Ez da Berbaratzan Minierren «Ez itzali argia» liburuari buruz hitz egiten dizuegun lehen aldia, liburu honek irakurlea harrapatzen baitu, eta etengabeko deskribapenek irakurlea istorioan murgiltzen baitute, fikzioan gertatzen dena ezin errealago eginez. Beldurra eta jakinmina nahastuta sentituko dituzue irakurtzean, eta eleberrian aurrera egin ahala gertatuko denaren beldur bazarete ere, ezingo diozue irakurtzeari utzi.
Gaurkoan beste pasarte bat dakarkizuegu, eta aurrekoan ileak tente jarri bazitzaizkizuen, oraingoan ere presta zaitezte hori sentitzeko. Izan ere, Minierrek oso gustuko du egoerarik latzenak ere ezinhobeto deskribatzea, zehaztasun handiz, agian ezagutu nahi ez ditugun xehetasunak ere azalduz. Irakurketa on!
Drama Lirikoa
Ez… ez da posible… ezin izan dute… ezin izan dute hori egin…
Zer gertatu…?
Itxaron Chris, itxaron. Ez begiratu… ez begiratu hori lagun… edo erretina erreko dizu, edo ezingo duzu irudi hori inoiz ahaztu. Ez begiratu. Mesedez.
Baina egin zuen. Begiratu zuen. Eta haren espiritua ero moduan hasi zen oihuka. Erotzeko bide zuzena. Hori baitzen ikusten zuena deskribatzeko hitz bakarra. Eromena. Astakeria. Zentzugabekeria.
Bereganako pausu bat gehiago, eromenerako pausua. Hori baitzen haiek nahi zutena, ezta? Argi zegoen irudimen handia zutela haien helburuak lortzeko orduan, infernu bat eraiki zuten Chrisen inguruan eta bakarrik zegoen horri aurre egiteko, amesgaizto sotila zen hura. Sendagarriek eragindako loalditik esnatzean, akitua sentitu zen lehenbizi, eta oso amets txarra izan zuela oroitu zen. Baina esnatzean, izaretan gogortutako orban horiak ikustean, konturatu zen ametsa benetan gertatu zela. Haratago begiratzean burua bitan zatitzen zitzaiola sentitu zuen. Literalki. Ez zuen garrasirik egin, ez zuen negarrik egin. Ez zen gai izan ahotik hotsik ateratzeko. Baina bere espirituak oihu egin zuen. Iggy-ren gorpua… Bere hanken artean zegoen. Begiak itxita, lepokoa kenduta, lo zegoela zirudien, baina lepoko zauriak ez zuen inolako bizi-itxaropenik uzten.
Iggyren inguruko izaretan alkohol botila txikitxoak zeuden, irekita eta hutsik; eta izaren gainean, kakahueteak, garagardo-poto hutsak, patatak eta minibar batean aurki daitekeen edozer zegoen bertan. Aldi berean, komuneko paperontzia ere beteta zegoen: papera, ileak… Chris zikinkeriaz inguratuta zegoen. Zakarki alboratu zituen hankarekin, eskorpioiak hanketan gora igotzen ari balitzaizkio bezala astindu zituen.
Dardarka hasi zen eta hortzak karraskatzen zituen, gelan izugarrizko hotza egingo balu bezala. Minutu batzuen buruan, ohetik salto egin eta komunera abiatu zen botaka egiteko. Baina gauean zehar dena kanporatua zuen jada, eta bere tripa hutsetik listuarekin nahasitako behazun apur bat baino ez zen atera.
Komuneko ponpari tiratu eta gelara zihoan, baina bat-batean, bertako kiratsak astindu zuen goitik behera. Deskribatu ezineko usainen nahastea zen hura: alkohola, lehortutako odola, esperma, oka, izerdia… eta ez hain agerian, kloro-usaina. Horren guztiaren aurrean zalantza egin zuen, baina azkenean atzera egin zuen zakarki.
Lehenik eta behin garbitu, bortxatu zuenaren hondakinak kentzeko…
Dutxara abiatu zen zuzenean, uraren tenperaturari erreparatu gabe, izoztetik erretzera pasatu zen, xaboia eman zuen gorputz osoan luzaroan igurtziz, parte intimoak behin eta berriz errepasatuz. Ilea ere xanpua indarrarekin emanez garbitu zuen. Azkenik, uretatik pasatu eta dutxatik atera zen eta hortzak garbitu zituen amorruz, hortzoiak odoletan utzi arte. Ondoren, denbora luzez gargarak egin zituen ahorako disoluzio antiseptiko batekin.
Besteak utz zezakeen arrastorik txikiena ere ezabatu nahi zuen, Hark egin zionarena, Hark beregan utzi zuenarena. Baina bazekien ez zuela inoiz ezabatuko Hark beregan utzitakoa…
« SEROPOSITIBOA NAIZ »
Maite
Irudia: http://www.ladepeche.fr
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza