Ez itzali argia

EZ ITZALI ARGIA

Ezer baino lehen, argi utzi nahi dugu ez zenuketela ondorengo posta irakurri beharko segidan lotara joatekoak bazarete, eleberri beltz honek amesgaiztoak sor baititzake. Dena den, proposatutako “Ez itzali argia” (N’eteins pas la lumière) liburuak harrapatu egingo zaituzte irakurtzen hasi orduko, zuek ere hiltzailearen atzetik ibiliko zarete, biktimaren sentimenduak ulertuko dituzue; gorputzeko ile guztiak tente jarriko dizkizue istorio honek, eta, ondorioz, adrenalina sentitzeko gogoagatik, agian gauez ere irakurri nahiko duzue,baina ez esan ez dizuegunik abisatu…

Bernard Minier idazle frantsesaren hirugarren eleberria da, aurreko biak, “Glacé” eta “Le Cercle” dira, eta bai batak zein besteak izugarrizko arrakasta izan dute. Izan ere, lehenengoa hamabi hizkuntzatara itzuli da dagoeneko. Frantziako Pirineotako Montréjeau hirian jaio zen Minier, eta, 54 urte izan arren, duela lau urte argitaratu zuen lehen eleberria (“Glacé” deritzona) eta ez lehenago, zeren lehenago eleberriren bat idatzi zuen arren, ez da lan horretan jardun duela gutxi arte.

Gaur aurkezten dizuegun pasartea “Ez itzali argia” eleberriaren sarrera da. Liburu horrek emakume baten istorioa kontatzen du, Gabonetan gutun bitxi bat jasotzen duen Christine Steinmeyer-en istorioa. Gutun hori jaso ondoren, mehatxuak, erasoak, eta are gehiago jasaten hasten da, eta badirudi lagun diezaiokeen bakarra Martin Servaz delako gizon bat izango dela. Ondorengo pasartean aurkeztuko dizuegu Servaz, liburuko pertsonai nagusietako bat da, eta, esan bezala, Steinmeyerren sufrimendua arintzen lagundu dezakeen bakarra.

Sarrera

 Bialowiezako basoa, Polonia eta Bielorrusia arteko muga

Basoaren bihotzean zebilen Servaz. Elurraren eta ekaitzaren kontra. Hotz handia zuen, bere hortzen karraska entzun zitekeen. Izotz zatiak eransten zitzaizkion bekain eta betileetan; elurra itsasten zitzaion soinean zeramatzan eskiatzeko berokian eta bustitako artilezko txanoan. Rex-ek ere elur geruzan aurrera egiteko zailtasunak zituen, egiten zuen salto bakoitzean ia leporaino hondoratzen baitzen. Animaliak etengabe egiten zuen zaunka, desadostasuna adierazteko, noski, eta oihartzunak haren zaunkak itzularazten zituen. Noizean behin, gelditu egiten zen gorputza astintzeko, uretatik aterako balitz bezala, eta, hori egitean, izotz-orratzez osatutako elur-laino moduko bat sortzen zen bere ilaje hori-beltzaren inguruan. Hanka mehe eta gihartsuek oinatz sakonak uzten zituzten mihise zurian, sabelak arrasto kurbatua uzten zuen azalean, plastikozko lera txiki baten antzera.

Iluntzen ari zen. Haizea jotzen hasi zen. Non zegoen neska? Non zegoen txabola? Gelditu eta arnasa hartu zuen. Arnasestuka zebilen, arnas zakarra ateratzen zitzaion biriketatik, bizkarra izerdiz bustita zuen eskiatzeko berokiaren eta jertsearen azpian. Basoak izaki bizidun bat zirudien; elurrez betetako adarrak haizearekin mugitzen ziren, eta elkarren kontra talka egitean ateratzen zuten hotsa entzun zitekeen, lurrazala hotzagatik pitzatzen zeneko zarata, haizearen marmarra, batzuetan belarrietan izugarri putz egiten ziona, hurbil zegoen erreka baten harrabotsa, oraindik guztiz izoztu gabekoa. Eta, horrez gain, bere pausuen karraska leuna, aurrerapenaren erritmoa jartzen zuena, belaunak altxatu behar zituen elurretan berriz hondoratzeko. Eta hotza. Jainko maitea! A ze nolako hotza egiten zuen! Ez zuen bizi osoan horrelako hotzik sentitu.

Zerbait antzeman zuen ilunabar gris hartan, begietan sartzen zitzaizkion elur-maluten artean, zerbait zegoen aurrean, elurretan. Isla metalikoak, metalezko bi uztai…Zepo bat… Forma ilun bat zegoen harrapatuta altzairuzko baraila haien artean.

Segundo batzuez, identifikatu ezin zuen ondoeza sentitu zuen: aurrean zuena ez zen beste edozein izaki bizidunen modukoa. Hura irentsia, zatikatua eta txikitua izan zen. Ileekin nahasitako odol likatsuz zikinduta zegoen zepoaren inguruko elurra. Izotzezko geruza batez estalitako hezur txikiak eta errai arrosak ere bazeuden.

