Baratzeak hirian

Prinzessinnengarten

Baratzeak hirian

Geurea ezohiko baratzea da, hitzezkoa, baina badira beste hamaika baratze mota munduan barrena. Ohiko lorategietatik haratago, hirietan baratzeak ugaritzen hasiak dira, eta formak axola ez duenez, batzuetan orubeetan kokatzen dira, teilatuetan beste batzuetan, edo patioetan; aurrez landugabeko lurrak ereiten dira. Berlinen, adibidez, proiektu interesgarri bat martxan jarri zuten orain dela urte batzuk: Prinzessinnengarten izena du, eta printzesen baratzea delako hori Alemaniako hiriburuaren bihotzean dago, Kreuzberg auzoko Moritzplatz enparantzan, hain justu.

Munduko txoko askotan izan dute Prinzessinnengarten ekimenaren berri, eta, egia esan, pozgarria da noizbehinka halako kontuak entzutea albistegietako notizia sentsazionalistak alde batera utzita. Prentsan bolo-bolo ibili denez, modu askotara izendatu dute, «gerrilla berdea» eta «baratzeen generazioa», besteak beste.

2009ko udaz geroztik, baratze emankorra da Moritzplatzeko orubea, ehundik gora boluntarioren elkarlanari esker. Urban gardening deritzon mugimenduaren baitan izan da sailkatua Prinzessinnengarten, eta badira antzeko adibideak hainbat hiri handitan, hala nola, New Yorken, Bartzelonan, Kopenhagen, eta baita Alemaniako beste hiruzpalau hiritan ere.

prinzessinnengarten2009-2012l

Hasiera-hasieratik gauzak argi zituzten Marco Clausen eta Robert Shaw aitzindariek; proiektu sozial batean datza, irabazi asmorik gabekoa, eta bere gako hitza iraunkortasuna da. Shaw eta Clausenen esanetan, iraunkortasunak ekologiarekin duen lotura estuaz gain, iraunkorra den proiektu bat berez mantentzen da, eta, hortaz, Prinzessinnengarten ez dago diru-laguntzen menpe. Helburuetako bat da jendeari erakustea, hirian egonda ere, ez dela beharrezkoa kontsumitzea norbaitekin gelditzen zaren bakoitzeko, eta espazio honi esker askori erakutsi diete hiriko bizimodua beste modu batekoa izan daitekeela.

Guztira, Berlin hiriko 6.000 metro karratuko azalera hartzen du baratzeak. Orain dela sei urte ekin zioten lanari, eta gaur egun 500 espezie inguru daude. Hori ere bazen hasierako helburuetako bat, argi utzi nahi baitzuten ekoizpen industrialeko ohiko elikagaiez gain beste asko ere badaudela.

Funtzionamenduari dagokionez, elkarlana du oinarri: edonork parte har dezake, jendearen ekarpenari esker bizi baita baratzea. Batek dakiena besteari erakusten dio, eta elkartruke horri esker denek ikas dezakete zerbait. Lanean aritu direnek oso-oso merke eros ditzakete baratzeko produktu ekologikoak; baratzean laguntzen ez dutenek, aldiz, gehiago ordaindu behar dute. Horretaz gain, kafetegi eta jatetxe bat sortu dituzte ‒eta sei lanpostu‒, non, baratzeko produktuak erabiltzen diren. Lortutako irabaziekin proiektua gestionatzen dute.

prinzessinnengarten

Espazio ireki hau sortzea ez zen erraza izan, eta mantentzea ere nekeza da. Jendearen atxikimendua eta parte-hartzea ezinbestekoak dira, baratzeak epe luzean bizirik jarrai dezan. Epe luzeko proiektua izanik, jendea erakartzeko modu berriak bilatzea ezinbestekoa zaie, soilik horrela lortuko baitute produktuen kalitatea mantentzea, baita produktuok ereiten diren tokia ere.

Espazio publikoa erabiltzeko beste modu bat proposatzea da proiektu honen beste helburu nagusietako bat; Prinzessinnengarten proiektuarekin erakutsi nahi dute hirigintzaren plangintzek bereganatu egin beharko lituzketela bizilagunek sortutako espazioak, baratzeko jarduera hirien plangintzetan sartuz. Hiriaren irudia ez da garrantzia eduki behar lukeen alderdi bakarra, baina politika hori aldatzen ez den bitartean, hiritarrek sortutako espazioak galtzeko arriskua dago, halako ekimenek ez baitute babesik jasotzen. Gaur-gaurkoz «irudia beti lehen lerroan dago», dio Clausenek, turistei gustatuko zaizkien espazio irekiak sortzea diru-iturri azkarra eta segurua baita. Hala ere, «pozgarria da hiriaren erdian jendea baratzean aritzen dela ikustea; jarrera horrek erakusten du hiritarrak prest daudela zerbait biziduna sortzeko eta horri denbora eskaintzeko». Horregatik, baratzeak hirigintzan sartu beharko liratekeela defendatzen dute Prinzessinnengarten proiektuaren sortzaileek.

Ea, ba, aurrerantzean beste hiri batzuetako bizilagunek edota hirigintza teknikariek adibide paregabe hau eta antzerakoak eredutzat hartzen dituzten, hiriko bizimodu bakarti, azkarrari behin betiko erremedioa emanez. Prest ote dago jendea baratzeari denbora eskaintzeko, eta elkarlana nahiz iraunkortasuna egunerokotasun bihurtzeko? Hala bada, bihur dadila errealitate, eta, hala ez bada, kalamitate.

Elixabet

prinzessinnengarten_gaertnervorhochhaeusern

Iturriak:

One thought on “Baratzeak hirian

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s