MARSEILLAKO EUSKAL ETXEAREN JAIOTZA, NAZIOARTEKO EUSKARAREN EGUNEAN
Marseillan bizi eta proiektu berri hau gertutik ezagutzeko aukera dudala, hemen ere tarte bat egitea aproposa iruditu zait. Izan ere, Euskal Etxeek mundu osoan duten garrantzia izugarria da, euskaldunak batzeko lekua izateaz gain, gure kultura beste batzuekin elkarbanatzeko tokiak baitira. Baliteke ezagunena Idahoko Euskal Etxea izatea, baina beste 187 Euskal Etxe ofizial daude sakabanatuta munduan, eta horrez gain, ofizialtasunik lortu ez duten beste hainbat elkarte. Bertan, euskara ikasi nahi duten hainbat pertsona aurki ditzakegu, autodidakta asko ere haien artean. Horren harira, pasa den asteburuan ezagutzeko aukera izan nuen Christel Poquet, euskara telefonoz ikasi duen emakumea. Egia esan, guztiz harrituta geratu nintzen, euskaraz ederto mintzatzen baitzen. Duela lau urte hasi zen euskara ikasten, bere kontura, eta ikasitakoa praktikan jartzeko, Euskal Herrian zuen lagun batekin telefonoz hitz egiten zuen. Orain, aldiz, ikasitakoa beste batzuei irakasteko prest dago, helburu bat izan, eta hura bete!
Gaurkoan Euskal Etxe zein edozein euskaldun elkartek egiten duten lan izugarria azpimarra gura nuke, hortaz, euskal diasporan Marseillako Euskal Etxearen sorkuntzari buruz idatzitako artikulua itzuli dut eta horren bidez aurkezten dizuet milaka euskaldunek egiten duten lanaren zatitxo bat:
Urtero, 1949tik mundu osoko euskaldunok abenduaren 3an ospatzen dugu Euskararen nazioarteko eguna, eta horregatik erabaki zuten Marseillako euskaldunek aspaldi pentsatuta zeukaten proiektu bat aurrera eramatea… euskal etxe bat sortzea.
Gaur egun, 3 euskal etxe ofizial daude Frantzian, bata Pau-n, Lagunt eta Maita, beste bat Bordelen, Euskaldunen Biltzarra eta azkenik, beste bat Parisen, Pariseko Euskal Etxea.
Dena den, lurralde hexagonalean beste euskal elkarte asko daude (Euskal Herrikoak kontuan hartu gabe, noski), eta ez litzateke harrigarria izan beharko Marseillan bat aurkitzea, Frantziako bigarren hiririk handiena izanik. Horrez gain, euskal gazte asko erakartzen dituen ospe handiko unibertsitateak daude bertan, eta baita pilota elkarte bat (Marseillen Pilota) eta euskal jatetxe bat, Zappi Gorria Burgers. Gainera, bestela ere euskaldun ugari bizi dira Marseillan, beraz, euskal etxea sortzeko arrazoiak nahikoa eta gehiago dira.
Marseillari buruz ari bagara ere, Bouches de Rhône eta PACA eskualde osoari egin nahi diogu erreferenzia, eta hortaz, Frantziako ekialdeko euskal etxea litzateke gurea, Mediterraneora zabaltzen den bigarren atea, Bartzelonako Euskal Etxea eta gero.
Historian zehar, portuak nabigatzaile, kortsario eta euskaldun ospetsu asko erakarri ditu, ondorioz, Marseilla eta eskualdea orokorrean Euskal Herriak berton duen garrantzia nabarmentzeko leku aproposak dira, eta aldi berean, .
Horrenbestez, Marseillako Euskal Etxea elkartea osatzen duten kontseiluko kideak pasa den abenduaren 3an batu ziren haien sedean (Zappi Gorria Burgers) abentura berriari hasiera emateko.
Kideen artean Marseillen Pilota elkarteko batzuk aurki baditzakegu ere, proiektu hau beste pertsona batzuk elkar ezagutzeko aukera ere izan da, Gexan Ahamendaburu eta Kristel Poquet sortzaileak, besteak beste, eta baita beste asko ere.
Hasi berri den 2015 honetako helburu nagusia Euskal Etxe ofizial bihurtzea da, Euskal Gobernuak onespena eman eta munduko 188garren euskal etxea bihurtzea.
http://8probintziak.com/marseillako_euskal_etxea/
Maite
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza