Kolonbiatik Argentinara
Aurreko asteko postaren jarraipena tokatzen da gaurkoan. Banaketa geopolitikoari jarraituz, eta Erdialdeko Amerikako herrialdeetan hitz egiten diren hizkuntzen aniztasuna deskribatu ostean, heldu da Hego Amerikakoen txanda. Hor doa!
Kolonbia
Kolonbian hamaika hizkuntza indigena hitz egiten dira, bi kreolera, ijitoera eta espainiera kolonbiarra. Guztira 65 hizkuntza indigena baino gehiago erregistratu eta ikertzen ari dira. Hori dela eta, eztabaida bizi-bizirik dago hizkuntzalarien artean, batzuen iritziz 13 familia linguistikotan sailkatzen direlako hizkuntza guztiak, eta beste batzuen ustez gehiagotan. Legeari dagokionez, 2010eko urtarrilaren 25eko hizkuntzen legeak hainbat berrikuntza ekarri zituen. Hizkuntza eskubideak «aintzat hartu nahiz babesten» ditu, eta hizkuntza natiboen «babesa, zaintza eta sustapena» bultzatzen du.
Venezuela
Espainiera ofiziala den arren, «herri indigenen hizkuntzak ofizialak dira errepublika osoan». Horixe dio Venezuelako konstituzioaren 9. artikuluak. Miglazzia eta Capmbellen ikerketen arabera, hamar bat familia linguistikotan sailka daitezke Venezuelan hitz egiten diren hizkuntzak: caribe, chaimas, arawaka, macro-chibcha, guahibo, saliba, macro-pano, tupi, macro-puinave familiko dialektoak. Era berean, hizkuntza isolatuak daude, euskararen kasuan bezala, familia linguistiko batean sailkatu ezin izan direnak, alegia. Guztia 33 hizkuntza indigena hitz egiten dira, baita horien dialekto eta aldaerak ere. Tamalez, horietako batzuek hiztun gutxi dauzkate eta hilzorian daude.
Ekuador
Hego Amerikako herrialderik txikiena izan arren, hizkuntza aniztasuna ez da horren urria. Espainiera Ekuadorreko herritar guztientzat hizkuntza ofizial bakarra izateak beste hizkuntza batzuenganako bazterkeria eragiten du. Quechua da hizkuntza indigenetan gehien ikertu dena, baina beste hamar bat hitz egiten dira oraindik. Ekuadorreko 1998ko konstituzioaren erreformak dio espainiera ofiziala dela eta quechua, shuar eta gainerako antzinako hizkuntzak ofizialak direla herri indigenentzat legeak ezartzen dituen alorretan.
Peru
Gehien hitz egiten den hizkuntza quechua da, nahiz eta beste hainbat existitzen diren. Beste herrialde batzuetan gertatzen den bezalaxe, Peruren kasuan ere lan nekeza da zenbat hizkuntza elkarbizitzen diren zehaztea. Gainera, hizkuntzetako batzuk oraindik ikertu ez direnez, egitekoa zailagoa bihurtzen da. Herrialde honetako hezkuntza ministerioak zenbait ikerketa egin ditu gaur egun hitz egiten diren 47 hizkuntzen inguruan. Horietatik lauk Andeetan dute jatorria, eta gainerakoek, Amazonako oihanean. Hainbat arrazoi dela-eta, hizkuntza asko desagertu egin dira dagoeneko eta beste batzuek patu eta arrisku bera dute. Peruko gobernuak hizkuntza indigenen legea onetsi zuen eta, horren arabera, «hizkuntza indigenen hiztunek beren hizkuntza propioan arreta jasotzeko eskubidea dute gobernuaren edozein instituziotan». Kontua da eskubide linguistiko hori ez dela beti betetzen, eta herritar gehienei ezinbestekoa zaie espainiera jakitea.
Bolivia
Konstituzioak aurrera pausoak eman ditu hizkuntza indigenen mesedetan. Eleanitz, kultura eta nazio anitzeko gisa definitzen du gobernuak Bolivia. Baina teoria gauza bat da eta gehiegitan urruntzen da praktikatik. Edonola ere, 36 nazio eta herri aitortu zituen 2009an konstituzio berriak. Horren arabera «bai espainiera bai hizkuntza indigenak ofizialak dira», eta hizkuntza hauek aipatzen dira bertan: aymara, araona, baure, bésiro, canichana, cavineño, cayubaba, chácobo, chimán, ese ejja, guaraní, guarasuawe, guarayu, itonama, leco, machajuyai‐kallawaya, machineri, maropa, mojeño‐trinitario, mojeño‐ignaciano, moré, mosetén, movima, pacawara, puquina, quechua, sirionó, tacana, tapiete, toromona, uru‐chipaya, weenhayek, yaminawa, yuki, yuracaré eta zamuco. Halaber, gobernuko zerbitzuetan bi hizkuntza ofizial erabiltzen dira: bata espainiera, eta bestea tokiaren araberako hizkuntza indigena bat.
Txile
Latinoamerikako herrialderik luzeenean elkarbizi diren hizkuntza indigena nagusiak hauexek dira: aimara, mapudungun, chesungun, quechua eta rapanui. Tamalez, hizkuntza guztiak ez daude sasoi berean eta batzuk hilzorian daude, hala nola, yagán eta kawésqar. Beste zenbait iraganean geratu dira iltzatuta, inork ez baititu hitz egiten gaur egun: chango, atacameño, diaguita, chono, tehuelche, yagan eta onas.
Paraguai
Paraguaiko hizkuntzen politikari buruzko ataria ireki bezain pronto, espainiera edo guarania aukeratu behar da. Biak dira ofizialak, baina hizkuntza gehiago ere hitz egiten dira, noski. Gutxienez hamaika herri indigena bizi dira Paraguain, bakoitzak bere hizkuntza hitz egiten du, baina gaur egun pertsona gutxi dira; hori da, esate baterako, guanáren kasua, mendebaldeko guaraniarena, baita angaité eta sanapaná hizkuntzena ere. Halaber, plautdietsch ere hitz egiten da, Bigarren Mundu Gerraren garaian hainbat menonita Paraguaira joan baitziren bizitzera.
Uruguai
XIX. mendera arte Uruguain hainbat hizkuntza hitz egiten ziren: charrúa hizkuntzak, guaranitik eratorritako lau hizkuntza eta afrikar jatorrikoak. Denboran zehar gauzak asko aldatu dira, ordea, eta hizkuntza gehienak desagertu egin dira. Gaur egun, espainiera nagusi da Uruguaiko lurretan.
Argentina
Argentina da katalogo honetako azken herrialdea, baina ez du hargatik garrantzi gutxiago. Bertan hitz egiten diren hizkuntza indigenetako batzuk ez dira familia linguistikoetan sailkatuak izan, hala nola, mapudungún eta chon hizkuntzak. Baina beste batzuk honako bost familia linguistiko hauetan sailkatzen dira: mataco-mataguayo, tupí-guaraní, guaycurú eta quechua. Gutxi gorabehera 15 dira familiotan sailkatzen direnak, baina horietako batzuek hiztun oso gutxi dituzte gaur egun. Iraganean hiztun kopurua bikoitza zen, baita hirukoitza ere, baina aldaketek eta egoera berriek hizkuntza horietako askoren patua aldarazi dute.
Ondorioak
Hizkuntza indigena askoren hiztun kopuruak beherakada itzela jasan du azken mendeetan. Historiak argi eta garbi erakusten du hizkuntzen egoera etengabe aldatzen dela, izan ere, batzuk atzean geratzen dira, eta beste batzuek aurrera egiten dute. Horixe bera erakusten du Latinoamerikako hizkuntza aniztasunari buruzko katalogo honek. Zergatik geratzen dira, ordea, hizkuntza batzuk iraganean iltzatuta?
Hainbat arrazoik eragiten du hizkuntza baten heriotza eta, orokortzea sekula ona ez den arren, banaketa geopolitikoaren araberako herrialdeetan hizkuntzekin zer gertatu den azaltzen saiatuko gara. Hizkuntza batzuk isolatuta geratu dira, ez dira garai berrietara egokitu (idazkera, baliabide digitalak, eta abar); globalizazioa izan daiteke beste eragile bat, kasu askotan homogeneotasuna baitakar; beste arrazoi garrantzitsu bat koloniekin hertsiki lotua dago; izan ere, europar jatorriko hizkuntza, ohitura, bizimodu, erlijio eta kulturek bertakoak ordeztu zituzten. Are gehiago, esan daiteke kolonialitatea oraindik bizi-bizirik dagoela, hizkuntza indigenak oraindik ere baztertu egiten baitira, gutxietsi eta ahaztu. Ez dezagun, beraz, akats berbera egin.
Kontuak kontu, heldu gara amaierara eta, hargatik, sarreran aipatutako ideia berbera errepikatuko dut: hizkuntza indigenek sekulako kultur ondasun ez-materiala osatzen dute.
Iturriak
Kolonbia
http://lenguasdecolombia.caroycuervo.gov.co/
Venezuela
https://www.oas.org/juridico/mla/sp/ven/sp_ven-int-const.html
Ekuador
http://congresosdelalengua.es/rosario/ponencias/aspectos/haboud_m.htm
Peru
http://www.minedu.gob.pe/campanias/lenguas-originarias-del-peru.php
http://www.defensoria.gob.pe/blog/las-lenguas-originarias-del-peru/
Bolivia
http://www.unicef.org/lac/BOLIVIA_revisado(1).pdf
http://www.eabolivia.com/blogs/15797-36-idiomas-oficiales-de-bolivia-son-presentados.html
Txile
http://www.humanidades.uach.cl/documentos_linguisticos/document.php?id=86
http://chitita.uta.cl/cursos/2012-1/0000247/recursos/r-1.pdf
Paraguai
http://www.spl.gov.py/es/application/files/9314/6798/1505/MEMORIA_2015_original.pdf
Uruguai
http://www.historiadelaslenguasenuruguay.edu.uy/
http://www.escueladigital.com.uy/historia/precolonial/indigenas.htm
Argentina
http://cuadernos.inadi.gob.ar/numero-04/ana-carolina-hecht-lenguas-indigenas-de-argentina/
http://coleccion.educ.ar/coleccion/CD9/contenidos/recursos/datos-mapas/mapa1.html
Elixabet
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza