Beltza, dena beltz ikusten dut gaur, zer gertatzen zait, baina? Euria ote? Horri leporatuko diot errua gaurkoan, bada, ez baitut beste ezertan pentsatu nahi, izan ere, dagoeneko beltza da eguna, ez dago horri buelta gehiago eman beharrik, ezta?
Eta gaur? Zeinen polita eguna! Etorkizun erabat zuria ikusten dut gaurkoan, ene, baina zer nolako poza! Ahaztu zait dagoeneko atzoko egun beltza…
Baina ezin, ezin holan bizi, nekatuta nago, egun batean goian, bestean behean, arrazoi argirik gabeko aldaketa bortitzak pairatzen ditut, errusiar mendi batean banengo bezala sentitzen naiz, muturreko sentipenak, orain ezin hobeto, hurrengo honetan zulotik atera ezinik.
Ez al dute esaten bizitza ez dela zuria edo beltza? Gris mordoa dagoela?
Bada, ni ez nago ados, grisa ere tristea baita, egun grisa zer da bestela? Egun tristea, ez dut inolako zalantza izpirik, eguzki izpirik gabeko eguna baita egun grisa! Nik koloretako egunerokoa nahi dut, gaur berdea, bihar urdina, eta etzi? Nork ote daki? Larrosa? Turkesa moduko egun berde-urdina? Hori bai hori, egunero-egunero kolore ezberdinez gozatzea, begietan dirdira more, gorri eta laranja izatea!
Maite