Testigantza marroia

Aurikularrak aspalditik puskatuta dauzkadan arren, bidaiatzen dudanean ez dut aspertzeko tarterik izaten, bateko liburua dela, besteko azkarregi atzean uzten den paisaia. Edo kontu-kontari joaten naiz ondoan edota parean egokitzen zaidanarekin. Sinets iezadazue, ez dauka parekorik.

 road-artistic-edit

Testigantza marroia

2016ko abuztuaren 22an

 

Eguzkiaren argia hain da gogorra, non kolorerik ilunena ere itzaltzen baitu, distira huts bihurtu arte. Infernuan ez da giro. Hego Atlantikoko Eskualde Autonomoan bero izugarria egiten du, itsaskorra. Arrazoi historikoengatik, Nikaraguako eskualde horretan oraindik ere gehienek azal kolore iluna dute, marroi-marroia, baina eguzki izpiak engaina dezake; izan ere, kolorea ezkutatzen du, distira hutsal batekin ordezkatuz.

Orain beroa jasanezina iruditzen zait, ez zait gustatzen. Baina marroia ikaragarri. Norabait joaten banaiz, beti eramaten ditut media beltzak, urdinak. Eta marroiak, noski. Urteak daramatzat Euskal Herrian bizitzen, herritik hirira ibili naiz Gipuzkoan nahiz Bizkaian. Gazteagoa dirudit, badakit, baina baditut dagoeneko berrogeita hamar urte, eta badut oraindik gogoa ikasteko eta bizitzeko. Lan asko egitea tokatu zait, goizeko seiretan jaikitzea eta goizeko ordubatean oraindik ere zutik egon behar izatea. Nikaraguan egindako ikasketek hemen ez didate ezertarako balio, baina orain lasaiago bizi naiz eta denbora daukat, ez doa hegaka. Nikaraguara ere joaten naiz etxean gordetzen dudan eltzeitsua bete xamar sumatzen dudanean. Han bizi da alaba. Nire alaba maitea. Ikasteko esaten nion, eta halaxe egin du. Orain umeekin lanean dabil fisioterapeuta gisa. Sikiera haiek ez dezatela eduki nik bolada luze batez izan nuen bizkarreko mina. Otsoari ere ez diot opa min hori, ezta Nikaragua hego-ekialdea kiskaltzen duen beroa ere. Gorroto dut bero itsaskor hori.

Azkenengoz Nikaraguan egon nintzenean medikuarenera joan behar izan nuen. Eguzkiak erre egiten du han eta azala neurrigabe hazi zitzaidan. Munstro bat nirudien. Ez dut uste hara itzuliko naizenik, eta hala ere, bai han, bai hemen, pentsiorako dirua ordaintzen dut hilero, badaezpada. Marroia. Ze polita den marroia!

 

Elixabet

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s