Aingeruen sexua

Gizakiak hamaika azalpen eta teoria asmatu ditu historian zehar fenomeno meteorologikoak azaltzeko. Gaurdaino existitu diren kultura, erlijio eta jakintza ezberdinek askotariko azalpenak eman dituzte ortzadarraren, elurraren edota trumoien inguruan. Euriaren kasuan, adibidez, Yaqui-ek –mexikar herri indigena bateko kideek– oso kondaira polita daukate. Kondaira horrek dio Yaqui herrialdeak sekulako lehortea pairatu zuela, eta horri amaiera emateko asmoz, hainbat hegazti mota bidali zizkioten Yuku jainkoari. Zoritxarrez, ez zuten inolako emaitzarik lortu, eta, azkenean, apo batek ekarri zien euria Yaquiei, eta ez hegodun animalia batek. Eskandinaviar eta germaniar mitologian, ordea, Thor edo Donar da klima eta eguraldiarekin lotzen den jainkoa. Azkenik, ezin dugu ahaztu zientziak sortu duen teoria. Horren arabera, aire masa beroak goratu eta hoztu ondoren sortzen den fenomeno meteorologikoa da euria.

Gaur, ordea, bestelako teoria bat ekarri dugu Berbaratzara; edo, hobeto esanda, kontakizun labur bat. Literatur lan honen idazlea Mario Benedetti uruguaiarra dugu. Idazle oparoa izan zen zinez, 80 liburutik gora idatzi baitzituen. Hizkuntza ugaritara itzuli dira haren lanak, euskara tarteko. Euskal irakurleak aukera du Gerardo Markuletaren Istorio hiperlaburrak bilduman Benedettiren hainbat testu irakurtzeko, baita Iñaki Alberdik itzulitako Pedro eta Kapitaina antzerkiaz gozatzeko ere. Beraz, gaurtik aurrera badugu zer gehitu itzulpen-zerrenda horretara. Espero dugu zuen gustukoa izatea!

benedetti

 A I N G E R U E N   S E X U A

M a r i o   B e n e d e t t i

Gizon-emakumeek betidanik jasan izan duten informazio-gabezia tamalgarrienetako batek aingeruen sexuarekin du zerikusia. Berretsi gabeko datu batek dio aingeruek ez dutela amodioa egiten, baina, akaso, horrek adierazten du ez dutela gizakiek bezala egiten.

Beste bertsio batek –hori ere berretsi gabea, baina sinesgarriagoa– iradokitzen du aingeruek amodioa, gorputzarekin egin ordez (ez baitute halakorik), hitzekin ospatzen dutela; hitz egokiekin, alegia.

Beraz, bi gardentasunen bidegurutzean topo egiten duten aldiro, Gotzon eta Gotzone aingeruek elkar begiratzeari, limurtzeari eta erakartzeari ekiten diote begirada-trukeekin; jakina, begiradok aingerutarrak dira.

Eta, Gotzon aingeruak, sua pizteko, zera badio: «Hazia», Gotzone aingeruak, biziagotzeko, zera erantzuten du: «Zuloa». Lehenak dio: «Elur-jausia», eta bigarrenak, samurtasunez: «Amildegia».

Meteoritoak bezain bizkor edo elur-malutak bezain maitekiro gurutzatzen dira hitzak.

Gotzon aingeruak dio: «Enborra». Eta Gotzone izenekoak: «Haitzuloa».

Inguruan dabiltza, hegan, Aingeru Guardako bat, misoginoa eta isila, eta Heriotzaren Aingeru bat, alarguna eta maltzurra. Baina maitale-bikoteak ez du etenik, eta maitasuna silabatan adierazteari eusten dio.

Gotzon aingeruak dio: «Iturburua». Eta Gotzone izenekoak: «Arroa».

Silabak ihintzaz bustitzen dira eta, han eta hemen, elur-kristal artean, haizea eta haren itxaropena hedatuz doaz.

Gotzon aingeruak dio: «Ezpata», eta Gotzone delakoak, distiratsu: «Zauria». Lehenak dio: «Kanpai-hotsa», eta bigarrenak: «Alarma».

Eta lurretik haratago doan orgasmoaren unean bertan, zirruak eta kumuluak, estratuak eta ninboak dardaratzen, inarrosten eta lehertzen direnean, aingeruen-maitasuna ari du mundu osoan, euri-zaparrada nola.

Maddalen

One thought on “Aingeruen sexua

  1. Pingback-a: Denbora bako denbora | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s