Hil honetako berriei buruzko gogoeta

E R R E K A R R I A K

—Aizu! Zer zabiltza? Presaka ibiltzeak ez dio inori onik egiten. Ez al duzu oraindik ikasi? Min egin didazu —oihukatu du potoloak.

—Barkatu! Ez zen nire intentzioa min egitea —erantzun dio etorri berriak zalapartatsu.

—Noski… Hori esaten dute denek —ostera ere protestaka.

—Azkenaldian erreka jenio biziz dabil, eta arrastan ekarri nau honaino. Ubeldurak ditut alde guztietan. Ai! Non ote da nire gaztetako edertasuna….

—Aspaldi galdu hituen ertz eta kurba politak, bai! —hirugarren bat hurbildu zaie, adinean sartu xamarra— Eta hi, txikito, protesta gutxiago. Hi ere berria haiz hemen. Etorritakoan ez zian inork esan ospa egiteko, ezta? Orduan, isildu hadi!

—Ni berria? —harriduraz potoloak—. Hilabete izango da dagoeneko hemendik mugitu ez naizela-eta! Gezurrik ez niri, bale? —esan du harro puntu batez.

—Denontzat lekua zagok hemen —gehitu du zaharrenak serio-serio.

—Baina, baina, posible ote da? —ezin sinetsirik etorri berriak— Gazteena izango naiz, berriena ere. Baina bada hemen nahikoa toki gu guztiontzat. Ez dago kolore eta jatorri aniztasuna bezalakorik!

irotoshi itoh

Irudia: Irotoshi Itoh

2015-01-21

Hil honetako berriei buruzko gogoeta

Denbora tarteak ez du pertsona bat bertakoago bihurtzen, ezta koloreak ere. Gizartean guztiontzat lekua dago, izan koloregabe, koloredun, ateo, sinestun, gazte edo heldu, bata bestearekiko errespetuz jokatzen badugu, betiere. Adimenik izan ez arren, errekarriek ere lekua egiten diete elkarri. Baina bada adimen gutxiagokorik, eta ikusi besterik ez dago zer nolako berriak izan ditugun azkenaldian.

Frantziako erasoak ipar hemisferioa paralizatu zuen 2015eko urtarrilaren 7an, sinesgaitza egiten baitzaigu Paris erdi-erdian 12 lagun tiroz hiltzea. Charlie Hebdo aldizkariaren egoitzan gertatutakoa hizpide izan dugu, gutako asko kalera irten dira protesta egitera, gizarte anitz, tolerante, solidario, inklusibo eta errespetuzko bat aldarrikatzeko asmoz. Bien bitartean, dozenaka hiltzen dituzte Nigerian eraso bakoitzeko, bata bestearen atzetik, baina ez dirudi Boko Haram talde islamistaren indarkeria hainbeste axola zaigunik, halako sarraskiak salatzeko mugimendu gutxi egon baita orain arte gure artean. Balio bera ote du bizitzak toki guztietan?

Kontuak kontu, bazterrak nahastu dira Europan azken egunotan. Alemanian, esaterako, eszenatokira pasatu da PEGIDA mugimendu politikoa, hots, mendebaldearen islamizazioaren aurkako europar patriotikoak. Astelehenean, urtarrilaren 19an, bertan behera geratu zen Dresden hirian ospatu nahi zuten manifestazioa, eraso terrorista baten arriskua zela-eta. Baina PEGIDAkoek asmoa dute datorren astelehenean enegarren aldiz xenofobia agerian uzteko, Saxoniako hiriburuko kaleetara irtetekoak baitira. Horren erreakzio gisa, hainbat mugimendu egon ziren pasa den astelehen iluntzean Alemaniako 15 hiritan gutxienez ‒Munichekoa izan zen jendetsuena‒, eta guztira 45.000 lagun inguruk parte hartu zuten herrialde osoan. Aldarria: gizarte irekiago eta toleranteago bat. Hala izan dadila.

Munich koloretsua da

Hainbat lagun «Munich koloretsua da» lelopean.

Elixabet

 

Iturriak:

http://www.eitb.eus/eu/albisteak/mundua/osoa/2869668/boko-haram-nigeria–16-hildako-azoka-batean-izandako-merkatu-batean/

http://www.sueddeutsche.de/muenchen/protest-gegen-pegida-in-muenchen-nein-nein-nein-und-nochmals-nein-1.2312315

http://www.mdr.de/sachsen-anhalt/magida-pegida-magdeburg100_zc-a2551f81_zs-ae30b3e4.html

http://www.t-online.de/nachrichten/deutschland/id_72558228/demonstrationsverbot-pegida-bleibt-ausserhalb-dresdens-schwach.html

One thought on “Hil honetako berriei buruzko gogoeta

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s