Gaurko autoreak ez du aurkezpen handirik behar, Bobby Sands irlandar errepublikanoen borroka-ikur bihurtu baita, ez Irlandan soilik, baizik eta nazioartean ere. IRAren izenean burututako ekintzak direla eta, urte asko igaro zituen espetxeko lau pareten artean. Orduan etorri zitzaion idazle-sena, eta urte horietan poesia eta gutun ugari papereratu zituen. Sandsen poema batzuk ereserki bilakatu dira. Back home in Derry da agian kasurik ospetsuena, Anje Duhaldek Derryra itzuli izenburupean euskaratua. Horretaz gain, irlandarraren beste olerki batzuk ere euskarara ekarri dira Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikaren eskutik.
Guk Ama Maitea (Dear Mum) poema itzuli dugu, eta bide batez gaurko posta baliatu nahi dugu gure amei omenaldi xume bat egiteko.
Ama Maitea
Ama maitea, beti zaude prest,
lagundu eta gidatzeko, betiko lez,
zaindu nauzu eta gogor egin,
dena gainditzeko, izan arin, izan gordin.
Gaur idatzitako lerroen bidez
ezingo dizut eskertu zinez
eman didazun denbora eta arreta
etenik gabe urte latz hauetan.
Ez dakit indarrik nola duzun
ezta aurrera nola egin duzun,
atsedenik gabe borrokatuz,
beti hor, inoiz ez berandutuz.
Errezatu didazu eta are gehiago maitatu,
ezin dizut nik gehiago eskatu,
zure pareko izateko nauzu hazi,
baina bihotza ez dut zuk bezain handi.
Une larrietan gidari,
printzesa eta izar argi,
bizitza bestelakoa litzateke
gauza txikiak bizi gabe.
Barkatu, ama, berriz ere
ez zaitudalako lehenago maite,
bizia eta maitasuna emanagatik
esan nahi dizut mila esker beti.
Maddalen
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza