Latinoamerikako hizkuntza aniztasuna I

Mexikotik Antilletara

Berbaratzazaleak, gaurkoan gai berri bat landuko dugu atarian: Latinoamerikako hizkuntzen aniztasuna. Zein hizkuntza hitz egiten dira Latinoamerikan? Zenbat? Zaila da galdera horiek zehatz-mehatz erantzutea, asko baitira egoera oso desberdinetan elkarbizi diren hizkuntzak. Aniztasuna hain da handia, non, bitan banatuko baitugu informazioa. Herrialdeen banaketa geopolitikoa oinarri hartuta, gaur, Mexikon hasita, Erdialdeko Amerikako herrialdeen berri emango dizuegu; eta, datorren astean, Hegoamerikako hizkuntza aniztasunarekin jarraituko dugu.

Lehenik eta behin, hizkuntzak zer diren azalduko dugu labur-labur. Hizkuntza guztiek jatorri bera dute: mintzaira. Moreno Cabrerak honela azaltzen du: «Mintzaira gizakiaren gaitasun berezi bat da, eta horri esker, ahozko seinaleak nahiz keinuak transmititu ditzake intentzio edota eduki jakin bat komunikatzeko (Moreno Cabrera, 2014)». Gaitasun horrek gizakia animaliengandik bereizten du. Hizkuntzak etengabe aldatzen dira eta komunikatzeko aukera zabala eskaintzen dute. Gainera, gaur egun, hizkuntza askok tradizio idatzia dute.

Hortaz, hizkuntzak ondasun publikoa dira, eragozpen berezirik ezean, pertsona orok baitu ahozko seinaleak nahiz keinuak transmititzeko gaitasuna. Halaber, munduko hizkuntzek kultur ondasun ez-material izugarria osatzen dute.

Jarraian Latinoamerikako hizkuntza aniztasuna azalduko dugu, ikuspegi orokor bat osatzeko asmoz. Gutxi dakigu kontinente amerikarrean dauden hizkuntzei buruz eta, horregatik, herrialde guztiei buruzko informazio apur bat bildu dugu. Katalogo xume bat osatzea da helburua, kontura gaitezen indoeuropar jatorria duten hizkuntzez gain, askoz gehiago hitz egiten direla. Ea ba, guztiok zerbait ikasten dugun!

 

Mexiko

Mexikon legeak ez du ebazten hizkuntza ofizialik, nahiz eta biztanleen gehienentzat espainiera mexikarra ama hizkuntza izan. Europarrek inposatutako hizkuntza honetaz gain, hamaika familia linguistiko daude. Hizkuntza indigenen institutu nazionalak (INALI) honako hauek zehaztu zituen: álgica, yuto-nahua, cochimí-yumana, seri, oto-mangue, maia, totonaco-tepehua, tarasca, mixe-zoque, chontal-Oaxaca, huave. Era berean, familia horietan hizkuntza mordoa sailkatzen da; hizkuntza indigenen inguruan eginiko azterketa sakonenak gutxienez 68 hizkuntza katalogatu zituen. Hori gutxi balitz, 364 aldaera linguistiko identifikatu dira.

Guatemala

Erdialdeko Amerikako herrialde honetan, 2003an, hizkuntzen inguruko lege bat ebatzi zuen Guatemalako gobernuak (Ley de Idiomas Nacionales), eta lege horrek dio espainiera dela hizkuntza ofiziala. Herri maia, garifuna eta xinkaren hizkuntzei dagokienez, «Estatuak aitortu, sustatu eta errespetatzen ditu». Hizkuntza horiek oinarrizkoak dira nazioaren identitatearentzat, eta «kontuan hartu beharko dira administrazio publikoan». Hezkuntza elebidun eta kultura artekoaren zuzendaritza orokorraren (Dirección General de Educación Bilingüe Intercultural) arabera 22 hizkuntza hitz egiten dira proto-maia familiaren baitan eta, horiez gain, xinka, garifuna eta espainiera. Lurralde txikia izan arren, hainbat hizkuntza autoktono daude. Tamalez, hizkuntza horien erdiak ez du 20.000 hiztun baino askoz gehiago.

