Bada kondaira bat, marinelek egi borobila dela zin egiten duten kondaira. Arrain bati buruzko istorioa da, ume, gazte, nagusi eta zaharren artean ahoz aho pasa dena, eta oraindik ere badira gauren baten urrunean distira ikusi dutela diotenak…
Antonio de Nino italiarrak folklorea eta idaztea maite zituen biziki eta hori argi islatzen da bere lanik esanguratsuenetako batean. Abruzzo eskualdekoa zen jatorriz eta denbora asko pasa zuen bertako elezaharren bilduma bat osatzeko. Bertotik atera dugu, hain zuzen ere, gaur aurkezten dizuegun istorio laburra, zuek erabaki sinetsi ala ez, baina esan bezala, egon badira bertan gertatutakoa baieztatzen duten lekukoak. Irakurketa on!
Arrain distiratsua
Eta aita on bati semea hil zitzaion. Hura hil ondoren ere hamaika ezbehar eta miseria jasan behar izan zituen gizonak; eta zorigaitzekoa izan zen zahartu arte. Zaharra eta zintzoa zen gizona, tinko heltzen zion bizitzari, eta basora joan behar zuen egur bila gero saldu eta ogia erosteko. Emaztea ere zaharra zen, eta askotan gaixotzen zen. Basora bidean beti kexatzen zen. Egun batean, gizonak bizar luzedun jaun batekin egin zuen topo, eta hark hauxe esan zion:
— Zure zorigaitzaren berri dut, eta lagundu egin nahi dizut: tori, hemen dituzu ehun dukat.
Gizonak diruz betetako poltsa hartu eta konortea galdu zuen. Jaikitzean jauna ez zen inondik ageri. Etxera bueltatu zen diruarekin, eta ehun dukatak simaur metan gorde zituen bere buruari esanez “emazteari saltzeko esanez gero, laster bukatuko dira. Nola antolatu pentsatuko dut”. Hurrengo egunean egur bila joan zen. Gauean, afaritan, emazteak mahaia janariz beteta harritu zuen eta gizonak zera esan zuen liluratuta:
— Baina nolatan erosi duzu janari hau guztia?
— Simaurra saldu dut…
— Ene bada, ze zorte txarra! Simaur azpian ehun dukat zeuden!
Egunsentian gizona basora abiatu zen hasperen eginez. Bizar luzedun jaunarekin egin zuen topo berriro, eta gertatutakoa kontatu zion; beste ehun dukat eman zizkion. Gauean, errautsen azpian ezkutatu zituen. Emakumeak errautsak saldu zituen. Gauean, gizonak mahaia prest aurkitu zuen, eta errautsak saldu zituela konturatu zenean, ez zuen afaldu nahi izan eta ohera joan zen, burua hormaren kontra kolpatuz. Emazte gaixoak ere ezin izan zuen lorik egin; a ze nolako zorigaitza! Goizean, basora joan zen berriro gizona, etsita. Bizar luzedun jaunak adorea eman zion, baina oraingo honetan dirua eman beharrean hogeita lau igel eman zizkion, eta zera esan zion:
— Saldu itzazu hauek eta erosi ezazu arrain bat, ahalik eta handiena.
Gizonak igelak saldu zituen eta arrain handi bat erosi zuen, barruan eraztun distiratsu bat zeukana. Gaua zen. Leihotik begiratu zuen arraina eskuan zuela, eskuargi bat balitz bezala. Izugarrizko ekaitza zegoen itsasoan, baina marinelak, leihoko argia ikusirik, salbatu egin ziren. Ondorioz, haiek guztiak argia zegoen lekura hurbildu ziren, eta gizon zaharra topatu zuten arrain distiratsuarekin eskuan. Hauxe proposatu zioten:
— Arrain distiratsua gauero leihoan eskegitzen baduzu, arrantzaren erdia emango dizugu.
Gizonak zin egin zuen. Arrantzaleek haien hitza bete zuten, eta geroztik ez zen miseria izpirik egon gizon zaharraren etxean.
Maite
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza