Iluntasunean bidaiatzen duen sugea, pasabideetan zehar doana, gelditu, aurrera egin, gelditu, aurrera egin, behin eta berriz lan berbera, eta nekagabe jarraitzen du hala ere. Errepikagarritzat joko dute askok haren lana, baina milaka eta milaka inurritxo hari esker heltzen dira kasik txoko guztietara. Gainera, ez dago bakarrik sugetxoa, lagun ugari ditu, haiekin gurutzatzen da noizean behin, eta “tu tuuu” eginez agurtzen ditu. Batzuetan, gelditu eta elkarrizketatxoren bat izateko tartea ere badute, baina ziztu bizian alde egin behar izaten dute horren ondoren.
Iluntasunean bizi da sugetxoa, bai, baina badu argi propioa behar izanez gero, dena den, bidea buruz daki eta laguntza gabe heltzen da helmugara egunero-egunero. 8 orduko lanaldiak luzetzat jotzen dituzuela? Sugetxoak 19 ordu egiten ditu lan egunean, eta asteburuetan, 24! Atseden hartzeko denborarik ere ez du gixajoak, eta hori gutxi balitz, gaixotzen denean inurriak sutan jartzen dira, haserreturik, suge gaixoari haien arazoen errua leporatuz.
Ez da erraza ez sugetxoaren bizitza, baina arazo guztien gainetik gailentzen da zoriontasuna, egunero haien txokora iristen laguntzen dieten pertsonen poztasuna, eta horrelaxe jarraitzen du sugetxoak aurrera egin, gelditu, aurrera egin, gelditu… Baten batek dio, goizaldeko ordu txikietan “lor dezaket, lor dezaket,…” xurrumurrua ere entzun izan duela metroko tunel luzeetan zehar.
Maite