Txakurraren antza al du jabeak?

Amores perros. Hori da Alejandro González Iñárrituren lehen film luzearen izenburua, eta duela aste gutxi estreinatu du film berri bat (The Revenant), baina mexikarraren lehena ekarri nahi izan dugu gaurkoan gure atarira, eta, horren harira, azpidatzien historia labur azalduko dizuegu.

alejandro-gonzalez-inarritu (1)

Mexiko Hirian jaio zen González Iñárritu 1963ko abuztuaren 15ean. Europan eta Afrikan egon zen 17 eta 19 urte bitartean, Mexiko utzi eta zama-ontzi batean itsasoratzea erabaki baitzuen. Jaioterrira itzuli zenean, komunikazioa ikasteari ekin zion Universidad Iberoamericana delakoan, baina ez zuen luze iraun. 1987an ikasketak utzi zituen teoriatik praktikara pasatzeko nahiak bultzatuta; WFM irrati katean lanean aritu zen, eta Mexiko Hiriko katerik arrakastatsuena izan zen garai hartan. Irratiko esperientzi hark eragina izan zuen Iñárriturengan, eta hori ere ageri da Amores perros  filmeko musikaren aukeraketan. Beranduago, 90. hamarkadan, telebistan aritu zen, film batzuetarako musika konposatu zuen, laburmetraiak eta iragarkiak zuzendu zituen. Garai bertsuan antzerki zuzendaritza ikasi zuen Los Angelesen. Mundu horretan murgilduta zegoenean, Raúl Olverarekin batera Z Films sortu zuen, hots, komunikazio eta publizitate talde bat. Eta enpresa hori izan zen Amores perros filma ekoiztu zuenetako bat. 1999an zuzendu zuen Iñárrituk lehen film luzea Mexiko Hirian, jaioterrian, eta urtebete beranduago estreinatu zen Canneseko Zinemaldian, baita arrakasta itzela eskuratu ere. Laster etorri ziren film gehiago: 21 Grams, Babel, Biutiful, Birdman eta The Revenant. Hamaika sari eta izendapen lortu ditu mexikarrak zinemaldirik ospetsuenetan.

filmak

Zinemagilearen hasierako urrats hura handia izan zen, segurtasunik gabea, baina aldi berean gordina, lotsagabea eta ausardiaz betea. Hari esker, XX. mende amaierako Mexiko Hiriaren erretratu aparta ikusi zuen hainbatek mundu osoko zinemetan. Narratzailea orojakilea izan arren, ikuslearen esfortzua eskatzen du filmak. Hiru istorio kontatzen ditu modu oso berezian, eta ikusleak elkarrekin lotu nahiz eraiki egin behar ditu. Une batez hiru istorio horiek bat egiten dute, hiri berean, kale eta egun berean, trafiko istripu latz batean. Hortaz, Latinoamerikako megapoliaren mende amaierako errealitatea eraiki behar du ikusleak. Izenburuari dagokionez, lotura estua du argumentuarekin; batetik, hainbat maitasun mota irudikatzen ditu filmak horregatik pluralean; bestetik, txakurren noblezia azpimarratu nahi du, nahiz eta istorioan zehar jabeek duintasunik gabe jokatzera behartzen dituzten; azkenik, hitz joko aparta ere bada, txakur hitzaren zentzu okerraz baliatzen baita pertsonaiei gertatuko zaizkien txakurkeriei erreferentzia egiteko. Eta horri gehitu behar zaio txakurrak ere istorioen protagonista direla. Beraz, izenburu borobila eta esanahiez betea.

Hainbat gai agertzen dira Amores perros filmean, baina guztien gainetik nabarmentzeko modukoa da Mexiko Hiriko bizimodua. Hainbat ikuspuntutatik erakusten du filmak hiriburua. Matxismoa agerikoa da, genero indarkeria, maitasun posesiboa, bizirauteko borroka, indarkeria, utopia ezkertiarren porrota eta neoliberalismoaren garaipena. Horrez guztiaz gain, Mexikoko zenbait arazo bereizgarrik ere presentzia nabarmena dute, hala nola, txakurren borrokek, lapurretek, eta klase sozialen arteko alde ikaragarriak. Aipamen berezia merezi du diruaren errepresentazioak; ia film guztian zehar presente dago, baina, kasu gehienetan, pertsonaiek sozialki emankorrak ez diren jardueretatik lapurretak, gezur mediatikoak, hilketak, txakurren borrokak lortzen dute dirua, eta horri gehitu behar zaio merkantzien ekoizpena ez dela agertu ere egiten. Indarkeria da dirua lortzeko bide nagusia, eta, beraz, ondoriozta daiteke Mexikoko eraginkortasun ekonomiko eza erakustea zela zuzendariaren helburuetako bat. Bestalde, munduan katoliko gehien dauden herrialdeetako bat da Mexiko. Hori dela eta, pasiboki bada ere, behin eta berriz agertzen da erlijio kristaua Amores perros filmean: gurutzeak, Kristoren estatuatxoak, eta baita Juan Pablo Bigarrena Aita Santuaren egutegi bat ere. Emakumeen paperari dagokionez, istorioaren arabera aldatu egiten da. Baina hitz gutxitan esanda: genero indarkeria nabarmena da, emakumeetariko batzuk emantzipatuta daude eta familia gehienetan ama bakarrik ageri da. Gizonaren arrastorik ez. Errealitatean ere halaxe gertatzen da, Latinoamerikan asko baitira emakumeek zuzentzen dituzten gurasobakar familiak, asko dira emaztea edo neskalaguna egurtzen duten gizonak. Asko dira. Gehiegi.

Drama galanta, baina, melodrama tipikoa al da? Melodramaren esanahia errepasatuz gero, konturatuko gara pertsonaien sentimenduak musikaren bitartez areagotzean datzala. Amores perros film luzeko pertsonaiek, ordea, ez dituzte sentimenduak biziagotzen, errealitatea modu gordinean erakusten baizik. Errealitate hori nola sentitzen duten erakusten du filmak, gehiegikerietan erori gabe. Pulp fiction filmarekin alderatu ohi da Amores perros, baina Tarantinoren odol jario geldiezinen arrastorik ez dago mexikarraren film honetan, eta atsekabea, amorrua eta errukia sentiarazten baditu ere, istorioaren errealismoak berak eragiten ditu. Ez dago hiperbolerik. Pertsonaiak ez dira «onak» edo «txarrak», melodrametan ohikoa bada ere. Baina, zenbait unetan, txakurrek basakeriak egiten dituzte pertsonen ankerkeriak bultzatuta. Bestalde, mexikarraren film luzeak baditu melodramen ezaugarri ohiko batzuk: batetik, amodiozko triangeluz osatuak daude hiru istorioak; bestetik, bortizki eta azkar aldatzen dira eszena kontrajarriak, sexua eta jipoia nahasten dira. Bat-bateko aldaketarik handiena, ordea, trafiko istripuak eragingo du, pertsonaia nagusien bizitzak erabat aldatuko baititu. Eta hiru istorioek bat egingo dute une horretantxe, ezustean, modu lazgarrian.

amores perros

Gatozen orain azpidatziei buruz hitz egitera. Praktikara beharrean, teoriara mugatuko gara gaurkoan Berbaratzan eta, film honen harira, azpidatzien historiari buruzko kontu aipagarri batzuk kontatuko dizkizuegu.

Azpidatzien eta zinemaren jatorria garai bertsukoa da. Asmakizun iraultzaile bati esker sortu zen zinema mutua 1895. urtean Parisen, zinematografoari esker, hain zuzen ere. Lehen filmetan, elkarrizketarik ez egotean, ez zegoen hizkuntzen artean zubirik eraiki beharrik. Azpidatziak kasu bakanetan erabiltzen ziren, irudietako testu idatziak itzuli behar zirenean soilik.  Lehen azpidatziak 1907an egin zituzten estatu batuetako film batean ‒Uncle Tom’s Cabin (Chaume, 2004, 42)‒, eta arrakastatsua izan zen molde berri hori, ikusle askoz gehiagok baitzuen film bera ikusteko eta ulertzeko aukera. Hasieran, ordea, ez zen aho batez onartua izan eta aipagarria da 30. hamarkadara arte bertsio mutu bat egiteko ohitura zegoela, zine soinudunarekiko beldurra edo konfiantza falta zela eta (Chaume, 2004, 44). Dena den, laster egin zuen bere bidea soinudun zinemak eta azkar gailendu zitzaion ordura arteko zinema mutuari. Elkarrizketak hizkuntza batetik bestera ekartzeko, herrialde batzuk hasiera-hasieratik azpidatziak erabiltzeko joera izan zuten, Holandak eta Sueziak, besteak beste; aldiz, beste herrialde batzuk, herritar askok irakurtzen ez zekitelako edo arrazoi ideologiko nahiz politikoak zirela medio, bikoizketa erabili zuten. Horixe izan zen esate baterako Frantzia, Espainia, Italia, Japonia edo Alemaniaren kasua.

Geroztik aldatu dira gauzak, baina orduan azpidatzien aldeko apustua egin zuten herrialdeek aukera hori hobesten dute, eta berdin gertatzen da bikoizketaren aldeko apustua egin zuten herrialdeekin. Kostu ekonomikoari dagokionez, bikoizketak garestiagoa izaten jarraitzen du eta gaur egun azpidatziak egitea baino hamar edo hogei aldiz garestiagoa da. Horregatik herrialde askok, txikiak direlako, aurrekontu txikia dutelako edo iraganean hala erabaki zutelako, azpidatziak erabiltzen dituzte. Euskal Herrian ibilbide laburra du bai azpidazketak, bai bikoizketak. Agian beharrezkoa litzateke hausnartzea zein egokitzen den ondoen euskal munduaren ezaugarriei. Baina luze jo dezake eztabaida horrek, eta ez zaituztegunez aspertu nahi, beste une baterako utziko dugu. Laburbilduz, beraz, azpidatzien historia zinemari baina, batik bat, soinudun zinemari oso lotuta dago.

Irudiei hitzak gehitu zizkieten, nahiz eta irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duen. Makina bat aldiz entzundako erretolika, eta beste hauxe ere: «todo dueño se parece a su perro». Hitz horiek erabili zituen Iñárrituk Amores perros filma deskribatzean, eta bere ustez Amores perros etenik gabeko garrasi bat da, bi ordukoa. Egia borobila. Baina guztia ez dizuegu kontatuko, nahiko esan dugu dagoeneko! Ikusi Amores perros, eta beste film eta arratsalde gogoangarri bat izango duzue zeuen oroimenetan.

Elixabet

Amores perros (2000). Dirección: Alejandro González Iñárritu. 153 min., color, 35 mm, producción: Altavista Films, Zeta Films. México

Nestor García Canclini, Culturas híbridas, México, Grijalbo, 1990.

Ingler; T. Stauder (eds.), Negociando identidades, traspasando fronteras, Tendencias enla literatura y el cine mexicanos en torno al nuevo milenio, Ibero-americana/Verwert, Universidad Erlangen-Nuremberg, Madrid, 2008.

https://www.youtube.com/watch?v=yKxDZxsH3r8

https://www.youtube.com/watch?v=slaYgTy2MPE

One thought on “Txakurraren antza al du jabeak?

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s