Otsemea. Alfonsina Storni.

«Eta otsoak Txanogorritxo mokadu batez jan zuen» kontatzen zigun amak lokartu aurretik, eta gu poz-pozik joaten ginen ohera, Txanogorritxok eta amonak otsoa garaitzen zutelako, eta ehiztariak animalia maltzurra hiltzen zuelako. Txikitatik erakutsi digute otsoa gaiztoa, ankerra, arriskutsua eta odolzalea dela, eta zerrenda hori askoz gehiago luza genezake, kutsu negatiboa duten beste hamaika adjektiborekin.

Badago, hala ere, otsoa izateaz harro dagoenik, edo, hobeto esanda, otsemea izateaz. Hori adierazten digu Alfonsina Stornik bere Otsemea poeman. Martxoan idazle horren beste bi lan euskaratu genituen, eta gaur ekarri dugunak bere lekutxoa behar zuen gure blogean. Espero dugu zuen gustukoa izatea, eta barruan daukazuen otsemea esnaraztea.

descarga

O T S E M E A

Otsemea bezala,
artaldea utzita,
mendira joan nintzen
lautadetatik ihes.

Maitasun lege gabeak semea eman zidan.
Aske nintzen, uztarririk gabeko idia,
baina besteek zuten uztarria agerian.
Nik neuk egin nahi nuen aurrera ezarian.

Begira zenbat barre algara nire kontura.
Denak dabiltza balaka arditxoen modura,
otsemea sartu baita ukuiluan bat-batean,
eta hura baitator sasietatik zuzenean.

A ze koitaduak artaldeko ardi otzanak!
Ez izan beldur, ez zarete otsemearen jana.
Baina ez egin irri, hortz finak ditu eta.
Basoan ez da aritzen horiekin txantxetan!

Ez dizue artzaina lapurtuko, egon lasai;
norbaitek esan eta sinetsi zenuten garaiz.
Baina funtsik gabe, ez dakielako lapurtzen.
Otsemeak daki ordea hortzekin akabatzen.

Ukuiluan sartzeko arrazoi bakarra,
artalde ikaratua ikusteko beharra.
Beldurra ezkutatzen du irrien artean,
erresumin nabaria haren begitartean…

Gai bazarete, otsemeari aurre egin
eta kumea lapurtu, ez izan buru arin.
Artaldea baturik, ez eraman artzainik…
Ausardiarekin aurre egin! Zuek bakarrik!

Arditxoak, bai ñimiñoak zuen haginak!
Jabe barik ezingo duzue egin aitzina.
Mendi malkarrean tigrea zain baduzue,
defendatu ezinean, hil egingo zaituzte.

Otsemearen antza dut nik. Beti bakarti
eta ardien burlati. Aurrerantz noa beti,
eskuekin lan egiten bainaiz trebea aski,
eta buruan ez baitaukat inolako gaitzik.

Jarraitu ahal banauzue, ez geratu aparte.
Zutik nago, bizitza eta etsaia parez pare,
eta haren haserreak ez nau batere beldurtzen,
sastakaia baitut uneoro heltzen.

Seme-alabak lehenik, eta ni ondorengo,
borrokatu behar dena dator azkenengo.
Maitasun liliekin dut amets egiten,
baina ez zaizkit inoiz horiek loratzen.

Otsemea bezala,
artaldea utzita,
mendira joan nintzen
lautadetatik ihes.

Maddalen

2 thoughts on “Otsemea. Alfonsina Storni.

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

  2. Pingback-a: Storniren arkatza. | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s