Slawomir Mrozek-en antzerkia: Itsaso zabalean

Sławomir Mrożek Europa ekialdeko antzerki-idazle eta satiriko ezagunenetakoa izan da. Marrazkilari eta karikaturagile lanetan hasi zen gaztetan, eta gerora antzerkigintzan lortu zuen arrakasta, esaterako, Tango eta Striptease antzerkiekin. Bere lanetan giza portaera, alienazioa eta agintekeria izan ditu aztergai, besteak beste. 60ko hamarkadan bere jaioterri Polonia utzi behar izan zuen eta Frantzian, Italian eta Mexikon bizi izan zen ordutik aurrera.

Guk beste antzezlan bateko pasarte bat ekarri dugu euskarara. Polonieraz dakienarentzat, Na pełnym morzu da antzekiaren titulua, guk Itsaso zabalean izenez euskaratua. Hemen irakurgai duzuen pasartea “Zein jango dugu?” deitzen da. Itsasoan galdutako hiru gizonen arteko elkarrizketa da, non gose jasangaitza medio, hiru gizonetan gizenenak beste bietako bat jan behar dutela aitortzen duen. Beste bietan zentzudunenak harekin bat egiten du eta zein jango eztabaidatzen hasten dira. Zer erabakiko ote dute azkenean?

Out at sea_Linn Øyen Farley set design

Linn Øyen Farley-ren eszenografia

Zein jango dugu?

—Gosea daukat.
—Nik ere jango nuke zerbait.
—Agortu al ditugu jangaiak?
—Guztiz. Ez da ogi-kozkorrik ere geratzen.
—Ezertxo ere ez.
—Ba jango genuke zerbait.
—Bai, nik ere jango nuke zerbait.
—«Zerbait, zerbait». Izan gaitezen errealistak, jaunok, hobe litzateke…
—Zer inporta du!
—Ez duzu ba esan jangaiak agortu ditugula? Zer otu zaizu?
—Ez dago beste erremediorik! Jan egin behar dugu, ez «zerbait», baizik eta «norbait».
—Ba nik ez dut ikusten…
—Nik ere ez dut inor ikusten hemen, ez bada…
—Irtenbide bakarra daukagu: gutako bat.
—Tira, tira!
—Horixe, tira, tira!
—Nahikoa da umekeriekin, jaunok! Ulertarazi behar dizuet ezin dugula guztiok batera «tira, tira!» oihukatu. Gure egoeran beharrezkoa da gutako batek esatea: «Mesedez, jaunok, zuen eskura nago, eser zaitezte mahaira eta zerbitza zaitezte».
—Eta, zeinek?
—Esatera noana egia gordina irudituko zaizue, baina onartu behar dizuet ikaragarri nirekoia naizela. Beti izan naiz nirekoia. Haurtzaro samurrenean ere nik bakarrik irensten nuen askaria eta ez nion inori ematen.
—Hori oso itsusia da. Baina zer egingo diogu. Zozketa egingo dugu!
—Ados.
—Irtenbide bikaina.
—Ondorengo sistema erabiliko dugu: zuek biok zenbaki bat esango duzue. Gero nik beste bat. Behin biak batuta, bakoitia bada, ni izango naiz zoriz tokatua. Eta, bikoitia bada, zuek biotako bat jango dugu.
—Ez… Ni, barru-barruan, zorizko jokuen kontra nago.
—Eta batuketa egiten nahasten bazara?
—Ikusten dut ez zaretela nitaz fio. Zer egingo diogu!
—Hobe dugu beste irtenbide bat bilatzea. Jende zibilizatua gara…
—Ados. Referendum bat antolatu dezakegu.
—Parlamentarismoa modaz pasatu zen.
—Baina ez dugu beste aukerarik. Hala ere, diktadura nahiago baduzue, prest nago boterea nire gain hartzeko.
—Ez, ez! Utikan tirania!
—Hortaz, hauteskunde libreak.
—Botoen zenbaketa sekretua izango da.
—Baina ahaztu zerrenda komunekin. Bakoitzak bere kandidatura bakar eta independentea aurkeztuko du.
—Nire kapelara bota ditzakegu boto-txartelak.
—Nik ez daukat idazlumarik.
—Atsegin handiz eskainiko dizugu bat.
—Hemen duzu.
—Eman dezagun botoa. Etorkizuna gure esku dago.
—Momentu bat! Hauteskundeak benetako jende zibilizatuak bezala antolatu nahi baditugu, ezin dugu besterik gabe alde batera utzi hauteskunde-kanpaina, mundu modernoan horixe egiten da beti hauteskundeen aurretik.
—Tematzen bazara.
—Ados, baina azkar.
—Bilera hasitzat ematen dut. Zein igoko da oholtzara lehenbizi?
—Zu, ezta?
—Nahiago nuke azkena izatea… inoiz ez naiz izan hizlari ona.
—Baina ideia zurea izan da!
—Bai, zu izan zara masei meetingenganako pasioa, politikomania helarazi diezuna. Beraz, zu hasi behar zara.
—Beste erremediorik ez badago… Jummm! Lagun maiteok!
—Gu ez gara zure lagunak, gu jende umila gara! Joan beste norabait kontu horrekin.
—Jaun honek arrazoi du. Demagogiarik ez. Egia hutsa nahi dugu.
—Kamaradok, hemen bildu gara.
—Harira, harira!
—Hemen bildu gara hornidura-arazo larriari irtenbide bat bilatzeko. Kamaradok, ni ez naiz behar duzuen hautagaia. Emaztea eta umeak ditut. Sarritan, iluntzeko lasaitasunean umeak zabuan kulunkatzen nituen, emazteak ilundu arte brodatzen zuen bitartean.  Jaunok! Kamaradok! Imajinatu samurtasunez beteriko irudi goxoa! Ez al zarete hunkitzen?
—Ez da arrazoia! Guztien onerako denean sentimendu pertsonalek ez dute ardura! Umeak kulunka daitezke bakarrik.
—Eta gainera hobeto pasatzen dute.
—Hori da, askoz hobeto. Jolas-orduan, zaldiko-maldikoetan… Ez dute inoren beharrik kulunkatzeko. Ez, umeek ez gaituzte hunkitzen.
—Bai, onartu behar dut, makalaldiak izan ditut, konfiantza falta nigan, nagikeria,  esperentzia galdua… Baina indarberrituko naiz. Zin dagizuet indarberrituko naizela.
—Guk jan egin nahi dugu.
—Mesedez, jaunok, biok batera. Bat bi, hiru!
—Jan e-gin nahi du-gu! Jan e-gin nahi du-gu!
—Ez dizuet gomendatzen…benetan… benetan diotsuet.
(…)

Itzulpena Víctor Morenoren Dale que dale a la lengua liburuko gaztelaniazko bertsiotik egin da.

Ainhoa

One thought on “Slawomir Mrozek-en antzerkia: Itsaso zabalean

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s