M u g a z a i n a
Fernand Reynaud
Ni ez naiz tuntuna, ez, mugazaina naiz, atzerritarrak ez zaizkit gustatzen. Frantseson ogia jatera etortzen dira. Ba bai, kuriosoa da, ogibidez mugazaina naiz eta atzerritarrak ez zaizkit gustatzen. Atzerritar bat datorrela ikusten dudanean, eta ogia jaten ari dela, esaten dut «ogi hori neurea da»; izan ere, frantsesa naiz, eta haiek ogi frantsesa jaten dute. Hortaz, ogi hori nirea da, nirea, bai. Niri ez zaizkit atzerritarrak gustatzen, zeren, ni neu, frantsesa naiz eta harro nago frantsesa izateaz! Nere abizena Koularkerstensky da amaren aldetik, eta Piazano Venditti aitaren lagun baten aldetik! Esan dizuet, bada, frantsesa naizela! Ez zaizkit atzerritarrak gustatzen. Frantseson ogia jatera etortzen dira.
Herrian atzerritar bat bizi da. Orduan, badatorrela ikustean, honela esan ohi dugu: «hara hor, begira». Hatzaz seinalatzen dugu objektu bat balitz bezala; frantseson ogia jatera etortzen dira. Haren emaztea pasatzen denean, burumakur, seme-alabak alboan dituela, horiek ere burumakur, esaten dugu «begira hango horiek. Horiek atzerritarrak dira. Frantseson ogia jatera etortzen dira».
Pasa den igandean, nire herrian, hamarretako mezaren irteeran ‒pareko kafetegian egin nuen nik jaunartzea‒, atzerritarra zegoen, nirekin hitz egin nahian. Nik, ordea, beste afera batzuk nituen egiteko, pentsa ezazue, atzerritar batekin hitz egitea baino! Zaldi karreran apustu egin behar nuen. Kontuak kontu, handia naizenez, goitik entzun behar izan nion. Honela esan zidan: «Ez al duzu uste garai honetan, 1972an, zentzugabe xamarra dela zenbait pertsona atzerritar gisa tratatzea? Guztiok berdinak gara. Horixe da bihotzez sentitzen dudana, esan nahi nizuna, mugazain jauna. Zu, funtzionarioa eta oso garrantzitsua zaren hori, zu, legearen babesa duzun hori. Guztiok berdinak gara, froga daiteke. Zirujau batek bihotzeko operazio bat egiten duenean, izan Lurmutur Hirian, Ginebran, Washingtonen, Moskun edo Pekinen, modu berean egiten du. Guztiok berdinak gara.». Ai! Ergela! Halako zozokeriak esateko eragotzi behar izatea ere! Ez ninduen bakean utzi, tuntun hutsak dira atzerritar horiek! Frantseson ogia jatera etortzen dira!
Hauxe esan zidan: «Ezagutzen al duzu arrazaren bat edo amaren bat bere haurra beste arraza batek baino gutxiago edo gehiago maite duena?». Hara, ez nion tutik ere ulertu. Ondorioztatu nuen tuntuna zela. Izan ere, norbaitek zerbait esan eta besteak esan nahi zuena ulertzen ez duenean, tuntun hutsa da, eta, ni neu, ezin naiz tuntuna izan, mugazaina naiz. «Ospa hemendik, atzerritarra!» oihukatu nion.
Eta erantzun zidan: «Nazka-nazka eginda nago. Zuen arraza eta bere noblezia.». Hartu zituen emaztea, maleta, bere haurrak. Barku batean sartu ziren, itsasoz bestalde urrutira joateko. Eta, egun hartaz geroztik, gure herrian, ez dugu ogirik jaten… Okina baitzen.
Duela egun gutxi izan nuen lehenbizikoz Fernand Raynauden berri, eta merezi izan zuen, «Le Douanier» irakurtzean ezin izan bainion barreari eutsi. Nahiago izan dut frantsesaren ironia eta umorea idatziz euskarara ekarri, hala ezagutu nuelako frantsesez ere. Baina, izatez, ahozko testua da ‒horrexegatik dauka testuak ahozko kutsua‒, artista komikoa baitzen Raynaud. Nahi duenak hemen entzun dezake jatorrizko testua frantsesez.
Hamaika eszenatokitan ibilitako gizona Clermont-Ferrand hirian sortu zen 1926an, eta 1973an hil zen auto istripuz. Telebistan ez ezik, kantuan eta zineman ibilitakoa da, eta telebistari esker ezagun egin zen Frantzia osoan. Eguneroko egoerak oinarri hartuta, frantsesei buruzko bakarrizketa xelebreak kontatzen zituen. Hortaz, barre egitea gustatzen zaigunok aurrerantzean gogoan izan beharreko artista, zalantzarik gabe.
Elixabet
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza