Christa Reinig, Eskorpioia

Aste honetako postak ezohiko izenburua dauka; animalia izena dauka, alegia, «Eskorpioia». Baina, adi! Ez nahastu horoskopoarekin! Ni neu ere eskorpio naiz, eta, bai, askotan tentagarria da datorren hilean gerta dakigukeenari buruzko aurreikuspenen bat irakurtzea; baina egiatik gutxi dute halako asmakuntzek. Horren ordez, Christa Reinig  alemaniar idazlearen (1936-2008) istorio bat euskaratu dugu gaurkorako. «Eskorpioia» 1968an argitaratu zen lehenengoz, eta, laburra izanagatik ere, emozioz eta ezinegonez beteko zaitu. Utzi horoskopoa hurrengo baterako, eta eman aukera bat Christa Reinigen Eskorpioiari. Diferentzia ederreko irakurgaia, ikusiko duzu!

 Schriftstellerin Christa Reinig gestorben

 

Eskorpioia

Christa Reinig

Lasaia eta atsegina zen. Begiak elkarren ondo-ondoan zeuzkan. Horrek zitalkeria adierazten zuen. Bekainek bat egiten zuten sudurraren goialdean. Horrek jenio bizia adierazten zuen. Sudur luzea eta punta zorrotzekoa zuen. Horrek jakin-min aseezina adierazten zuen. Belarri-gingilak handituak zeuzkan. Horrek deliturako joera adierazten zuen. «Zergatik ez daukazu traturik jendearekin?», galdetzen zioten. Ispiluan begiratzen zen, eta ahoaren inguruan hazpegi anker bat zuela nabari zuen. «Ez naiz pertsona ona», esaten zuen. Irmo lotzen zitzaien bere liburuei. Guztiak irakurtzen zituenean, jendartean murgildu behar zuen, liburu berri bat erosteko. Espero dut ezbeharrik ez gertatzea, pentsatu zuen, eta jendartean murgildu zen. Emakume bat zuzendu zitzaion eta billete bat aldatzeko eskatu zion. Oso bista laburrekoa zenez, behin baino gehiagotan trukatu behar zion dirua. Eskorpioiak bere begietan pentsatu zuen, elkarren ondo-ondoan zeudenetan, eta uko egin zion bere diru-kopurua zitalkeriaz bikoizteari. Tranbian ezezagun batek oinak zapaldu zizkion eta iraindu egin zuen hizkuntza ezezagun batean. Eskorpioiak bat egindako bere bekainetan pentsatu zuen, eta, iraina, ulergaitza zitzaiona, barkamen eskaera gisa hartu zuen. Jaitsi egin zen, eta kalean kartera bat zegoen bere aurrean. Eskorpioiak bere sudurrean pentsatu zuen eta ez zen makurtu, ezta jiratu ere. Liburu-dendan, eduki nahiko lukeen liburu bat aurkitu zuen. Baina garestiegia zen. Ondo kabituko litzaioke berokiko poltsikoan. Eskorpioiak bere belarri-gingiletan pentsatu zuen eta liburua apalean utzi zuen. Beste bat hartu zuen. Ordaintzera zihoanean, liburuzale batek protesta egin zuen: «Urteak daramatzat liburu horrexen bila. Orain beste batek erosiko du nik beharrean». Eskorpioiak aho inguruko bere hazpegi ankerrean pentsatu zuen eta esan zuen: «Har ezazu liburua. Nik ez dut erosiko». Liburuzalea ia negarrez hasi zen. Liburuari tinko heldu zion bihotzaren kontra estutuz, eta joan egin zen. «Bezero on bat zen hori», esan zuen liburuzainak, «baina zuretzat ere badaukat zerbait». Apalategitik hartu zuen eskorpioiak eduki nahiko lukeen liburua. Eskorpioiak ezezko keinua egin zion: «Ezin dut erosi». «Eros dezakezu, noski, baten maitasunak besteei balio die», esan zion liburuzainak. «Zeuk ezarri prezioa». Eskorpioia ia negarrez hasi zen. Liburuari tinko heldu zion bihotzaren kontra bi eskuez estutuz, eta, besterik libre ez zuenez, liburuzainari agur gisa eztena luzatu zion. Liburuzainak eztenari heldu zion, eta zerraldo erori zen.

Elixabet

One thought on “Christa Reinig, Eskorpioia

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s