Bidaiari ilegala, Pepe Danquart-en film labur bat

Berbaratzatik, bereziki atsegin dugun Pepe Danquart zinemagilearen Schwarzfahrer film laburra elkarbanatu nahi izan dugu gure irakurle guztiekin. Film alemanak 1994an Oscar sari ospetsua jaso bazuen ere, zuetako askorentzat ezezaguna izango den susmoa dugu, eta beraz, euskaraz azpititulatzea erabaki dugu.

Danquart-en lanak Berlineko biztanle batek bere azalaren kolorea dela eta jasan behar dituen irainak kontatzen ditu, eta arrazakeriari kritika zorrotza egiten dio. Pantailan Senta Moira, Paul Outlaw, Stefan Merki eta Klaus Tilsner aktoreak aurkituko ditugu, baita 90eko hamarkada hasierako Berlineko paisaiak ere. Bada, Schwarzfahrer mezu indartsua igortzen duen zuri-beltzeko filma dugu.

Guk, itzulpen-saiakera xume honetan, Bidaiari ilegala izenburua eman diogu film laburrari, eta garrantzitsua iruditu zaigu gure hautuaren atzean dauden arrazoiak azaltzea. Dena den, gure itzulpenaren zergatia ulertzeko, komenigarria da lehenik filma ikustea. Alemanezko Schwarzfahrer hitzak garraio publiko batean txartelik gabe bidaiatzen duen pertsona bati egiten dio erreferentzia, eta schwarz (beltz) eta Fahrer (bidaiari) hitzek osaturiko hitz elkartua da. Beraz, alemanezko izenburuarekin hitz-joko bat sortzen da, bidaiari beltz bat baita film laburreko protagonista. Izenburua euskaratzeko momentuan bi arazorekin egin dugu topo: 1) ez dugu aurkitu Schwarzfahrer hitzaren euskarazko ordain zuzenik eta 2) ez dugu aurkitu azalaren koloreari aipamen egiten dion hitz-joko egokirik. Hala ere, argi ikusi dugu Schwarzfahrer izenburuaren atzean galdera inplizitu bat dagoela. Izan ere, nor da egiazki Schwarzfahrer edo “bidaiari beltz” hori: azal beltza duen bidaiaria edo txartelik gabe bidaiatzen duena? Galdera horri jarraituz, Bidaiari ilegala izenburua otu zaigu, horren atzean antzeko galdera bat planteatzen baita: zein da bidaiari ilegala? Gehienek ilegaltzat hartzen duten bidaiari beltza edo txartelik gabe bidaiatzen duen alemana? Egia da, bestalde, filmen izenburuak itzuli gabe uzteko joera zabaltzen ari dela azkenaldian, batez ere ingelesezko filmei dagokienez. Hala ere, gure kasuan ez zitzaigun aukerarik egokiena iruditu, alemanezko izenburuak arazo ezberdinak plantea diezazkiolako euskal ikusleari, adibidez, ahoskera-arazoak.

Itzulpen gogoetatxo horren ostean, espero dugu filma, zuei ere, guri bezainbeste gustatzea. Eta, era berean, espero dugu hemendik aurrera Berbaratzan Schwarzfahrer bezalako beste ikus-entzunezko interesgarri gehiago euskaratzea.

Maddalen

One thought on “Bidaiari ilegala, Pepe Danquart-en film labur bat

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s