Euli jakintsua

Leopoldo Alas “Clarín” idazle klasikoaren kontakizun bateko pasartea dakarkizuegu gaur Berbaratzara. Fantasiazko testu existentzial bat da; idealismoa, umorea, fantasia… denetik dauka narrazioak. Ez da istorio osoa, testu luzeegiek gure ataria astunduko luketelako; horregatik, amua botako dizuegu, eta gustatzen bazaizue, jarraitu arrantzan zuen aldetik!

original

EULI JAKINTSUA
LEOPOLDO ALAS “CLARÍN”

Eufrasio Makrozefalo jaunak sancta sanctorumean murgiltzeko aukera eman zidan gau batez, bere ikasgelan, ikasgela edo bulego baino gehiago, liburutegi-egongela moduko bat zirudien hartan: paretak liburu errespetagarri mardulez josita zeuden, zeinen salmenta-prezioa asaldagarri igo zitekeen Eufrasio jaunak azken arnasa emandakoan, zientziaren harribitxi horiek enkante publikoan saltzen ziren egunean; bada, Aristotelesek berak asko balio badu, Makrozefalo jakintsuaren jabetzako Aristoteles batek are gehiago balio beharko luke nire laguna konprenitzeko gai den edozein liburuzale amorraturentzat. Nire helburua Eufrasio jaunaren liburutegia bisitatzean, autorea edozein izanda ere, nirekin neramatzan oharrak egiaztatzea zen, han baitzeuden beste edonon aurkitzeko zailak ziren liburuak; eta, hain izan zen handia eruditoaren eskuzabaltasun ezohikoa, bakarrik utzi baininduen jakinduriaren santutegi hartan, bera ez-dakit-zer Akademiatan zegoen bitartean animalia deitzen zion Memoriaren bati buruzko sari bati uko egiten, ez animalia deitzen zitzaiolako, baizik eta frogatu zuelako izakien eskalan ez dagoela etenik.

Eufrasio jaunaren liburutegia hain zen gela jantzia, hain zegoen hermetikoki itxita ezkutuan sar zitekeen aire lotsagabe txikienarentzat ere, ezen ez baitzirudien han sekula eztul bakar bat ere egin zenik, ez eta hotzeria adieraz zezakeen beste adierazpenik ere: Eufrasio jaunak ez zuen nahi hoztea, bere eztulak meditazio sakonetatik desbideratuko zukeen-eta. (…)

Luzaroan gozatu nuen epeltasun goxo hura, ordura arte zientziatik hain urrunekotzat jotzen nuena; hotza iruditzen baitzitzaidan zientzia, ia izozterainokoa. Bakarrik nengoela uste nuen, Makrozefaloren etxean ezin baitzen saguez hitz egin, kimikari bikaina zen-eta: karraskarien Borgia bat bezalakoa. Ni isilik nengoen, eta liburuak ere bai; bizkarretako idazkiek gauza asko esaten zizkidaten arren, soinurik atera gabe esaten zidaten dena; zalaparta bakarra, han, tximinian entzuten zen. Ahal bezain ozen ari baziren ere, ez zen zarata handia, egur kiskaliak itzaltzen ari baitziren.

Idatzita neramatzan aipuak salbatu beharrean, patxadan eseri nintzen kulunkaulkian, sutontziaren ondoan, eta lozorro goxoan fantasia nagia aske utzi nuen, nahieran, pentsamenduari nahi zuen bideetatik joaten utziz. Baina fantasia kexu zen, jakituriazko pareta haien artean espazioa falta zitzaiola-eta, ezin zituela hautsi paretok, harrizkoak balira bezala. Nola zeharkatu lasai Platonek esandako guztiaren jakitun ziren liburuak, eta Leibnitz! oihu egiten zutenak, edo Deskartes!, San Agustin!, Entziklopedia!, Munduaren sistema!, Arrazoimen puruari kritika!, Novum Organum! ziotenak. Jakintzaren munduko guztiak nire irudimen pobrearen eta inguru librearen erdian zeuden. Ezin nuen hegan egin. “Tira! —esan nion—; bilatu ezak hire zorakeriak elikatzeko bazka esparru txiki honetan. Jakintsu baten etxean hago; isiltasun honek esango dik, ba, zerbait! Ez al dago hemen filosofoen bizitza misteriotsuari buruzko ezer? Ez al dago airean, hire begien ikusgai, Eufrasio jaunaren pentsamenduen zantzurik? Edo haren sufrimenduen, esperantzen edo pasioen arrastorik? Hain jakintsua bada, izango dik-eta zerbait”. Nire fantasiak ez zuen ezer entzuten; baina, une horretantxe burrunba isil bat igarri nuen bizkarraldean, oso burrunba bitxia: bazuen euli baten burrunbaren antzik, baina bazuen urrutiko hitz isil eta nahasien antzik ere.

