Gustura irakurtzen den eleberri horietako bat da Neue Vahr Süd, eta, era berean, gustura itzuli dugula baiezta dezakegu. Sven Regener da liburuaren idazlea, eta gaurkoan mintzagai dugun lana 2004an argitaratu zuen trilogia baten barnean. Bertan, Frank Lehmann gaztearen bizitza kontatzen da; 1980. urtea da eta Bremengo mutilak soldadutza hasi berri du. Protagonista bi munduren artean bizi da: astea kasernan ematen du gainerako soldaduekin batera, eta, ostirala heltzen denean, hirira bueltatzen da beste gazte batzuekin partekatutako pisura. Bi errealitate kontrajarri, beraz; batetik, soldaduak, ofizialak eta lotinantak; bestetik, ikasleak, iraultza ezkertiarra eta, nola ez, mugimendu antimilitarista. Testuinguru horretan, egoera absurdoak nagusituko dira, baita irribarre eginaraziko diguten elkarrizketak ere.
Era berean, eleberriak 80ko hamarkadako Bremen eta Alemania erakusten digu, eta, hortaz, realiak garrantzi handia izango du kontakizunean. Baina zer da realia delakoa? Kontzeptu hori Vlakhov eta Florin teorialariek erabili zuten lehenengoz 1979an, eta geroztik hainbat egilek erabili izan dute itzulpengintzan, besteak beste, Bödeker-ek eta Freese-k. Azken horiek horrela definitzen dute realia:
Kultura edota espazio geografiko batekin lotura duten unitate zehatzak, hau da, kultur ekitaldiekin, instituzio politikoekin, ekonomikoekin, sozialekin eta kulturalekin zerikusia duten objektu edo kontzeptuak.
Elementu horiek, bada, eleberria girotzen dute eta istorioari kolorea ematen diote, eta, hain zuzen ere, realia horrek egiten du hain berezi eta interesgarri Neue Vahr Süd liburua. Bide batez, izenburuari erreparatzea baino ez dugu kultur erreferentzia ugari topatuko ditugula aurreikusteko; izan ere, Neue Vahr Süd Bremengo auzo bat da. Halaber, aipatzekoa da hain gertaleku zehatza duten liburuek irakurketa ezberdina izango dutela hartzailearen arabera; hots, Bremengo irakurleak edo hiriarekin lotura estua duenak eta hiria eta bertako bizimodua ezagutzen ez duenak irakurketa ezberdina egingo dute seguruenik. Lehenengoak kultur elementu horien atzean ezkutatzen dena ulertzeko aukera gehiago du: zer esanahi du 80ko hamarkadan Neue Vahr Süden bizitzeak? Eta garai berean Alemanian soldadutza egiteak? Litekeena da, ordea, xehetasun horiek bigarren irakurleari oharkabean igarotzea. Era berean, irakurketak sentsazio ezberdinak sortuko dizkio bati edo besteari, lehen hartzaileari ezagunak egingo baitzaizkio lekuak, egoerak, errealitateak, etab. Bigarrenak, aldiz, irudimen gehiagoz jokatu beharko du, erreferentziak ezezagunak izango zaizkiolako. Egoera horrek, hortaz, zailtasunak sortuko dizkio itzultzaileari, eta realia guztia identifikatu ondoren, itzulpenean nola jokatu erabaki beharko du, baliabide egokiak erabiliz.
Gogoetak alde batera utzita, gaurkoan euskaratu dugun testua aurkezten dizuegu jarraian, eleberriko lehen elkarrizketa, alegia. Bertan, Frankek berak eta Harryk, protagonistaren aspaldiko gelakideak, parte hartzen dute. Konturatuko zaretenez, orain arte aipatu dugunaren erakusle aproposa izateaz gain, pertsonaiak nola hezurmamitzen diren ikus dezakegu, esaterako, hizkeraren bidez. Honenbestez, eta gehiegi luzatu gabe, irakurketa ona opa dizuegu!
Heimann kafetegitik zetorren Harry, eta patatak maionesarekin zeramatzan eskuartean zeukan poltsan; orduan, tupust egin zuten. Frankek berehala ezagutu zuen, hasieran ahotsarengatik soilik, Harryk oihu egin baitzuen estropezu egin zutenean:
– Kontuz ibili, kabroi hori, edo burua moztuko diat!
