Ez da oso sindrome ezaguna, eta orain arte ez da hizkuntzalariei eragiten dien gaitzaren inguruan askorik ikertu. Lasai, ez du inolako kalterik eragiten; are gehiago, askok urte mordoxkaren buruan jakin du halakorik igaro duela. Ziur nago gure irakurleetako baten batek ere izango duela hitzen jira-birek sortutako sindromea, eta post hau irakurri ondoren hori diagnostikatzeko gauza izango da. Ni neu duela gutxi jabetu nintzen gaitzaren sintomak pairatzen ari nintzela, fenomeno zehatz baten aurrean beti modu berdinean erreakzionatzen nuela konturatzean.
Fenomeno horrek hizkuntzen lexikoarekin du zerikusia, gure kasuan, euskararenarekin. Ez al zaizue inoiz gertatu % 100 euskalduntzat jotzen zenuten hitz jakin bat beste hizkuntza bat darabilen norbaiten ahotik entzutea? Ideia hori euskararik garbienean adierazita zegoela pentsatu izan duzu bizitza guztian zehar, baina ez da hala. Erdaldun batekin hizketan, liburu bat irakurtzean edota atzerrian bidaiatzean, hitz «euskaldun» hori beste hizkuntza batzuetan ere erabiltzen dela konturatu zara, eta zuk sortutako mitoa segundo batetik bestera irauli egiten da. Fenomenoa hobeto ulertze aldera, hizkuntzalarien sindromearen sintomak eragin dizkidaten hainbat kasu edo hitz argituko ditut jarraian.
Has gaitezen Bartzelonako zinema batean gertatu zitzaidan kasuarekin. Aretora sartzeko itxaroten geundela, hara zer galdera egin zidan lagun katalan batek: «Vulls comprar crispetes?». Harrituta begiratu nion, ez bainuen ulertzen nolatan ezagutzen zuen krispeta hitza eta, noski, ziur bainengoen katalanez palomita hitza erabiltzen zela, gaztelaniaz bezala. Gainera, ezagutzen ditudan hizkuntza guztiek ingelesezko popcorn hartu dute mailegu gisa. Baina hura bai ezustekoa! Katalanek, euskaldunen pare, crispeta direlakoak jaten dituzte zineman. Bada, crispeta hitzaren etimologia aztertzen badugu, latinezko crispus hitzetik datorrela ikusiko dugu. Eta zer adierazten du crispus hitzak? Ba, krispeta bat hoberen deskribatzen duen adjektiboa, kizkur alegia.
Hurrengo hitzaren berri Italiako merkatu batean izan nuen, gonak saltzen zituen postu batean. Bertako kartelak zera zioen: «Gonne fatti a mano». To! Italiarrek ere gure hitz berbera darabilte: gonna. Badirudi, beraz, gure aitak amari oparitu zion gona, zazpi jostunek josia, ez zela hain euskalduna; izan ere, antzinako gaztelanian du jatorria. Horrez gain, latinezko gunna hitza existitzen da, eta antzinako frantseseko gone edo gonne. Hitzaren etimologiak ez gaitu ezustean harrapatzen, zentzuzkoa baita aipatutako hizkuntzekin duen lotura. Hala ere, nahiko harrigarria da inguruko hizkuntza gehienetan erabilera hori desagertu izana, euskaran eta italieran salbu, batek daki zergatik.
Duela gutxi, bereziki harritu ninduen beste hitz batekin egin nuen topo frantses eta ekuadortar batekin hizketan nengoela. Neska frantsesak txakurkume bat zeukan besoetan, eta Ekuadorreko lagunak zer izen zuen galdetu zion. Frantsesak txakurra Chiro deitzen zela erantzun zion, eta, izena entzun orduko, barre-algara artean azaldu zuen: «Animalia gaixoa, Ekuadorren dirurik ez dutenei chiro esaten diegu». Bai zera! Kasualitate galanta, euskaldunok ere txiro hitza erabiltzen dugu. Hala ere, gaztelaniazko hiztegiek, besteak beste RAErenak, ez dute hitza jasotzen. Era berean, iturri etimologikoek ez digute arrasto handirik ematen, eta, beraz, ez dugu hitzaren inguruko informazio nabarmenik. Baliteke, ordea, jatorri espainiarreko chiros (andrajos) hitzarekin zerikusia izatea, nahiz eta, aipatu bezala, kontsultatu ditudan gaztelaniazko iturri lexikografikoetan hitz hori agertzen ez den. Hizkuntzalaritza-kontuak gorabehera, agian ekuadortarrek euskaldunei irakatsitako hitz baten aurrean gaude, edo agian euskaldunek Ekuadorrera eraman zuten garai batean, edo batek daki. Jatorria edozein delarik ere, ezin da ukatu kasu bitxia dela.
