Margaret Eleanor Atwood kanadar idazlearen lantxoetako bat euskaratu dugu gaurkoan Berbaratzarako. Idazle bikaina izateaz gain, giza eskubideen, emakumeen eskubideen eta beste hainbat kausaren alde lan egin izan du beti. International PEN elkarteko eta Amstesty International elkarteetako kidea ere bada, besteak beste. Bere lanik entzutetsuenak eleberriak diren arren, istorio labur eta olerki ugari ere argitaratu du.
Guk istorio labur bat ekarri nahi izan dugu hona, istorio bakarra izan arren hainbat azpi-istorio gordetzen dituena bere baitan. Metafikzioa da, istorioei buruzko istorioa. Gozatu!
Amaiaera zoriontsuak
Margaret Atwood
John eta Mary ezagutu egin dira.
Zer gertatuko da gero?
Amaiera zoriontsua nahi baduzu, probatu A.
A.
John eta Mary maitemindu eta ezkondu egin dira. Biek daukate merezi duten lan ordaindua, gustukoa eta erronkaz betea. Etxe polit bat erosi dute. Etxebizitzen balioak igo egin dira. Azkenean, mirabe bati ordaintzeko adina dutenean, bi ume izan dituzte, eta haiei erabat lotu zatzaizkie. Umeak ongi hazi dira. Johnen eta Maryren sexu-bizitza euren gustukoa eta erronkaz betea da eta balio duten lagunak dauzkate. Oporretan ondo pasatzen dute elkarrekin. Erretiratu egin dira. Biek dauzkate euren gustuko zaletasun erronkaz beteak. Azkenean, hil egin dira. Horixe da istorioaren amaiera.
Mary Johnekin maitemindu da baina John ez da Maryrekin maitemindu. Haren gorputza plazer hutserako eta egoa epelki puzteko besterik ez du erabiltzen. Astean bitan joaten da neskaren apartamentura eta hark prestatzen dio afaria, konturatuko zinenez, Johnentzat Maryk ez du balio kanpoan afaltzeko bezainbeste, eta afaldu ostean larrua jotzen dio eta lo hartzen du, Maryk ontziak garbitzen dituen bitartean, mutilak ez dezala pentsa narrasa denik ontzi guztiak hankaz gora daudelako, eta ezpainak margotzen ditu berriz ere, mutila jaikitzean eder egon dadin, baina hura jaikitzean ez da konturatu ere egiten, galtzerdiak eta galtzontziloak eta prakak eta alkandora eta gorbata eta zapatak janzten ditu, erantzi dituen kontrako ordenan. Ez dizkio neskari arropak kentzen, Maryk berak kentzen ditu, irrikaz balego bezala jokatzen du beti, ez bereziki sexua atsegin duelako, ez du atsegin, baina Johnek hori pentsatzea nahi du, nahikoa aldiz egiten badute seguruenez berarekin ohituko baita, bere beharra izango baitu eta ezkondu egingo baitira, baina Johnek ozta-ozta gabon esan eta alde egiten du, eta hiru egun beranduago agertzen da berriz seietan eta gauza bera egiten dute berriro.
Maryk behea jo du. Negar egitea txarra da aurpegiarentzat, denek dakite hori eta Maryk ere bai, baina ezin da gelditu. Lanekoak konturatu egin dira. Lagunek esaten diote John arratoia, txerria, txakurra dela, ez dela nahikoa ona berarentzat, baina ez du sinesten. Johnen barruan beste John bat dagoela uste du, askoz hobea dena. Beste John hori tximeleta kuskutik bezala irtengo da, panpina malgukidun kaxatik bezala, hazia aranpasatik bezala, baldin eta kanpoko John nahikoa estutzen bada.
Iluntze batean John janariaz kexatu da. Ordura arte inoiz ez da kexatu Maryren janariaz. Mary mindu egin da. Lagunek esan diote beste emakume batekin ikusi dutela jatetxe batean, Madge izeneko batekin. Finean, Mary mintzen duena ez da Madge; jatetxea baizik. Johnek ez du inoiz jatetxe batera eraman. Maryk ahalik eta lo egiteko pilula eta aspirina gehien bildu ditu, eta irentsi botila erdi xerez ardorekin batera. Ikusten duzu zer nolako emakumea den, kontuan izanik hartu duena whiskya ere ez dela. Ohar bat utzi du Johnentzat. Aurkituko duela espero du eta garaiz eramango duela ospitalera eta damutu egingo dela eta ezkondu egingo direla, baina hori ez da gertatuko eta hil egingo da.
John Madgekin ezkonduko da eta guztiak A-n bezala jarraituko du.
C.