– Harry –esan zion Frankek, eta egoera lasaitzen saiatu zen, ahotsean alaitasun pixka bat erakusten, nahiz eta hori izan momentu horretan sentitzen zuen azkena. Harry, pentsatu zuen, Harry hain justu, hainbeste urte eta gero.
– Frankie, hi al haiz?
Harry Franken laguna izan zen garai batean, eskolan zeudenean, baita institutuan ere, hamabi urte inguru bete zituzten arte. Geroztik ez zuten elkarren berririk izan, Harryk eta Frankek bide ezberdin samarrak hartu baitzituzten.
– Harry, aspalditik ez hindudan ikusten –esan zuen Frankek. Eta ez duk harritzekoa, pentsatu zuen, Harryri buruz entzun zuen azken gauza izan baitzen norbaiti lesio larriak eragiteagatik salatu zutela. Duela bizpahiru urte izan zen hori; norbaitek kontatu zion Franki Werder Bremen eta Hamburg SV taldeen arteko futbol partiduarekin lotutako istorio desatsegina, eta, esaten denez, Harryk labana bat erabili omen zuen.
– Motel, janaria erori zaidak ia –esan zion Harryk–. Eskerrak hi haizen, bestela muturreko galanta emango niake.
Bere patata poltsari begiratu, eta Franki eskaini zion.
– Nahi?
– Ez, eskerrik asko –esan zuen Frankek.
– Zer moduz zoak dena? –galdetu zuen Harryk.
– Ba, hortxe –erantzun zuen Frankek–. Aspaldian ez hindudan ikusten, Harry.
– Bai –esan zuen Harryk. Ez zaukaagu askorik kontatzeko, pentsatu zuen Frankek, eta hobe horrela.
– Jada ez nauk hemen auzoan bizi; nire pisua zaukaat, tren-geltokitik gertu –esan zion Harryk.
– Ez zagok gaizki –esan zuen Frankek, ez baitzekien zer gehiago gehitu. Harryrekin edozein hitz izan daitekek okerrekoa, pentsatu zuen urduri.
– Zertan habil? –galdetu zuen Harryk–. Eskolan al hago oraindik?
– Ez, zer ba? Lanbide-modulu bat egin diat –erantzun zion.
– Lanbide-modulu bat? Ez zagok gaizki –esan zuen Harryk. Puntadun botak eta praka eta jaka bakeroak zeramatzan. Jakaren mahukak moztuta zeuden, eta edozer motatako gauzak zituen josita, SV Werder futbol taldearekin, infernuarekin eta zeruarekin zerikusia zutenak.
– Ez zagok gaizki –errepikatu zuen–. Autoekin zerikusia diken zerbait?
– Nola autoekin?
– Ba, lanbide-heziketa, autoekin zerikusia diken zerbait al duk?
– A! Ez, zer ba? –galdetu zuen Frankek, bere nahi bakarra alde egitea bazen ere. Harryk kamiseta estu-estua zeraman jakaren azpitik, eta azpian kurbatzen zitzaizkion muskulu izugarriak eta askotariko tatuaiak ikus zitzakeen Frankek. Horrekin hasi zuan dena, pentsatu zuen Frankek; etengabeko muskulu-entrenamenduak, amaigabeko flexioak eta zabor hori guztia, pentsatu zuen, zeren, garai hartan, Harry gauza horiekin hasi zenean, liskarrekiko interesa galdu zuen Frankek betiko. Urteek aurrera egin ahala, kontu hori bortitzegia bilakatu zen harentzat, eta orduan erabaki zuen indarkeriarik gabeko fasera igarotzea, baina oso bestelako ondorioak atera zituen Harryk egoera-aldaketa hartatik.
– Ez, garraioko eta logistikako teknikaria —esan zuen–. Joan egin behar diat.
– Zure aitarekin? –galdetu zuen Harryk–. Zure aitaren enpresan?
– Ez duk bere enpresa –erantzun zuen Frankek–. Han egiten diat lan, besterik gabe. Joan egin behar diat, kotxea han zaukaat-eta.
Harryk ez zuen halakorik onartzen.
– Hara –esan zuen–. Zure aitaren enpresan bertan, ezta?
– Bai.
