeuroparrak dira ‒germanikoak, helenikoak, erromanikoak, eslaboak, baltikoak eta zeltikoak, besteak beste‒, eta bigarren multzokoei hizkuntza finougrio deritze, baina gutxiengoa dira, esate baterako, suomiera, estoniera, laponiera eta hungariera.

Gure hizkuntza, ordea, bi talde handi horietatik at dago, eta ez du ahaidetasun ezagunik. Historialari eta hizkuntzalari askok aztertu du gaur arte euskararen enigma, eta, urtetan zehar teoria, iritzi nahiz uste ugari zabaldu dira. Horietatik bi ikertu dira gehien; lehenaren arabera, euskarak eta iberierak badute nolabaiteko ahaidetasuna ‒W. Humboldt hizkuntzalariak defendatu zuen teoria hori, beste batzuen artean‒, baina tesi hori ezetsi egin zen testu iberikoak nola irakurri asmatu zenean. Hortaz, ahaidetasun hori ezin da frogatu. Bigarren teoriaren arabera, aldiz, Kaukasoko hizkuntzekin antzekotasunak ditu euskarak ‒A. Tovar‒, georgierarekin, batik bat. Nahiz eta uste hori urtetan zehar defendatu eta zabaldu, ikerketen emaitzek ez dute ahaidetasunik frogatu. Badira tesi gehiago, adibidez, euskararen eta hizkuntza berebereen arteko ahaidetasunaren ingurukoa. Horren arabera, bai euskara, bai hizkuntza berebereak indoeuropera baino askoz lehenago zeuden (horrexegatik euskara ez da ageri goiko irudian). Baina ahaidetasun hori frogatzea ere ezinezkoa izan da, eta, ondorioz, euskarak izan ditzakeen ahaideak ezezagun izaten jarraitzen dute.

Hizkuntza isolatu deritzo hizkuntz familia baten baitan sailkatuta ez dagoenari ‒L. Campbell‒, ahaidetasun ezagunik ez duenari, alegia. Munduan 129 hizkuntza isolatu daude, gutxi gorabehera. Euskara da horietako bat, ez baita frogatu ahaidetasunik. Baina horrek ez du esan nahi lehenago ahaiderik ez zuenik, edo hizkuntz familia bateko kide ez zenik. Hori bai, baliteke euskara izatea bere familiakoen artean bizirik dirauen bakarra. Hortaz, geure hizkuntzaren sustraiak ezezagunak dira, eta horregatik da euskara hizkuntza isolatua.

Hizkuntzen antzinatasunari dagokionez, hainbat hizkuntzalarik defendatzen dute hizkuntza guztiak maila berean daudela eta bata ezin dela bestea baino zaharragoa izan. Izan ere, hizkuntza guztiak aurreko egoera baten ondorio dira. Euskararen kasuan aurreko egoera hori ezezaguna da, baina, edozein kasutan ere, hizkuntza guztiak doaz atzera lengoaiaren sorrerara arte.

Urte asko eta hizkuntza handiak inguruan; harrigarria da euskara desagertu ez izana, erromatarren garaian bereziki. Horixe da beharbada enigmarik handiena, nola biziraun duen orain arte. Mitxelenak ere hala adierazi zuen bere garaian, eta iritzi berekoak dira gaur egungo euskaltzale ugari.

Kontuak kontu, orain arteko bidea egina dago; jarrai dezagun, beraz, euskara elkarri ematen, euskaraz bizitzen!

Elixabet

Gorbeiako parke naturala. Udazkena, orbelak, adaxkak, enborrak, zuhaitzak eta sustraiak

Eta sustraiez luze aritu garenez, une hau nahiz beste asko musikaz blaitzeko apartak dira  Mikel Laboaren nota eta Joseba Sarrionandiaren hitz hauek:«Sustraiak han dituena».

Nekez uzten du bere sorterria

sustriak han dituenak.

Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak

ez bada abaildu eta oholetan.

Ez du niniak begia uzten

ez bada erroi edo arrubioen mokoetan.

Nekez uzten du gezalak itsasoa

ez hare harriak basamortua.

Ez du liliak udaberria uzten

ez elurrak zuritasuna.

Bere sorterria nekez uzten du

sustraiak han dituenak.

Iturriak:

–       Hasier Etxeberria, Euskararen jatorria: enigma europar bat, Digitala eta ETB, SAU.

http://www.eitb.tv/es/video/euskararen-jatorria-enigma-europar-bat/1297096612001/1301166325001/euskararen-jatorria–enigma-europar-bat/

–       L. Campbell, Language Isolates and Their History, or, What’s Weird, Anyway?, hizkuntzalaritza departamentua, University of Utah.

 http://www2.hawaii.edu/~lylecamp/CAMPBELL%20BLS%20isolates.pdf

–       J. Sarrionandia, Izuen gordelekuetan barrena, 1980.

http://www.armiarma.com/emailuak/izuen/

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s