John, gizon helduagoa izan arren, Maryrekin maitemindu da, eta, Mary, hogeita bi urte besterik ez dituena, errukitu egin zaio, John arduratuta baitago ilea erortzen ari zaiolako. Harekin oheratzen da nahiz eta maiteminduta ez egon. Lantokian ezagutu du. James izeneko bat maite du Maryk, hogeita bi urte dituena eta oraindik egonkortzeko gertu ez dagoena.
John, ordea, aspaldi egonkortu zen: eta horrexek gogaitzen du. Lan finko eta errespetagarria dauka eta aurrera doa bere arloan, baina horrek ez du Mary erakartzen, Jamesek erakartzen du, zeinak motoa eta sekulako musika-bilduma baititu. Baina James askotan joaten da kanpora motoan, aske sentitzera. Askatasuna ez da berdina neskentzat; horregatik, bitartean Maryk ostegun gauak Johnekin pasatzen ditu. Ostegunetan bakarrik izaten du libre Johnek. John Madge izeneko emakume batekin ezkonduta dago eta bi ume dituzte, etxebizitzen balioak igo baino lehentxeago erositako etxe polit bat eta zaletasun atsegingarri eta erronkaz beteak. Johnek Maryri esaten dio zein garrantzitsua den beretzat, baina, noski, ezin duela emaztea utzi, konpromisoa konpromisoa dela. Gehiegi errepikatzen du kontua, eta Mary aspertu egiten da, baina gizon helduek gehiago irauten dutenez ongi pasatzen du oro har.
Egun batean James heltzen da motoan Kaliforniako punta-puntako droga hibridoarekin eta Jamesek eta Maryk imajinatu ezinezko goraldia harrapatu dute eta ohera sartu dira. Guztia urpean bezala geratzen da, baina orduan John iristen da, Maryren apartamentuko giltza baitauka. Drogatuta eta elkarri korapilatuta aurkitu ditu. Madge ere hor dagoela kontuan hartuta, ez dauka jeloskor egoteko inongo arrazoirik, baina hala ere etsipenak gain hartu dio. Jada adin ertainekoa da, bi urte barru arrautza bat bezain burusoil egongo da eta jasanezina zaio. Eskuko pistola bat erosi du tiroan trebatzeko behar duela esanez —hori da argumentuaren zati makala, baina geroago landu daiteke— eta bi gazteei eta bere buruari egiten die tiro.
Madge, dolu-denbora egokia pasatutakoan, Fred izeneko gizon ulerkor batekin ezkontzen da eta guztiak A-n bezala jarraitzen du, baina beste izen batzuekin.
D.
Fredek eta Madgek ez daukate arazorik. Primeran eramaten dira eta badakite nola egin aurre datozkien zailtasun txikiei. Baina euren etxea itsasertzean dago eta egun batean olatu erraldoi batek harrapatzen du. Etxebizitzen balioak jaitsi egin dira. Istorioaren gainerakoak olatu erraldoia zerk eragin duen eta bikoteak nola ihes egin duen azaltzen du. Ihes egin dute, nahiz eta milaka pertsona ito, baina Fred eta Madge harro daude eta esker onekoak dira, eta guztiak A-n bezala jarraitzen du.
E.
Bai, baina Fredek bihotza gaizki dauka. Istorioaren gainerakoak Fred hil artean biak zein atseginak eta ulerkorrak diren kontatzen du. Gero Madge karitate-ekintzei lotzen zaie erabat A-ren amaierara arte. Nahi baduzu, izan daiteke “Madge”, “minbizia”, “errudun eta nahastuta” eta “txoriak zaintzen”.
F.
Hau guztia oso burgesa iruditu bazaizu, bihurtu John iraultzaile eta Mary kontraespioitzako agente eta ikusi noraino heltzen zaren. Gogoratu, hau Kanada da. Edonola ere A-rekin amaituko duzu, nahiz eta tartean pasioz beteriko istorio haragikoi luze eta korapilatsua bizi, gure garaiaren kronika bat edo.
Onartu egin beharko duzu, amaiera beti da berdina edonola zatituta ere. Ez zaitzatela engainatu bestelako amaierek, guztiak dira faltsuak, izan nahita faltsutuak, engainatzeko asmo gaiztoarekin sortuak, edo izan gehiegizko baikortasunak bultzatuak, ez badira sentimentaltasun hutsak eragindakoak.
Benetako amaiera bakarra jarraian datorrena da:
John eta Mary hil egin dira. John eta Mary hil egin dira. John eta Mary hil egin dira.
Nahikoa da bukaerekin. Hasierak dibertigarriagoak dira. Benetako adituek, hala ere, tarteko zatiaren alde egiten dutela esaten da, horiekin zerbait egitea baita zailena.
Hori da argumentuari buruz esan daitekeen guztia, azken finean, gauza bat bestearen atzetik jartzea besterik ez baita, gauza bat eta gauza bat eta gauza bat.
Orain saiatu argitzen Nola eta Zergatik.
Ainhoa