Barregilea

Urtea behar bezala bukatzeko, eta negua behar bezala hasteko, zer hobea Heinrich Böll alemaniarraren barreari buruzko istorio hauxe baino?

Heinrich Böll (1917-1985)

H E I N R I C H     B Ö L L

Barregilea

(1952)

Nire lanbidea zein den galdetzen didatenean, lotsa sentitzen dut: gorritu egiten naiz, zezelka hasten naiz, ni neu, gainerakoan pertsona seguru gisa ezagun naizen hau. Inbidia diet zera esan dezaketenei: igeltseroa naiz. Ile-apaintzaile, kontulari eta idazleen adierazpen sinpleei inbidia diet, lanbide horiek guztiak euren kabuz argitzen direlako eta ez dutelako azalpen luzeagorik behar. Ni, ordea, derrigortuta nago halako galderei erantzutera: barregilea naiz. Horrelako adierazpen batek gehiago eskatzen dituenez, «hortik bizi zara?» bigarren galderari ere baietz erantzun behar izaten diot egiari zor. Nire barretik bizi naiz egiatan, eta ondo bizi naiz, nire barrearen ‒komertzialki adierazita‒ eskaria baitago. Barregile ona naiz, ikasia, beste inork ez du nik bezala barre egiten, beste inork ez ditu nik bezain ondo dominatzen nire artearen ñabardurak. Denbora luzez ‒adierazpen desatseginak saiheste aldera‒ nire burua aktoretzat izendatu nuen; alabaina, nire mimika eta hizketarako gaitasuna hain dira urriak, non, badirudien izendapen hori ez datorrela egiarekin bat: maite dut egia, eta egia da barregilea naizela. Ez naiz ez pailazoa, ezta komediantea ere, ez diot jendeari pozik ematen, poza aurkezten baizik: erromatar enperadore baten moduan barre egiten dut edo batxilergo ikasle sentibera baten modura, XVII. mendeko barrea XIX.ekoa bezain arrunta da niretzat, eta beharrezkoa denean, mende guztietako barreak egiten ditut, gizarteko klase guztietakoak, adin guztietakoak. Ikasi egin dut besterik gabe, zapatei zola nola jarri ikasten den bezalaxe. Amerikaren barrea dago nire bularrean, Afrikaren barrea, zuria, gorria, barre horia; ordainsari duin baten truk durundarazten dut, zuzendariak aurrez agindutako moduan. Ezinbesteko bilakatu naiz, biniloetan barre egiten dut, kaseteetan barre egiten dut, eta irratsaioetako zuzendariek arretaz tratatzen naute. Malenkoniatsu, neurritsu eta histeriaz barre egiten dut. Tranbiako txartel kontrolatzaile batek bezala barre egiten dut edo elikagaien arloan ikastun dabilen batek bezala; goizeko barrea, iluntzeko barrea, gaueko barrea, eta egunsentiko eta ilunabarreko barrea. Hitz gutxitan, behar den tokian eta behar den moduan: nik egiten dut.

Sinesteko modukoa da halako lanbide bat gogorra dela, batez ere ‒hau da nire espezialitatea‒ barre itsaskorra dominatzen dudalako; horregatik derrigorrezko bihurtu naiz hirugarren eta laugarren mailako komedianteen artean, beldur baitira beren graziek barrerik sortuko ez ote duten ‒arrazoiarekin‒, eta ni varieteetan  zereginik gabe esertzen naiz kasik iluntzero art claqueur sotil gisa, programaren zatirik ahulenetan barre itsaskorra egiteko. Lanak perfektua izan behar du: nire barre suharrak, gogotik eginikoak, ez du goizegi etorri behar, ezta beranduegi ere, momentu egokian etorri behar du. Gero, programaren arabera barrez lehertzen naiz, entzuleek nirekin batera orro egiten dute, eta grazia salbatuta. Ni, ordea, nekatuta joaten naiz aldagelara, berokia janzten dut, eta pozten nau behingoz lanaldia bukatu izanak. Askotan telegramak iristen zaizkit etxera «Zure barrea behar dugu urgentziaz. Grabaketa asteartean», eta ordu gutxiren buruan sekulako beroa egiten duen tren azkar batean esertzen naiz eta nire patua deitoratzen dut.

Edozeinek uler dezake lanaldia bukatutakoan eta oporretan nagoenean barre egiteko gogo gutxi izaten dudala: jezlea pozik dago behiak ahazten dituenean, igeltseroa zorionekoa morteroa ahaztu dezakeenean, eta arotzek gehienetan funtzionatzen ez duten ateak dituzte etxean, edo nekez irekitzen diren tiraderak. Gozogileek maite dituzte pepino garratzak, harakinek mazapana, eta okinak nahiago ditu hestebeteak ogia baino; toreroek maite dute usoekin jolastea, boxeolariak zurbildu egiten dira seme-alabei sudurretik odola darienean. Hori guztia ulertzen dut, izan ere, lanaldia bukatutakoan ez dut sekula barre egiten. Berriketa gutxiko pertsona naiz, eta jendeak ‒akaso arrazoiarekin‒ pesimistatzat hartzen nau.

Ezkontza ondorengo lehen urteetan emazteak askotan esaten zidan: «Egin ezazu barre!», baina denborak erakutsi dio ezin diodala desira hori bete. Zorionekoa naiz aurpegiko muskulu zurrunduak, nire arima nekatua seriotasun sakonaren bidez erlaxatu dezakedanean. Bai, besteen barreak ere urduritzen nau, nire lanbidea gehiegitxo gogorarazten baitit. Horregatik gara bikote lasaia, baketsua, emazteak ere barrea ahaztu duelako: noizean behin ezustean irribarretsu harrapatzen dut, eta orduan nik ere irribarre egiten dut. Baxu hitz egiten diogu elkarri, zeren gorroto dut varieteetako zarata, gorroto dut grabaketa estudioetan nagusitu daitekeen zarata. Ezagutzen ez nautenek pertsona itxitzat naukate. Agian hala naiz, gehiegitan ireki behar izaten baitut ahoa barre egiteko.

Zirkinik egin gabe ibiltzen naiz bizitzan zehar, noizean behin baino ez diot nire buruari baimena ematen irribarre goxo egiteko, eta askotan pentsatzen dut sekula gustura barre egin ote dudan. Nik uste ezetz. Nire anai-arrebek kontatzen dute beti izan naizela serioa.

Hortaz, hamaika modutara barre egiten dut, baina neure barre propioa ez dut ezagutzen.

Elixabet

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s