Bazen behin, duela urte asko, sugetxo bat. Johann Wilhelm Wolf (1817-1855) idazlearen istorio bat ekarri dugu euskarara aste honetan. Irakurketa on!
Sugea suzko basoan
Johann Wilhelm Wolf (1817-1855)
Uda bero batean, bi artzain gaztek su txiki bat piztu zuten basoan patatak erretzeko. Baina orbelek su hartu zuten, gero lur lehorrak eta azkenik baita egur berdeak ere, eta haize indartsua zebilenez, segituan baso guztiak su hartu zuen. Basoaren ertzean baserritar bat lanean ari zen bere larreetan. Ikusi zuenean suak zuhaitzak irensten zituela, enborretik hasita hosto berdeetaraino, adarrak ere banan-banan, derrepente sugarren artetik ahots batek izenez deitzen ziola entzun zuen. Abiadan gerturatu zen, eta sugetxo bat ikusi zuen han, zuhaitz batera igo zena sugarretatik ihesi; begirada galduarekin begiratzen zion, eta honela zioen:
—Ai! Lagundu sutatik ateratzen!
Baserritarrak makil luze bat hartu eta luzatu zion. Orduan zuhaitza utzi eta makilan kiribildu zen. Baserritarrak, ordea, belarretan utzi eta zulo bat egin zuen lurrean, eta esan zion:
—Etor zaitez, freskuran utziko zaitut, erredurentzako ona da-eta.
Orduan sugetxoak makila utzi zuen eta arrastan joan zen zulora, eta baserritarrak zuloa lurrez bete zuen, soilik animaliaren burua kanpoan utziz. Tarte bat horrela pasa ondoren, sugeak hauxe esan zion:
—Mesede hau itzuliko dizut; ez al zaitu kezkatzen sabeleko min amaiezinak?
—Zeruak baleki —jarraitu zuen baserritarrak—. Gau eta egun gogaitzen nau, ez dut deskantsurik.
—Orduan etzan zaitez lurrean nire ondoan, itxi begiak eta ireki ahoa erabat —esan zion sugetxoak.
Halaxe egin zuen baserritarrak; sugetxoa zulotik atera zen, abiadan irristatu zen baserritarraren ahotik eztarrian barrena, eta sabeletik zazpi musker gazte hartu zizkion, betidanik gaitzitu baitzuten baserritarra. Animaliak ikusi zituenean eta sabela libre sentitzean, gizonak ez zekien zer egin eskertzeko. Orduan sugetxoak honela esan zion:
—Mesede handi bat egingo zenidake? Ez zaizu batere kostako.
—A bai? Esan, ba, azkar —esan zion baserritarrak pozez gainezka—. Nahi duzun guztia, esan eta kito.
—Orduan hartu aizkora eta moztu nire burua —erantzun zion sugetxoak.
—Ene bada! Halakorik ez dut egingo, inolaz ere ez.
Sugetxoak, ordea, arren eskatu zion, eta aurpegiratu zion ez lukeela tontakeria batengatik halako aukerarik galdu behar, harik eta behingoz aizkora hartu eta kolpe latz batez burua moztu arte. Behingoz airean joan zen urrutira sugetxoaren burua, baina gorputzetik printzesa polit-polit bat atera zen, eta honela esan zion:
—Zorigaitzetik atera nauzunez, pobreziatik atera nahi zaitut.
Baserritarrak gaztelura eraman zuen eta, bertan, errege-erreginak poztu ziren iritsi berriak ikusi zituztenean. Ordainsari gisa gurdia eman zioten baserritarrari, printzesa etxera eramateko erabili zuen berbera, urrez betea, eta hain zen pisutsua, zaldiek ezin baitzuten garraiatu; baserritar on hura erreinuko aberatsen bihurtu zen.
Elixabet
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza