Alfonsina Storni. Bi poema.

Bizi izan zuen haurtzaroarengatik, agian, edota lanean hain gazte hasi izanagatik. Beharbada ama ezkongabea izatea da beste arrazoietako bat. Inguratzen zuen gizarte atzerakoi, patriarkal eta hipokrita baten eragina izan zen, akaso, edo, baliteke bularreko minbiziak pasarazi zizkion momentu latzak izatea.

Kontua da Alfonsina Stornik (Sala Capriasca, Suitza, 1892 – Mar del Plata, Argentina, 1938) bere garaiko gizartean errotutako pentsaeratik urruntzen zen poesia idatzi zuela. Storniren poesian borrokarako grina antzematen da, garaiko pentsamoldearekin apurtzeko nahia. Poema askotan emakumearen askapenerako deia egiten du idazleak, eta emakumearen feminitatea eta sexualitatea aldarrikatzen ditu. Storniren ustez beharrezkoa da emakumeak subjektu aktiboaren rola izatea maitasun harremanetan, eta ez, ordura arte bezala, inolako ahalmenik ez izatea. Hori gutxi balitz, ideia zehatz batzuk aldarrikatu, eta ideia horiekiko leialtasuna eta konpromisoa erakutsi zuen bizitzan zehar, hitzetatik ekintzetara igaroz. Horren guztiaren adibide dira gaur dakarzkizuegun bi poema: Moderna eta Erosentzat. Gozatu!

storni

M O D E R N A

Alfonbra berdean dantzatuko naiz,

kristal zolian izan gertu ardoa,

urrezko likorea gure ahoan,

gauaren freskura ospatzeko garaiz.

Lur garbia legez dantzatuko naiz,

garbia izanagatik ez lotsakorra,

adorea dudala erakusten du maiz.

Dena ahantzi dezazun ariko naiz dantzari,

Zu liluratzea da nire gurari

Venus zeruan agerrarazi arte.

Baina badut zuri ezkutatzekorik,

garai pobre honetan ez dut federik

ni naiz nire estalkien jabe.

 

 

E R O S E N T Z A T

Itsasertzean atzeman zintudan,

lepotik, zure zorroko geziekin

mindu nahi ninduzun eta lurrean

zure lore-koroa sumatu nuen.

Panpin-erraiak atera nizkizun,

engainuzko gurpilak aztertu ere

eta urrezko txirriketan bildurik

tranpa batek hau zioen: sexua.

Itsasoan, erabat zarpaildurik,

eki begi-luzea aurkeztu nizun

sirena ikaratuen aurrean.

Malda albinoan gora ilargia,

ama besoetako iruzurtia,

olatu artera bota zintudanean.

Maddalen

2 thoughts on “Alfonsina Storni. Bi poema.

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

  2. Pingback-a: Storniren arkatza. | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s