Wolfgang Borchert. Orduan, aukera bakarra daukazu!

Ez da Berbaratzan gerraren inguruko testu bat itzultzen dugun lehen aldia. Bada, bizileku dugun mundu inperfektu honen egoera eta gerrak egunerokotasunaren zati bihurtu direla ikusirik, ezinezkoa litzateke gaia aintzat ez hartzea. Gaurkoan Wolfgang Borchertek 1945 inguruan idatzitako manifestu bat dakarkizuegu. Hanburgoko idazleak inork baino hobeto jakin zuen gerra zer den, behin baino gehiagotan bidali baitzuten frontean borrokatzera. Orduan, aukera bakarra daukazu! idatzian gerrari bizkarra emateko deia egiten du Borchertek «Esan EZETZ!» aldarria behin eta berriz errepikatuz. Gehiegi luzatu gabe, testua irakurtzeko gonbita luzatzen dizuegu.

gerra

Orduan, aukera bakarra daukazu!

Zu. Makinako gizon eta lantegiko gizon. Bihar agintzen badizute ur-hodiak eta eltzeak egin beharrean, altzairuzko kaskoak eta metrailadoreak egiteko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Dendako neska eta bulegoko neska. Bihar agintzen badizute granadak betetzeko eta frankotiratzaileen fusilentzako mira teleskopikoak muntatzeko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Fabrikaren jabe. Bihar agintzen badizute, kosmetiko- eta kakao-hautsen ordez, bolbora saltzeko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Laborategiko ikertzaile. Bihar agintzen badizute orain arteko bizitzarekin bukatuko duen herio berri bat asmatzeko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Zure gelan zauden olerkigile. Bihar agintzen badizute maitasun-olerkiak abestu beharrean, gorroto-olerkiak abesteko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Gaixoaren ohe ondoko sendagile. Bihar agintzen badizute gizonak gerrarako gauza direla ebazteko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Pulpituko apaiz. Bihar agintzen badizute erailketa bedeinkatzeko eta gerra kanonizatzeko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Baporeko kapitain. Bihar agintzen badizute, garia beharrean, kanoiak eta tankeak garraiatzeko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Hegazkin-zelaiko pilotu. Bihar agintzen badizute hirien gainetik bonbak eta fosforoa garraiatzeko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Mahaian lanean zauden jostun. Bihar agintzen badizute uniformeak ebakitzeko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Togadun epaile. Bihar agintzen badizute gerra-kontseilura joateko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Tren-geltokiko gizon. Bihar agintzen badizute muniziodun trenari eta tropak daramatzanari irteera-seinalea emateko, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Herriko gizon eta hiriko gizon. Bihar etortzen badira eta soldadutzara deitzen bazaituzte, orduan, aukera bakarra daukazu:

Esan EZETZ!

Zu. Normandiako ama eta Ukrainako ama; zu, Friskoko eta Londresko ama; zu, Hoang Ho-ko eta Mississippiko ama; zu, Nepal eta Hamburgoko eta Kairo eta Osloko ama; munduko txoko guztietako amok, mundu osoko amok, bihar agintzen badizuete erditzeko, ospitale militarretarako erizainak eta gerra berrietarako soldaduak sortzeko, mundu osoko amok, aukera bakarra daukazue:

Esan EZETZ! Amok, esan EZETZ!

Zeren, ez baduzue EZETZ esaten, ZUEK ez baduzue ezetz esaten, amak, orduan, orduan:

Itsasontzi handiak minaren minez isilduko dira lurrin-lainoz estalitako portu-hiri zaratatsuetan, eta uretan dagoen gorpu batek bezain astiro, uhinak eratuko dituzte portuko harresi hil eta bakartien aurka, mamut-gorpu erraldoiak nola, alga, gorbel eta maskorrez estaliak; behinola distiratsu eta burrunbatsu izandako gorpua, arrain ustelen hilerri-kiratsa dariola, higatua, ahula, hila.

Tranbiek, alanbre eta errailen altzairu-eskeletoen ondoan bukatuko dute, kristalezko begidun kaiola zentzugabe ilunak nola, dohakabeki maspilduak eta margoa altxaturik, teilatuan zuloak dituzten estalpe ustelduen atzean, kraterrek suntsitutako kale galduetan.

Isiltasun gris, trinko, berunkara bat iraulkatuko da, aseezin, handiagotuz; areagotzen joango da eskoletan eta unibertsitateetan eta antzokietan, kirol-zelai eta jolastokietan, modu lazgarri eta suntsikorrean ezin gelditurik.

Ardo alai eta gozoa hondatuko da mendi-hegalean, arroza lehortuko da lur idorrean, patata izoztuko da landu gabeko soroetan, eta behiek beren hanka bizigabe zurrunak luzatuko dituzte zerurantz, iraulitako aulkiak nola.

Mediku aparten aurkikuntza bikainak garraztu, usteldu, onddoz bete eta lizunduko dira institutuetan.

Azken irin-zakuak, azken marrubi-potoak, kalabaza eta gerezi-zukua hondatuko dira sukalde, despentsa, soto, biltegi nahiz ganbaretan.  Ogia berdetuko da mahai iraulien azpian nahiz plater puskatuetan, eta gurin ustelaren kiratsa nagusituko da, xaboi kirasdunaren antzera; soroetako garauak ernamuindu gabe jarraituko du golde herdoilduen ondoan, armada akituaren eta kea darien adreiluzko tximinien antzera; txikitutako fabriken kebide eta tximiniak, belar amaigabearen azpian, suntsitu egingo dira, suntsitu, suntsitu.

Orduan, azken pertsona ibiliko da noraezean, hesteak birrindurik eta birikak ahiturik, eguzki kiskalgarri eta pozoitsuaren zein izar ñirñirkarien azpian, erantzunik gabe eta bakarrik, hobi komun ikaragarrien eta porlanezko hiri erraldoi eta hutsen jainko hotzen artean, bakarrik; azken pertsona, argal, ero, irainka eta kexuka. Eta haren aiene izugarria: ZERGATIK? inork entzun gabe desagertuko da estepan, hondakin lehertuen artetik hegaldatuko da, elizen hondarretan galduko da, bunker garaien aurka joko du, odol-putzuetara eroriko da, inork entzun gabe, erantzunik gabe, animalia gisako azken pertsonaren azken animalia-oihua.

Hau guztia egi bihurtuko da, bihar, agian bihar, agian gaur gauean bertan, agian gaur gauean, baldin eta, baldin eta, baldin eta ez baduzue EZETZ esaten.

Maddalen

One thought on “Wolfgang Borchert. Orduan, aukera bakarra daukazu!

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s