Kasualitatez iritsi zaigu esku artera Peter Stammen Blitzeis liburua, eta nolabaiteko kasualitatez itzuli dugu bertako kontakizun hau. Ea ba, zuek ere kasualitatez gure lana irakurtzeko parada duzuen.
NESKARIK POLITENA
Jatorrizkoa: Peter Stamm-en “Das schönste Mädchen”
Bost egun atsegin eta eguzkitsuren ostean, lainoak iritsi ziren irlara. Gauean euria egin zuen eta hurrengo goizean hamar gradu gutxiago zeuden. Arrezifean aurrera egin nuen, hego-mendebaldeko hareazko lautada zabalean barrena, jada lur deitu ezin zitzaion baina itsasoa izatera ere iristen ez zen eremura. Ez nuen ikusten ura non hasten zen, baina iruditzen zitzaidan lurraren kurbatura begi-bistan neukala. Noizbehinka beste ibiltariren baten oinatzekin gurutzatzen nintzen. Ez zen inor ikusten paisaiaren luze-zabalean. Alga-multzoak besterik ez ziren ageri han-hemenka, edo itsasoko urak jandako ohol belztuak lurrean. Itxuraz, norbaitek hitz bat marraztu zuen ortozik harea umelaren gainean. Idatzitakoaren ingurura gerturatu eta «ALIEN» irakurri nuen. Ordu erdi barru iristekoa zen ferri bat entzun nuen urrunean. Ni neu nintzen, bibrazio betiberdin hura gorputz osoarekin sentitzen nuelarik. Orduan, euria hasi zen, suabe eta ikusezin; euri-langarra zen, laino bat balitz bezala inguratzen ninduena. Buelta erdia eman eta itzuli egin nintzen.
Ni nintzen ostatuko bezero bakarra. Wyb Jan barruan zegoen eserita Annekerekin, bere neska-lagunarekin, eta tea edaten ari ziren. Gela itsasontzien maketaz beteta zegoen, Wyb Janen aita kapitaina izan baitzen. Annekek eurekin katilu bat te edateko gogorik ote nuen galdetu zidan. Nik hondarretan idatzita ikusitakoaz hitz egin nien.
—Alien— esan nien, —horrelaxe sentitu naiz ni ere arrezifean. Kanpotar, lurretik bota izan banindute bezala.
Wyb Janek barre egin zuen, eta Annekek erantzun egin zidan:
—Alien Holandako emakume-izena da. Eta Alien Post irlako neskarik politena.
—Zeu zara irlako neskarik politena— esan zion Wyb Janek, eta musu eman zion. Jarraian, sorbaldan kolpetxo bat eman zidan eta:
—Eguraldi honekin hobe da etxean gelditzea. Kanpoan erraz bihur zaitezke ero.
Sukaldera joan zen niretzako katilu baten bila. Itzultzean argia piztu eta zera esan zidan:
—Berogailu elektriko bat jarriko dizut logelan.
—Nork idatzi duen jakin nahiko nuke— hasi zen Anneke. —Zer esan nahi duzu, Alienek mutil-laguna aurkitu duela azkenean?
Ainhoa
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza