Hilek manatzen, biziek segitzen.
Udazkeneko lehen hostoekin batera bueltan gara. Eta argitalpen honek badu antza udazkeneko hosto koloretsuen; Gernika, Zugarramurdi, Pasai Donibane, Lizarra, Zarautz, Ondarru, Gasteiz, Oñati, Tolosa eta Domintxineko lagunei esker, euskararen mosaiko hauxe osatu dugu.
Euskalkien inguruan dagoeneko asko idatzi denez, nahiago izan dugu kontatu. Urteko hilabeteak ipuina aukeratu dugu horretarako, eta Euskal Herriko hainbat txokotako lagunei Teresa Sabaté i Rodié idazlearen ipuina kontatzeko eskatu diegu. Euskara batuan ere irakur dezakezue.
Mila esker lagundu diguzuen guztiei!
Ainhoa, Elixabet, Maite eta Maddalen
Urteko hilabeteak
«Orain dela urte asko Urteak eguraldiaren gorabeherak zuzentzen zituen. Baina zahartzen ari zenez, lan hura bere semeei pasatzea erabaki zuen.
Haizeari deitu zion eta honela esan zion:
—Zoaz nire semeen bila eta niregana etortzeko esan. Eguraldiaren gorabeherak bere eskutan utzi nahi ditut.
—Bai jauna. Zuk esan bezala egingo dut.
Bere jaunak eskatutakoan lehenbailehen egin ahal izateko zaldi bat hartu zuen Haizeak. Ipar aukeratu zuen, hura baitzen azkarrena.
Lorez betetako lurralde berde batutara iritsi zen. Etxe handi bat ikusi zuen. Kanpoan gizon bat zegoen. Honela esan zio Haizeak:
—Oker ez banago zu Apirila zara.
—Bai, hala naiz Haize jauna.
—Zure aitak lehenbailehen ikusi nahi zaitu.
Haizeak bere bidaia jarraitu zuen. Baserri handi batera iritsi zen. Garitzan jende asko zegoen.
—Hau al da Maiatzaren baserria?
—Bai —erantzun zuten.
Zekarren mezua adierazi zien eta alde egin zuen.
Asko ibili ondoren Ekainaren lurraldeetara iritsi zen. Denak oso lanpeturik zeuden segatzen. bere aitak ikusi nahi zuela esan zion Haizeak Ekainari. Ekainak joango zela agindu zion.
Ondoren, Uztailaren lurraldeetara zuzendu zen. Denak garia jotzen aurkitu zituen. Uztailarekin hitz egiten zuen eta bere bideari ekin zion.
Arin-arin Abuztuaren lurraldeetara iritsi zen. Musika, dantza eta jana ugariak aurkitu zituen, uzta oparoa ospatzen ari baitziren. Jaunari bere bisitaren arrazoia azaldu zion eta bere bidea jarraitu zuen.
Irailaren lurraldeetan jendea oso lanpeturik zegoen: mahatsa mozten eta otarreak alde batetik bestera eramaten ari ziren. Urteak emandako mezua adierazi zien Haizeak.
Urriaren etxera joan zen Haizea. Ardoa kupeletatik atera eta botiletan sartzen ari ziren. Beste anaiei esandako berbera esan zion Haizeak jaunari eta ondoren joan egin zen.
Azaroaren lurraldeetara iritsi zenean oliba-jasotzaileen kantak entzun zituen. Azaroak mezua jaso zuen eta bere aita ikustera joango zela agindu zuen.
Abenduaren etxeraino abiatu zen. Zerria hil ondoren jakiak prestatzen ari ziren: odolkiak, urdaiazpikoak, ziztorrak… Beste kasuetan bezala, mezua eman ondoren Haizea joan egin zen.
Haizeak, elurrez estalitako lurraldeak topatu zituen. Basamortu zuri harta etxe bakarti bat ikusi zuen. Atea jo zuen eta larruz estalitako gizontxo bat irten zen.
—Urtarrila zara, ezta? Zure aitak ikusi nahi zaituela esatera etorri naiz.
Otsailaren etxerantz abiatu zen eta oso erraz aurkitu zuen. Txabolatxo zahar eta ilun bat zen. Otsailak mezua entzun zuen.
—Zure zaldia nekatuta dago eta jaten emango diot —esan zion Haizeari, eta aitzakia horrekin zaldia aldatu zion.
Haizea Martxoaren lurraldeetara joan zen. Bere bisitaren arrazoia azaldu ondoren, Otsailak zaldia lapurtu ziola esan zien.
Haizea bere jaunaren etxera heldu zenean bere seme guztiez inguraturik aurkitu zuen. Beno, guztiez ez, Otsaila ez baitzen oraindik heldu. Honela esan zien aitak: mundua mundu denetik bakar-bakarrik izan dut eguraldiaren ardura. Baina orain zahartuta sentitzen naiz eta eguraldia guztien artean banatu nahi dut.
Honela jarraitu zuen: hamabi zati egin ditut. Bakoitzarentzat bana. Zazpi luzexeagoak dira, hogeita hamaika egunekoak; lau motzagoak, hogeita hamar egunekoak; eta azkenik motzago bat, hogeita zortzi egunekoa.
Anaiek, adostasunez, eguraldia banatu zuten.
Bitartean Otsaila heldu zen, izerditan eta haserre. Lehena izan nahi zuen eta horregatik aldatu zion zaldia Haizeari. Baina animaliak ezezagunak lurrera botatzen zituen eta horregatik oinez joan behar izan zuen aitaren etxera. Bilerara azkena iritsi zenez, zatirik txikiena eman zioten.
Otsailak protesta egin zuen, baina Urtarrilak honela esan zuen: gutxien nahia ni lehena izatea da, eta hala izango da. Denbora gutxien daukana Otsaila denez, bigarren postua berari ematea proposatzen dut.
Orain badakizue zergatik den Otsaila hilabeterik motzena eta zergatik den bigarrena.
Eta guzti hau gertatu zen garaian animaliek hitz egiten zekiten, arbolek kantatzen eta harriek ibiltzen.»
Iturriak
Ipuina: Teresa Sabaté i Rodié, Rita Culla i Perarnau, Urteko hilabeteak, 1991, ttarttalo, Folklore saila 2.
Irudia: Wassily Kandinsky, Squares with concentric circles, 1913.