Azken hitzaren jatorria argitzeko, Ekuadorretik Mexikora egingo dugu salto; izan ere, bertan bizi den lagun euskaldun bati esker izan dut berba horren berri. Kontua da euskaldun jatorrok kikara edo kikera izeneko ontzitxoan edaten dugula kafea, tea, kamamila eta beste. Mexikoko indigenek, ordea, guk baino lehenagotik erabiltzen dute ontzi hori, kikara hitza gaztelaniazko jícara hitzetik baitator, eta azken hori, nahuatlerazko xicalli («kalabazaz egindako ontzi») berbatik. Are gehiago, portugesek euskararen erabilera berdina mantendu dute, xícara hitza erabiltzen baitute gure adiera edo esanahi berberarekin. Sinestezina benetan hitzak egin duen aparteko bidaia, eta aipatzekoa gaztelaniaz eta euskaraz izan duen hedapen ezberdina, gaztelaniazko jícara hitzak erabilera mugatuagoa baitu. Ziur nago laguna harrituta geratu zela xehetasun guzti horietaz jabetu zenean; nik behintzat aho zabalik entzun nituen haren azalpenak.
Aipatutako egoerak zein antzeko beste batzuk bizitzean, ama-hizkuntza gogora ekarri didan hitza entzun bezain laster, begiak ñirñirka hasten zaizkit, eta irribarrea gailentzen zait aurpegian. Behin baino gehiagotan arraro xamar begiratu didate, nire aurpegiera ulertu ezinean-edo. Une horietan, nire hizkuntzan ere hitz hori existitzen dela azaltzeko beharra sentitzen dut; bitxia benetan, nire hizkuntza ez baitator latinetik, ez dauka jatorri indoeuroparrik, eta… «Egon hadi isilik, aspertu egingo ditun-eta hire hizkuntzalaritza-lezioekin», esaten dit nire barruko ahotsak. Eta orduan, hizkuntzalarien sindromearen sintomak disimuluan gordetzen saiatzen naiz; nire irribarrea pixkanaka baretzen dut, eta elkarrizketan normaltasunez parte hartzeari ekiten diot berriro ere.
Maddalen
Hiztegiak:
- ENCICLOPÈDIA CATALANA, SAU. Diccionari.cat <http://http://www.diccionari.cat/>
- UNIVERSIDAD NACIONAL AUTÓNOMA DE MÉXICO. Gran Diccionario Náhuatl <http://www.gdn.unam.mx>
- EUSKALTZAINDIA. Orotariko euskal hiztegia <http://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_content&view=article&id=276&Itemid=413&lang=eu>
- RAE. Diccionario de la lengua española <http://dle.rae.es/>
- OTTORINO PIANIGIANI. Vocabolario Etimologico della Lingua Italiana <http://www.etimo.it/>
Gogoratzen dut duela zenbait urte, Bereterretxeren kanthoria entzuten ari nintzela, xelebre iruditu zitzaidan hitz batek atentzioa eman zidala:
“Ezpeldoiko bukata,
ala bukata ederra!”
Susmatu nuen kantuaren asmoa ez zela otartekoak laudatzea; beraz, hiztegira jo nuen eta hona esanahia:
“bokata (bukata, bükata, gobada, gobara, bogada)
iz. Batera lixibatzen den arropa multzoa”
Beste batean ere topatu nuen hitz horren aldaera bat: 2009an, Maialen Lujanbiok lehenengo txapelketa nagusia irabazi ondoren egin zuen amaierako agur hunkigarriaren hasieran:
“Gogoratzen naiz lehengo amonen
zapi gaineko gobaraz”
Bada, lauzpabost urte geroago, Bartzelonako kaleetatik nenbilela, saltoki baten gaineko errotuluan zera topatu nuen, letra handi-handitan:
BUGADERIA
Eta barnean, noski, garbigailu ilara bi, auzokoen arropa bueltaka.
Nola da posible katalanak eta euskarak partekatzea frantsesez eta gaztelaniaz existitzen ez den hitza? Okzitanieratik datorrelako.
Egungo diglosiak, beharbada, iradokitzen digu euskararen maileguak gaztelaniatik eta frantsesetik baino ez direla etortzen, euskara haiek konektatu dutela munduarekin eta mendietako gordelekuetatik atera dutela. Baina horrelako aurkikuntza linguistikoek gogorarazten didate Euskal Herria lurreko bidegurutzean zein itsasoari begira egon den herria izan dela, nahuatl zein latin zaharreko hitzen gordailua da euskara.
Grazia egiten didan beste hizkuntzen arteko lotura bat, Donostian egiten duten Keler garagardoa dela eta: Keler izen hori kellerbier garagardo alemaniar motatik dator; alegia, keller edo bodega batean freskatzeko gordetzen den garagardoa (ingelesezko cellar ere horrekin lotuta dago).
Hitz horrek latinean du jatorria:
cella + aarium > cellaarium > kellari > keller
https://en.wiktionary.org/wiki/Keller#German
Bada, euskaraz ere kognatua dugu eta askoz zuzenagoa da:
cella > gela
Ez dakit marketingerako zein zatekeen egokiena, baina! (Ta, bide batez, egungo “zelula” ere handik dator; “cella” txikia, alegia).
Oso post interesgarria, Maddalen!
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza
Eskerrik asko Maddalen. Oso interesgarria. Aspaldi gustatu zait gai hau…eta horren harira….nire arrebaren senarra Macedoniatarra da…eta bera harrituta geratu zen poliki, poliki entzuterakoan….haientzat poleka poleka delako gauza berbera. Ondo izan
Mila esker iruzkinagatik, David!! Ekarpen polita Mazedoniar hizkuntzarena! Benetan interesgarriak dira hizkuntzen artean aurki ditzakegun antzekotasunak, are gehiago familia hain ezberdinetakoak direnean. Ondo segi 🙂