Orduan esan zidan fantasiak: Entzun duk! Horixe duk misterioa! Zurrumurru hori espiritu batena izan zitekek, akaso Eufrasio jaunaren jeinuak hitz egingo zian, edo Makrozefalok potoren batean sartuta izango duen deabru batek, hitzaren zentzu onenean ulertuta”. Mahai gaineko oliozko lanpara ia osorik estaltzen zuen transparentzien pantailan itxura tristeko euli bat pausatu zen; triste zirudien, hego zikin, erori eta erdi-hautsiak zituelako, gorputza argal-argala, eta kolorea… eulien hegoen kolorea zuen. (…) Kulunkaulkia mahaira gerturatu nuen, eta belarria pantailaren ertzeraino eraman nuenean entzun nuen eulia zer esaten ari zen, ondo entonatuz eta nire presentzia lotsagabeari ezikusi eginez, aktore famatu askok nahiko zuketen baino hobeto:

—Gertatu zen Eulietxeko monarkia
gorenean; erregea, edonor baino ausartagoa
zena, aberastu zenean handikia,
bularraldea egin zitzaion emeagoa.1

—Nor dabil hor? Hospes, quis es? —egin zuen oihu euliak ikarati, hain gogotsu errezitatzen zebilen Villaviciosaren bertsoak bertan behera utziz; izan ere, nire bizarrak ukitu txiki bat egin zion pantailari, eta hark burrundara lazgarria sentitu omen zuen, hantxe baitzebilen hara hona dotoreziaz, herrenak uzten zion neurrian—. Barka nazazu, jauna —jarraitu zuen hizketan—, susto ederra eman didazu; urduria naiz, zinez urduria, eta gainera miopea ere banaiz, eta arreta gutxi jarri ohi dut, horregatik ez dut nabaritu zure presentzia.

Ni zur eta lur nengoen; ez nekien nola erantzun hain ongi hitz egiten zuen euli hari, eta gainera bertso klasikoak errezitatzen zituen.

—Barka zaidazu zuk, jauna —esan nion azkenean, kortesiaz agurtuz—; ez nekien munduan bazenik hain adierazkortasun handiko dipterorik, literaturzale primate gutxik irakurri dituzten poemak buruz ikasten zituenik.

—Ni poliglota naiz, jauna; nahi baduzu, Batrakomiomakia2 errezitatu diezazuket grezieraz, edo Mosquea osoa bestela. Horiek dira nire olerki gogokoenak; zuentzat barre egiteko olerkiak izango dira, baina niretzat egundoko epopeiak dira, saguak eta igelak niretzat benetako erraldoiak baitira, eta haien arteko borrokak harrigarriak iruditzen zaizkit, ez dira txantxetako gauza. Nik Batrakomiomakia irakurtzen dut Alexandrok Iliada irakurtzen zuen modu berean…

Arjomenos proton Mouson joron ex Heliconos…3

Ai! Orain literatura atsegingarri honi eskaintzen diot neure burua, irudimena freskatzen dit, nekatu naiz poesiaren iturri oro lehortzen duten zientzia zehatzak eta natur-zientziak aztertzen; nekatu naiz pergamino haustuen artean hainbeste denbora pasatzen, karaktere erruniko eta kuneiformeak, zeinu hieratikoak eta hieroglifikoak, eta abar, dezifratu nahian…; nekatu naiz pentsatzen, eta nekatu naiz filosofiak dakarren desengainuarekin sufritzen; egiaren bila igaro nuen nire gazte-denbora osoa, eta orain, bizitzaren onena amaitzear denean, edozein gezur atsegin bilatzeko gogoz nabil, Leteok ‒ahanzturaren ibaiak‒ bezala, dakizkidan egiak ahazteko balio diezadaten. (…)

1 Don José Villaviciosaren La Mosquea (1615) poema epiko-burleskoko bertsoetakoetako bat.

2 Batrakomiomakia, grezieraz Βατραχομυομαχία, Iliadaren parodia epiko bat da. Izenburuak igelen eta xaguen arteko gerra esan nahi du.

3 Batrakomiomakiako lehen bertsoa. Hasteko, Musen koroari eskatzen diot Helikonatik…

 

Ainhoa

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s