Konny, kantuan eta borrokan

Artea eta aldarrikapena hainbat modutan uztartu daitezke; adibidez, musikaren bidez, pinturaren bidez, literaturaren edota itzulpenaren bidez. Asko dira beren sorkuntza helburu zehatz batzuetarako erabiltzen duten artistak, hau da, alderdi estetikoaz harago, beren lana borroka baten barnean kokatzen dutenak.

Post honetako protagonistak ere artea modu horretan ulertzen duela oso agerikoa da, Konny du izena eta Berlinetik dator. Artista idatzi dut, baina Konny ez da inondik ere hitz hori entzutean burura datorkigun artista prototipikoa. Egia esateko, ez dakigu bere burua artistatzat duen, agian, berak dioen moduan, istorio kontalari izatetik hurbilago dago. Musika egiteaz gain, idatzi ere egiten du; hala ere, zaila da bere lana topatzea, ez baitugu dendarik independenteenean ere aurkituko. Kaleko musika jotzen du; etxe okupatuetan eta autogestionatutako agertokietan aritzen da punken artean, batzuetan bakarlari gisa, gitarra eta akordeoiarekin, eta beste batzuetan musikari gehiagorekin, Antitüde eta Revolte Springen taldeetan ibili baita. Bere testuek, beraz, kaleko bizitzari eta jendeari buruz hitz egiten digute, okupazioaren alde eta gizarteko talde eskuindarrenen aurka, baina ez edonoren ikuspegitik, baizik eta kalekume baten esperientziatik. Era berean, abestien hitzetan inguratzen gaituen mundu bidegabea aldatzeko nahia sumatzen da, iraultzak porrot egiteko duen arriskua ahaztu gabe. Ez pentsa hizkuntza kultua erabiltzen duenik; bizitza gordina da eta halakoak dira bere hitzak.

Jarraian irakur daitezkeen testuak Konnyren sorkuntzaren erakusle dira. Alde batetik, «Gizon tantakaria» (Der tropfender Mann) izeneko narrazioa itzuli dugu, eta, bestetik, «Lanaren kantua» (Karrieresong) abestia. Besterik gabe, urte askoan bazterrak doinuz betetzen jarrai dezala opa diogu Konnyri, kantuan eta borrokan.

artworks-000053974283-or9x7v-t500x500

“Agian” hitza existituko ez balitz, ez litzateke zalantzarik egonen!

 

 

G I Z O N   T A N T A K A R I A

Gizon bat kalean dago zutik eta tantaka.

Ez dut sekula hor ikusi.

Ez du esan nahi ez dudala jenderik ikusten maiz Berlinen.

Gizon tantakariak ere sarritan ikusi izan ditut.

Noizbehinka, gizon tantakari asko ikusten ditut derrepentean. Euria ari duenean, adibidez, edo igerilekuan. Baina gizon hori estolda-zulo baten taparen gainean zegoen, besterik gabe, tantaka.

«Zalantzarik gabe, estolderiaren tapa gainean dago. Tipoa tantaka ari da!», esan zuen nire aurretik pasa zen emakume batek. Arraroa benetan horrelako zerbait pentsatzea; nik guztiz harrituta begiratuko nioke, gizona estolda-zulo baten taparen gainean ikustean.

Agian ez zen burutazio batere leloa. Hau da, tipoa ez zegoen besterik gabe tantaka (orain arte suposatu dudan legez). Ez, tipoa tantaka ari zen oinezko guztiek honako hau pentsa zezaten:

– Tapa gainean egon behar da geldi, tantaka ari da-eta.

Horrek tanta-jarioari lagunduko balio bezala.

Akaso zerbait ezkutatzen du estolderian, eta inor begiratzera etor ez dadin, orain gainean jarri eta tantaka ari da.

Ze bizkorra!

Agian tanta-makina bat jarri dio berokiari.

Nik ere horrelako bat nahi dut.

Geldi! Ziur hori ezkutuko publizitatea dela.

Zeinek jakin.

L A N A R E N   K A N T U A

Esnatu, abiatu, lan egin eta lotara,
hori da zure egunerokoa.
Etxea garbitu, haurrak zaindu, beste amekin ondo eraman
estresak akatuko zaitu.

Eta aldian behin ergelkeria guzti horrek
harrapatu egiten zaitu,
askatu egiten zara, hamar minutu eseri,
etenaldi bat behar duzu.

Eta orduan nagusia
haserre bizian dator,
eta esertzen ikustean
kalera bota egin zaitu.

Orain enplegu-bulegoan,
ozeanoa duzu gogoan.
Hori zen hasierako plana,
belaontzian ihesean joan.

Haurtzaroa egonean pasa duzu eta sinetsi egin duzu
kontatu dizuten zaborra,
zama-abere bihurtzeko eta gauza onak izateko,
nahiago ezer ez egitea.

Eta ikasketek nazka ematen zizuten,
bizitzan baliagarriak al ziren?
Hala ere, ikasi zenuen eta hezia zara,
lanera joan behar duzu ba!

Guztia paper batzuengatik,
eskuan dituzu orain.
Benetako bizitza hau da,
orain denak zentzua dauka.

Orain uniko aretoan zaude eta zure masailean zehar
malko bat erortzen zaizu isilik eta gogoetak datoz berriz.
Eskola ondoren joan nahi zenuen Afrika edo Tibetera
hiru urte eta dena hasiko da, unia amaitu egin da.

Orain zahar-etxean zaude, gazteagoa izan nahiko zenuke.
Kanpoan zaude; izan ere, ez dute ezer zure truke.
Bizitza azkar pasatzen da, zure oroimena haizeak darama,
inork ez zaitu entzuten, gazteak denborarik ez du.

 

Maddalen

One thought on “Konny, kantuan eta borrokan

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s