Merkatuaren legea

Gaurkoan, duela gutxi ospatutako Cannes zinemaldian izugarrizko arrakasta lortu zuen film bat gomendatzen dizuegu, gaur egun pil-pilean dagoen gai bati ikaragarrizko kritika egiten diona. Ziur aski askorentzat hurbilekoa den kritika proposatzen du filmak; ekonomiari egindako kritika, hain zuzen ere.

La loi du marché, edo Merkatuaren legea euskaraz; horixe da Stephan Brizé-ren azken filmaren izena, gaur egungo mundu ekonomikoaren, eta, ondorioz, orokorrean munduaren deskribapena egiten duen filma. Haren ustetan, gure burua emakume, gizon, guraso edo profesionaltzat badugu ere, erabakiak hartuta daude jada, guk ez dugu ezer kontrolatzen, sistema ekonomikoak esaten  digu zer egin. Kasu gehienetan, gu sistema horretan kontsumitzaileak baino ez gara, eta bizi dugun krisi ekonomikoak egoera hori okertu baino ez du egiten.

Munduaren interpretazio hori eskaintzen digun filmari esker irabazi zuen Vincent Lindon-ek aktore onenaren saria pasa den maiatzeko Cannes zinemaldian. Brizéren  dokumentala izugarrizko arrakasta izaten ari da, izan ere, asko hurbiltzen da bizi garen benetako mundura, eta askotan oso zaila egiten da errealitatea eta fikzioa bereiztea; hori da, hain zuzen ere, filmaren puntu garrantzitsuenetako bat. Horren harira, ikuslea filmaren parte bihurtzea lortu du zuzendariak, hurbileko planoak erabiliz, eta pertsonaien ezinegona eta kezka ondo helaraziz. Horrez gain, sistema ekonomikoaren hipokresia eta gezurrak erakusten ditu, batek baino gehiagok bizi izan dituen egoerak gogora ekarriz.

Aipatutako errealismoari dagokionez, ez da batere lan erraza ikuslearenganako hurbiltasun hori lortzea; ez bakarrik elkarrizketetan ikus daitekeen ikaragarrizko errealismoarengatik, baita ikuslearengan duen eraginagatik ere, eta guk geuk ditugun gizarteko harreman batzuei buruzko hausnarketa dakarrelako. Eta esandako guztiak beti garamatza gai berera, dirua. Azkenik,  Lindonen lana nabarmendu beharko litzateke, haren papera oso garrantzitsua baita filmean. Adierazkortasun handiko pertsonaia da, gure haserre eta ezintasunaren ispilu bihurtzeraino.

Ez da film barregarri edo dibertigarria izango agian, baina interesgarria seguru. Eta esandako guztiak zuen interesa piztu badu, hemen behean duzue trailerra euskarazko azpitituluekin. Badaukazue igande euritsu baterako zeregina, gozatu!

Maite

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s