Apurtutako hortza

Hegoamerikako ukitua du gaurkoan Berbaratzak! Izan ere, Pedro Emilio Coll (Caracas, 1872-1947) venezuelarraren istorio labur bat ekarri dugu euskarara: Apurtutako hortza. Agian zuk ere apurtuko zenuen noizbait hortzen bat, edo beharbada amestu duzu; baina seguru ez duela Juan Peña gazteari gertatutakoaren antz zipitzik. Irakurketa on!

coll-pedro-emilio

Pedro Emilio Coll

Apurtutako hortza

 

Juan Peña hamabi urteko mutikoa lagun bihurri batzuekin borrokan zebilenean, errekarri batek hortzean jo zion; odol isuriak aurpegiko zikinkeria garbitu zion, eta hortza zerra formarekin apurtu zen. Egun hartan hasi zen Juan Peñaren urrezko aldia.

Mingainaren puntaz etengabe miazkatzen zuen apurtutako hortza. Gorputza geldirik, begirada nagi; ez zuen pentsatzen. Iskanbilatsua eta liskarzalea izatetik, isila eta lasaia izatera igaro zen.

Juanen gurasoak, ordurako bizilagun eta oinezkoengandik hainbeste kexa entzuteaz aspertuta, eta errieta zein zigorrak agorturik, txundituta eta nahigabetuta zeuden Juanen bat-bateko eraldatze harekin.

Juan ez zen kexu eta orduak igarotzen zituen hieratiko, estasiatuta balego bezala; bitartean, han barruan, itxitako ahoaren iluntasunean, mingainaz igurzten zuen apurtutako hortza. Pentsatu gabe.

—Mutikoa ez dago ondo, Pablo —esaten zion amak senarrari—; medikuari deitu behar diogu.

Mediku potolo tripa-handia iritsi zen, eta diagnostikatzeari ekin zion: pultsu ona, masail gorri-gorriak, apetitu ederra, gaixotasun sintoma bakar bat ere ez.

—Hara —esan zuen azkenik medikuak, azterketa luze baten ostean—, nire lanbidearen santutasunagatik ezin dizut aitortu…

—Zer, mediku jauna? —moztu zion amak nahigabetuta.

—Zera, zure semea ondo baino hobeto dagoela. Bistan da, ordea —jarraitu zuen ahots misteriotsuz—, kasu ezohiko baten aurrean gaudela: andre agurgarria, zure semeak gaur egun pentsatzearen gaitza gisa ezagun dena dauka; hitz batean, semea filosofo goiztiarra da, jenio bat beharbada.

Ahoaren iluntasunean, Juanek mingainaz igurzten zuen apurtutako hortza. Pentsatu gabe.

Medikuaren iritziaren oihartzuna familiarteko nahiz lagunengana iritsi zen, eta horrek poz deskribaezina eragin zien Juanen gurasoei. Laster herritar guztien ahotan zegoen “haur mirariaren” kasu miresgarria, eta haren fama kez handitutako paperezko bonba bat bezala areagotu zen. Eskolako irakasleak ere, Juan mundu osoko bururik mozoloenetzat jotzen zuen arren, iritzi orokorrari kasu egin zion, herriaren iritzia zeruko hitza delako. Batzuk gutxiago, beste batzuk maizago izaten zuten hizpide adibideren bat: Demostenesek harea jaten zuen, Shakespeare mutil bihurria zen, Edison, eta abar.

Begien parean irekitako liburuen aurrean hazi zen Juan Peña, baina ez zituen irakurtzen, arreta galarazten baitzion apurtutako hortzaren zerra txikia mingainaz igurztearen zereginak. Pentsatu gabe.

Gorputzarekin batera, handitu egin zen gizon burutsu gisa zuen sona, jakintsua eta “sakona”, eta inor ez zen aspertzen Juanen gaitasun miresgarria goraipatzeaz. Gazte zela, emakumerik ederrenak saiatu ziren beraiek baino gehiago zen espiritu hura limurtzen eta konkistatzen, zeina meditazio sakonei emana baitzen, besteen begietan; baina ahoaren iluntasunean, apurtutako hortza milizkatzen zuen. Pentsatu gabe.

Hilabeteak eta urteak pasatu ziren, eta Juan Peña diputatu izan zen, akademiko, ministro, eta Errepublikako Presidente izendatzeko zorian zegoenean, apoplexia bat izan zuen mingainaren puntaz apurtutako hortza igurzten ari zela.

Eta hil-kanpaiak jo zituzten, eta dolu nazional zorrotza izendatu zuten; hizlari batek negar egin zuen aberriaren izenean ospatutako hileta-otoian, eta arrosak eta malkoak erori ziren pentsatzeko denborarik izan ez zuen gizon mundial haren hilobian.

Elixabet

 

Jatorrizko testua: Instituto Colombiano de Cultura, Cuentos Venezolanos,  antología de la narrativa venezolana I, Bogotá,  1971, 24-26 or.

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s