Belize

Nahiz eta ingelesa hizkuntza ofiziala den Erdialdeko Amerikako herrialderik txikienean, Belizeko espainiera hitz egiten dute gehienek. Ingelesa eta espainieraz gain, plautdietsch ere hitz egiten da. Hortaz, nabarmena da indoeuropar familiako hizkuntzen presentzia, baina gainerako herrialdeetan gertatzen den moduan, Belizen ere hitz egiten dira beste jatorri bateko hizkuntzak, esate baterako, garifuna edota proto-maiatik datozen maia quekchi, maia mopan eta maia yucatekoa. Horretaz gain, kreolera ere hitz egiten da; hau da, jatorri desberdinetako hiztunen artean komunikatzeko beharrak eraginda sortu zen hizkuntza.

El Salvador

Salvadorreko hizkuntza ofiziala espainiera da konstituzioko 62. artikuluaren arabera. Hiru herri indigena bizi dira El Salvadorren, nahua pilpil, lenca eta kakawira, eta hargatik, hainbat hizkuntza: nahuat da ikertuena eta hiztun gehien dituena; beste zenbaitek ez dute sasoi bera, hala nola, lenca familiko poton eta kakawira herriaren pisbi hizkuntzek.

Honduras

Pilpil hizkuntza Hondurasen ere hitz egiten zen, baina tamalez, gaur egun ez. Patu bera izan zuten, beste batzuen artean, chorti, lenca eta matagalpak. Beste hizkuntza batzuk arriskuan daude, jicaque-tol familiako tol, esate baterako, eta beste zenbaitek hiztun gutxiegi dituzte, misquitoak, besteak beste, 30.000 hiztunek soilik hitz egiten baitute Gracias a Dios departamentuan. Tawakhak miskitoaren jatorri bera du, eta paya herriak hitz egiten du. Horiez guztiez gain, espainiera ere hitz egiten da, eta ofizialtasuna duen hizkuntza bakarra da.

Nikaragua

Nikaraguako Errepublikako konstituzioaren 11. artikuluak dio Nikaraguako espainiera hizkuntza ofiziala dela. Edonola ere, Atlantikoko kostaldean zenbait hizkuntza indigena elkarbizi dira, miskitoa, adibidez; beste batzuk oso hiztun gutxi dituzte, sumoak eta ramak; eta beste zenbait hil egin dira, sutiaba, beste batzuen artean.

Costa Rica

Costa Rican soilik espainiera da ofiziala, nahiz eta chibcha familiako hainbat hizkuntza ere hitz egiten diren; guztira 24 izan dira identifikatuak eta beste batzuk desagertzear daude. Halaber, otomangue familiako chorotega ere hitz egiten da. Osasun onean dauden hizkuntza indigenetako bi bribri eta guaymia dira.

Panama

Panamaren kasuan ere espainiera da gehien hitz egiten dena eta ofizialtasuna duen bakarra. Orain arte aipatutako herrialdeetan gertatzen den bezalaxe, hainbat hizkuntza daude: emberá, waunaan, moveré, kuna, teribe eta bocotá; bribri eta seie ere hitz egiten dira, baina gutxi. Ingeles oinarriko kreolera ere hitz egiten dute zenbaitek Panaman.

Antillak

Antilletan gehien hitz egiten den hizkuntza espainiera da eta, bai Kuban, bai Dominikar Errepublikan ofiziala da. Edonola ere, konkistaren eta kolonialismoaren garaia baino lehen hainbat hizkuntza indigena hitz egiten zen, hizkuntza arahukoak, besteak beste, eta gaur egun, horien maileguak dauzka uharte hauetan hitz egiten den espainierak.

Iturriak

https://www.academia.edu/7300273/_QU%C3%89_ES_EL_

Mexiko

http://www.inali.gob.mx/

http://www.inali.gob.mx/pdf/CLIN_completo.pdf

Guatemala

http://alertanet.org/guate-idiomas.htm

http://www.mineduc.gob.gt/digebi/mapaLinguistico.html

Belize

http://www.ethnologue.com/country/BZ/languages

El Salvador

http://www.ccniselsalvador.org/node/126

Nikaragua

http://amadeoarticulos.blogspot.com.es/2013/05/las-lenguas-indigenas-de-nicaragua.html

Costa Rica

J. Diego Quesada, Las lenguas indígenas de la Costa Rica actual, Universidad Nacional: Costa Rica.

Panama

http://www.binal.ac.pa/panal/mapa.php?lang=es

Antillak

http://cvc.cervantes.es/lengua/anuario/anuario_10-11/lastra/p04.htm

Elixabet

One thought on “Latinoamerikako hizkuntza aniztasuna I

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s