Pasadizoa lanaren morala gutxitzeaz

Heinrich BöllAurtengo maiatzaren lehena ere iritsi da, eta, horrekin batera, Nazioarteko Langileen Eguna. Langileen eskubideak aldarrikatu eta horren alde borrokatzeko eguna dugu, 1866an Chicagon egindako manifestazioko hildakoen eta atxilotuen omenez ospatzen dena. Heinrich Böllek 1963ko egun seinalatu horren harira idatzitako testu bat dakarkizuegu Berbaratzara: Anekdote zur Senkung der Arbeitsmoral. Itxuraz kontakizun laburra eta sinplea dirudien arren, paradoxaz eta kontrastez josita dago. Böllek oso errotuta dagoen bizimodu baten absurdotasuna erakutsi nahi izan zuen, lanean oinarritzen den bizitzarena, hain zuzen. Tonu jostariz eta ironikoz deskribatzen du gizartean lanarengan eta ekonomiarengan dagoen pasio itsua.

Irakurlearentzat hausnarketatxoa: bizitzeko egiten dugu lan, edo lan egiteko bizi gara?

Pasadizoa lanaren morala gutxitzeaz

Heinrich Böll

Europa mendebaldeko itsasertz bateko kaian arropa xumez jantzitako gizon bat dago bere arrantzontzian lo-kuluxkan. Apain jantzitako turista batek kolorezko erroilu berria jarri dio bere argazki-kamerari, ikuspegi idilikoaren argazkia egiteko asmoz: zeru urdina, gandor zuridun olatu bareak itsaso berdean, txalupa beltza, arrantzalearen txano gorria. Klik. Eta berriro: klik. Eta gauza onak hirunaka datozenez, eta betiere hobe denez ziurtatzea, hirugarrenez: klik.

Zarata baxu baina ia deabru horrek lozorrotik atera du arrantzalea, loguraz zutitu da eta loguraz joan da zigarro paketea hartzera; baina bilatu nahi zuena bilatu aurretik, turista grinatsuak beste pakete bat jarri dio mutur aurrean, ez dio zigarroa ahoan ipini baina eskura eman dio eta laugarren aldiz klik egin du txiskeroak, presazko adeitasun-keinu batekin amaituz. Adeitasun  ia  neurgaitz, frogaezin eta arin hori dela eta, une desatsegina sortu da, zeina turistak —herrialdeko hizkuntzarekin abila izaki— hizketaldi batekin gainditu nahi izan duen.

—Arrantza ona izango duzu gaurkoa.

Burua mugitu du arrantzaleak.

—Gainera esan didate eguraldi ona izango dugula.

Arrantzaleak buruarekin baietz.

—Orduan, ez zara itsasoratuko?

Burua mugituz arrantzalea; gero eta urduriago turista. Arropa xumez jantzitako gizonaren ongizatea bihotzaren barreneraino sentitzen du, arrantzarako galdu duen aukerak sortzen dion tristura azaldu dio.

—Ai, ez al zaude ondo?

Azkenean, arrantzaleak keinuak alde batera utzi eta hitzezko hizkuntza hartu du bitartekotzat.

—Ezin hobeto nago —esan dio—. Inoiz ez naiz hain ondo sentitu —zutitu egin da eta luzatu, bere atleta-gorputza erakutsi nahi balio bezala—. Primeran sentitzen naiz.

Turistaren aurpegiera gero eta goibelagoa da, ezin dio eutsi taupadak aztoratzen dizkion galderari:

—Baina orduan zergatik ez zoaz itsasora?

Argi eta garbi  erantzun dio:

—Gaur goizean joan naizelako.

—Eta zer moduzko arrantza izan da?

—Hain izan da ona, ez daukat berriz beste behin ere itsasoratu beharrik, lau otarrain jaso ditut saskian, ia bi dozena berdel…

Arrantzaleak, azkenean itzarrik eta hitz-jario ugariagoarekin, kolpetxo lasaigarriak eman dizkio sorbaldan turistari. Haren aurpegi kezkatua lekuz kanpoko larritasun-keinu bitxia iruditu zaio.

—Nahikoa daukat biharko eta etzirako —esan du, kanpotarraren arima lasaitze aldera—. Nireetako bat erretzerik nahi?

—Bai, eskerrik asko.

Zigarroak ahoratu dituzte, eta bosgarren aldiz klik; kanpotarra txaluparen ertzean eseri da burua mugituz, kamera alde batera utzi du, orain bi eskuak behar baititu bere hizketaldiari indarra emateko.

—Ez dut zure kontuetan muturra sartu nahi —hasi da—, baina gaur beste behin, birritan edo hiru aldiz arrantzara joan izan bazina, agian hiru, lau, bost edo baliteke hamar dozena berdel arrantzatzea… imajinatu.

Arrantzaleak buruarekin baietz egin dio.

—Eta ez gaur bakarrik. Bihar, etzi eta egun on guztietan hiruzpalau aldiz arrantzara joanez gero, badakizu zer gertatuko litzatekeen?

Arrantzaleak burua mugitu du.

—Asko jota urtebetean moto bat erosi ahalko zenuke, bi urtean bigarren txalupa bat, hiru edo lau urtean kuter bat lortuko zenuke agian; eta bi txalupekin edo kuterrarekin askoz gehiago arrantzatuko zenuke. Egunen batean bi kuterren jabe izango zinateke, eta… —emozioak mutu utzi du segundo pare batez— hozkailu-biltegi bat eraikiko zenuke, eta agian ketzeko sistema bat, eta gerora marinatze-fabrika bat, zeure helikoptero propioa erabiliko zenuke garraiorako, arrain-sardak sortu eta zeure kuterrei irratiz jarraibideak eman. Izokina arrantzatzeko eskubideak eskuratuko zenituzke eta arrain-jatetxe bat ireki, otarraina bitartekaririk gabe zuzenean Parisera esportatu, eta gero… —berriro utzi du hitzik gabe emozioak. Burua mugituz, bihotza saminez gainezka, oporrengatiko poza ia galduta, gorantz datorren marea lasaiari begiratu dio, arrantzatu gabeko arrainak bixi-bixi saltoka dabiltzan mareari—. Eta gero —dio, baina berriz mututu du ezinegonak.

Arrantzaleak kolpetxoak eman dizkio bizkarrean, zerbait kontrako eztarritik joan zaion haur bati egiten zaion moduan.

—Eta gero, zer? —galdetu dio arrantzaleak baxu.

—Gero —erantzun dio kanpotarrak emozio lasaian—, gero lasai asko egongo zinateke hemen kaian eserita, eguzkitan lo-kuluxkan eta itsaso ikusgarriari begira.

—Baina hori orain ere egiten dut —esan dio arrantzaleak—, lasai ederrean egoten naiz hemen lo-kuluxkan, zure klika izan da enbarazu egin didana.

Orduan eskarmentua hartutako turistak hausnarrean alde egin zuen; nahiz eta ordura arte sinetsi lan egiten zuela egunen batean lan gehiagorik egin behar ez izateko, arropa xumez jantzitako gizonarekiko erruki guztia desagertu zitzaion, eta bekaizkeria puntu batek hartu zuen haren lekua.

Ainhoa

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s