Zepoari begira zegoen oraindik garrasia entzun zuenean, gorputz osoan sentitu zuen. Ez zuen halako oihurik inoiz entzun; hain beldurgarria, mingarria, sufrimendu jasangaitza adierazten zuena. Gizaki bat ez zen horrelako soinu bat igortzeko gai. Basoaren erditik zetorren hotsa, eskuinetara bere aurrean. Ez zegoen urrun… Bihotza gelditu zitzaion oihuak gaueko airea berriz zeharkatu zuenean, eta gorputzeko ile guztiak tente jarri zitzaizkion aldi berean. Gero garrasia desagertu egin zen ilunabarrean, poloko haizeak eraman zuen.

Momentu batean, isiltasuna ostera gailendu zela zirudien. Baina, ondoren, beste oihu batzuk entzun ziren, baxuagoak, urrunagokoak, lehengokoen oihartzuna balira bezala: eskuinean, ezkerrean, leku guztietan; iluntasunak hartutako basotik zetozen. Otsoak… Dardara batek zeharkatu zion gorputza, garondotik behatzetaraino. Martxan jarri zen berriro, belaunak lehen baino indar gehiagorekin altxatuz, energia handiarekin, oihua entzun zuen lekurantz zuzendu zen. Orduan ikusi zuen. Txabola. Haren silueta iluna, zuhaitzek osatutako bidearen bukaeran. Korrika egin zituen izotzez estalitako bidearen azken metroak. Rexek zerbait entzun zuela zirudien, saltoka eta zaunka ari baitzen.

‒Itxaron, Rex! Etorri hona, Rex! REX!

Baina alemaniar artzain-txakurra sartua zen jada elurraren ondorioz erdi zabalik zegoen atetik. Ezohiko lasaitasuna zegoen argigunean. Lehengoa baino ulu indartsuagoa entzun zen, basoaren barrutik zetorren eta ulu-kontzertu batek erantzun zion: eztarriko oihartzunak, bata besteari deika. Gero eta hurbilago. Oztopoa modu baldar samarrean gainditu eta txabolan sartu zen Servaz. Sartzean barrua argitzen zuen lanpararen dirdira ikusi zuen.

Buelta eman zuen. Geldirik geratu zen. Izotzezko orratz batek zeharkatu zion burmuina.

Begiak itxi zituen. Berriz zabaldu zituen.

Ez da posible. Ezin da benetakoa izan. Ametsetan ari naiz. Amets bat baino ezin da izan.

Ikusten zuena Marianne zen. Biluzik zegoen mahai gainean, txabolaren erdian. Haren gorpua oraindik bero zegoen, aire beroa zeriolako literalki izoztutako airean. Hirtmann ezin zitekeela urrun egon pentsatu zuen. Haren atzetik joatea burutik pasatu zitzaion momentu batean. Baina gorputz osoa dardarka zuela konturatu zen, amildegi ertzean zegoela ohartu zen, konortea galdu edo erortzeko zorian. Sinkope bat jasateko zorian. Pausu bat eman zuen. Beste bat. Begiratzera derrigortu zuen bere burua. Marianneren gorputz-enborra irekita zegoen, lepotik izterrondoraino; zirudienez, bizirik zegoela egindako ebakia zen, odol asko galdu baitzuen. Gorputz-enborra odolez beteta zegoen alboetan, gorpua ezarrita zegoen egurrezko mahaia eta lurreko oholak ere oraindik beroa zerion odol lodiz estalita zeuden. Hiltzaileak kutxa torazikoa eta azala banandu zituen gorantz tiratuz. Organoak ukitu gabe zeudela zirudien, bakarra falta zen… Bihotza… Hirtmannek Marianneren pubisaren gainean kontu handiz ezarri zuen alde egin aurretik. Bihotza gainontzekoa baino beroago zegoen, Servazek haren lurrun zuria ikusten zuen txabolako giro izoztuan. Harrituta zegoen ez zuelako inolako goragale edo nazkarik sentitzen. Zerbait oker zegoen. Irudi horren aurrean botaka egin beharko zukeen, barruan zuen guztia atera. Negar egin beharko zukeen. Oihu egin. Harridura bitxi batek hartu zuen bere gorputza. Momentu horretan egin zuen orro Rexek, haginak erakutsiz. Servazek animaliari begiratu zion. Txakurrak ile guztiak tente zituen eta erdizka irekitako atera begira ari zen. Mehatxati eta beldurtuta.

Hotz handia sentitu zuen Servazek.

Atera hurbildu zen. Kanpora begiratu zuen.

Han zeuden. Argigunean. Txabola inguratzen zuten. Zortzi kontatu zituen. Zortzi otso. Argalak eta gosetuak.

Marianne…

Maite

One thought on “Ez itzali argia

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s