Makina bat aldiz entzungo zenuen Latinoamerikan emakumeak etxeko zutarriak direla, sendoak, kantariak, gartsuak, ipurtandiak, umoretsuak, nekaezinak. Eta ez da txantxa, emakumea arduratzen baita haurrak hezteaz, eguneroko otorduak prestatzeaz, eta horiek erosteko sosak etxera ekartzeaz; lanordu amaiezinak aguantatzeagatik, etxean nahiz etxez kanpo lan egiteagatik, honegatik eta hargatik meritu itzela dute. Harrigarria da, bai Latinoamerikan bai munduko beste zenbait txokotan, hainbeste lan eta izerdiren ostean emakumeak zergatik ez diren gehiago konkortzen. Edo apurtzen.
Baina… Batzuen errealitatea oso garratza da: goizean ohetik erori orduko lanerako prestatu; bi ordu igaro lantokira iristeko, baina ez kotxean bakar-bakarrik eta gustuko duzun irrati katea entzunez, jendez ipurtzuloraino betetako autobus batean baizik; lantokian zortzi ordutik gora pasa, eta hori guztia hamabostean behin 1.500 peso mexikar irabazteko, hau da, 75 euro inguru; lantokitik etxera, bi orduko bidaiaren ostean, zortea baduzu, eta hiru trafiko handiko ordua egokitzen bazaizu; heldu da ordaindu gabeko bigarren lanaldiaren garaia; badakizu zenbat ordu geratzen zaizkion egunari? Etxean lau aho eta biloba bat dauzkazu, ziurrenik ez ziren hainbeste izango antisorgailuak horren garestiak izango ez balira, kondoi bakar batek 20 peso (euro bat) baino gehiago balio baitu, eta litro erdi coca colak 11 (50 zentimo); aitak eta amak janaria doan ematen dizute, eskerrak!, honezkero gosez hilda egongo baitziren etxeko guztiak hala izango ez balitz; arropa garbitu eta janaria prestatzen duzu familia guztiarentzat, eguna joan eta eguna etorri; eta gizona? Gizon matxoa orain ez da zurekin bizi, nahiz eta ezkondu ostean 17 urte luzez elkarrekin elkarbizi; mozkortia izateaz gain neskazale amorratua, hamaika aldiz engainatu zaitu, lagundu behin ere ez, aldiz, egunero mindu; are gehiago, etxean bizi zen bitartean beste neska batekin ere bizi zen. Zatitu zuen bere bizitza. Eta beste batzuen bihotza.
Ba, sinesgaitza eta amesgaizto hutsa dirudien arren, egia da kontatutako guztia.
Elixabet