– Bai latza, motel –Harryk barre egin zuen–. Zure aitaren enpresan.
– Bai –esan zuen Frankek, eta berak ere irribarre arina egin zuen adeitsuki.
– Nire autoa ez zabilek –gaia derrepentean aldatu zuen Harryk–. Gurasoei bisita egin zieat. Ezin diat martxan jarri, eta hantxe zagok.
– Noski, nire autoa ere bai, aparkaleku bat duk-eta –esan zuen Frankek, eta erantzuna ergela iruditu zitzaion, baina Harry bezalako jendearekin beti zen egokia neurri batean tonto-plantak egitea; batez ere, ez baldin bazenekien nora heldu nahi zuen Harryk. Horregatik, ez zen zuhurra hari besterik gabe jarraitzea edo beste moduren batean ziria sartzea. Azken batean, Harryk erabaki behar dik hizketaldi zentzugabe hau noiz bukatu, pentsatu zuen; bera bezalako jendearekin ez duk komeni azeleragailua gehiegi zapaltzerik.
– Nora hoa, ba, autoarekin? –galdetu zuen Harryk.
– Etxera –erantzun zuen Frankek, guztiz ziur ez zegoen arren. Gustura egingo zukeen beste zerbait, baina ez Harryrekin; argi zeukan hori.
– Etxera? Nora, ba?
– Gurasoen etxera.
Hasteko, ez duk Harry aspaldi ikusi; soldadutza hasi baino justu egun bat lehenago egin duk topo harekin, eta, gainera, berehala lortu dik zu lur jota uztea, pentsatu zuen Frankek. atzamarra zaurian sartzea lortzen dik beti, pentsatu zuen, baita maila mental eta espiritualean ere.
– Eraman nazakek kotxez? Posible duk azkar batean pixka bat desbideratzea?
– Baina nora? –galdetu zion Frankek.
– Esan diat, ba –esan zuen Harryk, eta Franki iruditu zitzaion haserre kutsua atera zitzaiola–. Tren geltokian bizi nauk, hor inguruan.
– Bai, noski, ados.
– Ondo, goazemak ba.
Harryk aurrea hartu zuen, eta Frank atzetik zihoan segika.
– Ba al dakik hik zerbait autoez? –galdetu zion Harryk mespretxuz.
– Ez.
–Traste alua! –Harry aparkalekura joan zen, Ford Capri baterantz, eta ostiko bat eman zion ateari–. Auto alua, erosi berria duk. Kabroiak ez dik luze iraungo.
Franki begiratu zion, komentarioren bat itxarongo balu bezala.
– Agian, asegurura deitu beharko huke –gomendatu zion Frankek.
Harryk begiratu, eta barre egin zuen.
– Asegurura?
– Tira –esan zuen Frankek zalantzati.
– Asegurura? Aseguru puta horretara? Nik? Aseguruko kidea al nauk, akaso?
– Bueno, orduan ezer ez –esan zuen Frankek.
– Ez diat aseguru putarik behar, motel. Kabroiek txatar pusketa hau jaso, eta auto berria eman behar zidatek. Erosi berria duk kaka puta hau.
Autoari beste ostiko bat eman zion, eta beste bat, eta, orduan, interesa galdu zuen.
– Non zagok zure autoa?
Frankek autoa erakutsi zion. Patata-apurrak sasiartera bota zituen Harryk, eta autora igo ziren.
– Ona al duk auto hau?
– Ondo zagok –erantzun zuen Frankek–. Tira, ibili bazabilek…
– Non lortu duk?
– Duela urtebete eman zidaan anaiak. Ez zian nahi. Autorik behar ez ziala esan zian.
– Zure anaiak? Zertan zabilek, ba?
– Berlinen zagok –esan zuen Frankek–. Artista da.
– Artista? –barre egin zuen Harryk–. Zer artista mota da, ba?
– Objektuak egiten ditu, ez zakiat, eskulturak eta.
Harryk barre egin zuen berriz ere.
– Objektuak? Maritxua duk, ala? Baina, zure anaia ez duk maritxua.
– Ez, ez duk.
– Behin, muturra astindu zidaan –esan zuen Harryk, benetako konplimendua balitz bezala–. Garai hartan izan zuan, Lizzards-eko kide izan baino lehen.
– A, bai –esan zuen Frankek, nahiz eta ez zekien Lizzardsak zer ziren, ziurrenik Silverbirds-en aurkariak, pentsatu zuen, baina nahiago zuen galderarik ez egin. Hobe duk Harryri eta Lizzardsei buruz gehiegi ez jakitea, pentsatu zuen.
Geltokirantz abiatu, eta une batez isilik joan ziren elkarren alboan.
– Zenbat zaldi ditik, ba? –galdetu zuen Harryk azkenean.
– Ez zakiat –erantzun zion.
– Horrelako zerbait jakin egin behar duk –esan zuen Harryk–. Kadett bat. Kadettak ez dik asko balio. Bota egin dezakek.
– Tira, ibili bazebilek –esan zuen Frankek tentuz.
– Bai –esan zuen Harryk–. Zergatik ez hago lanean?
Frankek ez zuen gai-aldaketa hori espero. Berriz ere egin dik, pentsatu zuen. Eta betiere min ematen diken tokian. Nik ere hori galde diezaaket, esango ziokeen gustura asko, baina nahiago zuen halakorik ez egin. Oraindik ere ondo gogoratzen zuen Harryk zenbaiti, begien bistatik galdu aurretik, sudurra txiki-txiki egin ziela galdera desegokia egiteagatik. Bazirudien, halere, Harryk ere zerbait jaso zuela ordutik. Frankek ebakiondoak igarri zizkion aurpegian, baita sudurra nahiko desitxuratu eta oker zeukala ere.
– Gaur libre zaukaat eguna. Bihar soldadutzara joan behar diat –min eman zion hori esan beharrak, hain zen irrigarria.
– Hara! Horregatik duk ilea hain motz. Harrituta nengoan. Berez, hippy-plantak dituk. Ezin zatarrago geratzen zaik. Soldadutza… Nik ere joan nahi nian hara.
– Bazakiat –esan zuen Frankek. Harryk, garai hartan, asko hitz egiten zuen horren inguruan, soldadu boluntario izan nahi zuen-eta.
– Baina ez zitean nire beharrik.
– Noski.
– Zergatik? –galdetu zion Franki irmoki, begiratzen zuen bitartean.
– Zergatik zer? –galdetu zion Frankek berriro, ahalik eta inuzenteen. Harryrekin ezin duk arduragabea izan, pentsatu zuen.
– Zergatik noski? Noski zer?
– Ezer ez, zera esan nahi diat, noski… nolabait… ez dakit, poztu hadi, ba.
– Mm…
Une batez, ahopeka hausnartu zuen Harryk. Frank, ordea, errepidean kontzentratuta zegoen.
– Zehatz-mehatz nora? –galdetu zuen geltokira hurbildu heinean.
Bidea deskribatu zion Harryk, eta, azkenean, eraikin berri batetik gertu utzi zuen, pasabide garai baten ondoan. Pasabidea geltoki aurretik igaro, eta Walle-raino heltzen zen.
– Hemen ondo.
– Bakarrik bizi haiz? –galdetu zion Frankek jakinguraz.
– Bai. Zergatik? –esan zuen Harryk mesfidati.
– Ezergatik ez –erantzun zuen Frankek lasaitu nahian–. Ezergatik ez.
– Bai –esan zuen Harryk–. Orduan, ondo ibili. Ondo pasa soldadutzan!
Jaitsi, beste behin biratu, eta autoari begiratu zion kanpotik adi-adi.
– Zergatik zoak zu bezalako norbait soldadutzara? Hippy-tankera duk, baina. Zergatik ez diok uko egin?
– Ez zakiat –erantzun zuen Frankek–. Pasa egin zaidak uko egitea.
– Ze baboa –esan zuen Harryk.
– Bazakiat –esan zuen Frankek, eta, ondoren, atea golpe batez itxi zuen Harryk, eta Frank bakarrik geratu zen bere pentsamendu nahasiekin berriro ere.
Maddalen
Bibliografia:
REGENER, S. Neue Vahr Süd. Frankfurt am Main: Eichborn, 2004.
BÖDEKER, B; FREESE, K. “Die Übersetzung von Realienbezeichnungen bei literarischen Texten: Eine Prototypologie”. TextconText, 1987, vol. 2, 3 zk.
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza