Hizlari txarra izateko gomendioak

Kurt Tucholsky2Alemaniar idazle satiriko garrantzitsuenetakoa dugu Kurt Tucholsky. Kazetaria, idazlea, olerkaria eta literatur kritikoa ere izan zen, besteak beste. Ezkertiar demokrata, sozialista eta antimilitarista gisa zeukan bere burua, eta erregimen nazitik askatzeko beharra salatzen zuen. Bere idatziak gerraren aurka protesta egiteko lelo gisa ere erabili izan dira gaur egun arte.

Berbaratzarako itzuli dugun testuak ere badu zerbait satiriko eta zirikatzailetik. 1930ean atera zuen argitara Peter Panter ezizenarekin. Hala ere, hainbeste urte pasa diren arren —eta internetek hizlari onak izateko hamaika gomendio ematen badizkigu ere—, ez dirudi gauzak asko aldatu direnik.

Ea ba, berbaratzazale, hau irakurri ostean hizlari hobea izatea lortzen duzun.

Hizlari txarra izateko gomendioak

Ez hasi inoiz hasieratik, baizik eta hasieratik hiru legoara! Honelaxe:

«Jaun-andreok! Gaur iluntzeko gaiarekin hasi aurretik, utz iezadazue labur…»

Hortxe duzu hasiera txukun bat egiteko behar duzun gehiena: goiburu gogorra, hasiera baino lehen hastea, hitzaldiaren asmoa zein den abisatzea, eta kontutxoak labur. Horrela, berehala zeureganatuko dituzu entzuleen bihotz-belarriak.

Bestalde, entzuleak zera atsegin du: mintzaldia eskolako lan astun bat balitz bezala jasotzea; esateko duzuna, esaten ari zarena eta esan duzuna mehatxuka jasotzea. Eta betiere zakar esanda!

Ez hitz egin libre, oso itxura txarra ematen du. Onena hauxe duzu: hitzaldi guztia irakurtzea. Hori segurua da, eraginkorra, eta guztiak poztuko dira hizlariak esaldi laurdenero begirada jasotzen badu mesfidati, entzuleek bertan jarraitzen duten ikusteko.

Ezin badituzu inolaz ere entzun borondate onez ematen zaizkizun gomendioak, eta gauza guztien gainetik libre hitz egin nahi baduzu… ezjakin halakoa! Zizeron irrigarria! Har itzazu eredu gisa gure hizlari profesionalak, Reichstageko diputatuak; entzun al dituzu inoiz libre hitz egiten? Seguru etxetik idatzita dakartela «Entzun! Entzun!» oihukatzen dutenean…

Beraz, libre hitz egin behar baduzu:

Esan ezazu idazten duzun moduan. Eta badakit nola idazten duzun.

Hitz egin esaldi luze-luzeekin; etxean zaudenean eta hain beharrezko duzun lasaitasuna, zeina zure haurrek ez duten kontuan hartzen, daukazunean lantzen dituzunen modukoekin, zeinekin hain garbi daukazun nola amaitzen diren esaldiak eta menpeko perpausak nola elkartzen diren txukun, horrela, entzulea aulkian pazientzia galduta, ametsetan, iraganean hain gustura lokartzen zen eskola magistraletako baten dagoela pentsatuz, perpaus elkartuaren amaierari itxaroten egongo da… Tira, oraintxe eman dizut adibide bat. Horrela hitz egin behar duzu.

Hasi zaitez beti erromatarren garaitik, eta kontatu beti hitz egingo duzunaren testuinguru historikoa. Hori ez da Alemaniako ohitura bakarrik, betaurrekodun guztiek egiten dute gauza bera. Behin txinatar ikasle baten hitzaldia entzun nuen Sorbonan, garbi eta frantses onarekin hitz egiten zuen, baina, guztion atseginerako, honela hasi zen: «Utz iezadazue laburki nire jaioterri Txinaren garapenaren historia kontatzen Kristo aurreko 2000. urtetik hasita…». Harrituta begiratzen zuen, jendea barrezka baitzegoen.

Zuk ere horixe egin behar duzu. Arrazoi guztia duzu: testuinguru historikorik gabe ez da ezer ulertzen, nor da, ba, kapaz gauzak testuingururik gabe ulertzeko… bai horixe! Jendea ez da etorri hitzaldira bizitza errealari buruzkoak entzutera, liburuetan ere aurkitu daitezkeenak entzun nahi ditu… bai horixe! Konta iezaiezu beti historia, konta iezaiezu.

Ez arduratu publikoari helarazten dizkiozun uhinak bueltan jasotzearekin, horiek huskeriak dira. Zure hitzek izango duten eraginari, jendeari eta aretoko giroari jaramonik egin gabe hitz egin; hitz egin etengabe, lagun. Jainkoak eskertuko dizu.

Adierazi guztia menpeko perpausekin. Ez esan inoiz: «Zergak altuegiak dira». Hori errazegia da. Esan: «Oraintxe esandakoaren inguruan gehitu nahi nuke neurriz kanpoko zergak…». Horrela egiten da.

Noizean behin edan baso bat ur jendearen aurrean, atseginez ikusten dute hori.

Txantxa bat egiten duzunean, egin barre aurretik; era horretan, koxka non dagoen jakingo dute.

Hitzaldi bat, ezin zen bestela, bakarrizketa bat da; batek bakarrik hitz egiten duelako. Hamalau urtean jendaurrean hitz egiten aritu ostean ez duzu zertan jakin hitzaldi bat elkarrizketa bat izateaz gain, orkestrarako pieza bat ere izan daitekeela; izan ere, masa isilak zurekin bat egiten du aldi oro. Eta entzun egin behar diozu. Ez, ez daukazu entzun beharrik. Soilik hitz egin, soilik irakurri, soilik burrunba egin, soilik kontatu historia.

Hizketaren teknikari buruz esandakoari laburki gehitu nahi nioke estatistika asko erabiltzeak mailaz igotzen duela hitzaldia. Asko lasaitzen du, eta denok garenez gai hamar zenbaki ezberdin erraz gogoan hartzeko, dibertigarria izaten da.

Iragarri hitzaldiaren amaiera askoz lehenago, entzuleak ez dezan buruko isuririk izan poztasunaren eraginez (Paul Lindau-k behin ezkontzetako hitzaldi beldurgarri horietako bat honela hasi zuen: «Bukatzera noa»). Iragarri amaiera, eta gero hasi zure hizketaldia atzetik aurrera eta segi hitz egiten beste ordu erdiz. Behin baino gehiagotan errepika dezakezu hori.

Aginduak emateaz gain, agintzen duzun hori azaldu egin behar duzu; horrek ontzen du hitzaldia.

Ez hitz egin inoiz ordu eta erdi baino gutxiago, horretarako hasteak ere ez baitu merezi.

Norbait hizketan ari denean, besteek arreta jarri behar dute. Zure aukera da, baliatu ezazu.

Hizlari ona izateko gomendioak

Perpaus nagusia. Perpaus nagusia. Perpaus nagusia.

Buruan ideiak garbi, ahalik eta gutxien paperean.

Egitateak, edo bestela sentsazioei erreferentzia. Katapulta edo harpa. Hizlaria ez da hiztegi bat. Jendeak hori badauka etxean.

Ahots bakar baten tonuak nekatu egiten du; inoiz ez hitz egin berrogei minutu baino gehiago.

Ez saiatu zure gaitasunetatik haragoko efektuak sortzen. Podiumak ez du errukirik, bertan dagoena eguzkia hartzean bezain biluzik egoten da.

Begiratu Otto Brahm-en esaerari: zerbait ez eginez gero, ezin hutsik egin.

1930

Jatorrizko testua:
http://de.wikisource.org/wiki/Ratschl%C3%A4ge_f%C3%BCr_einen_schlechten_Redner

Ainhoa

2 thoughts on “Hizlari txarra izateko gomendioak

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

  2. Pingback-a: Erich Kästner | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s