«Zuhaitza hartzera etorriko? Muxu. Aita»

Egongelako zuhaitza eguberrien zati da jende askorentzat. Gure idazleak erritu berezi bat jarraitzen du; abenduaren 24an aitarekin batera basora joaten da eguberrietako zuhaitza hartzera.

buch-tannenbaum

Istorio honek haserrea eragin dezake, lapurtzea ez baitago ondo, eta abenduaren 24an basotik zuhaitz bat hartzea lapurtzea da, noski. Bai behintzat denek egingo balute. Baina ez da horrela; aitak eta nik soilik egiten dugu.

Urtero joaten gara basora esku-zerra laranjarekin zuhaitz bat moztera; amaren kotxean eramaten dugu etxera; egongelan kokatzen dugu betiko lekuan, eta borla gorriak eta bestelakoak zintzilikatzen dizkiogu. Duela zenbait urte girlanda dirdiratsuak genituen; eguberriak igarota, amak txukun-txukun gordetzen zituen hurrengo urtera arte. Gaur egun ez dugu halakorik.

Hasierako urteetako apaingarrietatik egurrezko figuratxoak geratzen dira. Gizontxo bat da nire gogokoena; lera batean eserita dago, denbora igaro ahala geroz eta okertuago. Duela egun batzuk aitaren SMS bat jaso nuen: «Zuhaitza hartzera etorriko? Deituidazu. Muxu. Aita».

Ez dakit zergatik hasi genuen guztia, horrekin handitu bainaiz. Gure familian zera kontatzen da: gurasoak 70eko hamarkadan hirira bizitzera etorri zirenean, basoko eremu zehatz batetik zuhaitz bat mozteko baimena eman zigun basozainak negu batez. Ahizpak eta biok baimen hori luzatu egin zela uste genuen, baina laster konturatu nintzen hala ez zela. Ahizpak horren berri izan zuenean, nahikoa sumindu zen.

Azken finean, ez daukagu inolako arrazoirik zuhaitza hartzeko. Ez gaude pobrezia egoeran, Wolfdietrich Schnurre-k idatzitako Mailegua istorio zoragarriko aita-semeen antzera. Alabaina, mundu-mailako krisialdi ekonomikoak egun Berlinen dituen eraginak irudikatzen dituzte.

Langabezian dagoen bikoterik gabeko aita batek eguberri-festa polit bat oparitu nahi dio bere seme Brunori. Halere, sosak ez zaizkio heltzen ezta etxea berotzeko ere. Azkenik, aitari ideia bat bururatzen zaio: «Zuhaitz bat lapurtzea lotsagarria da, baina onargarria da maileguz hartzea».

Schnurre-ren istorioan zuhaitzik gabeko eguberriak benetako eguberriak ez diren bezala, abenduaren 24an zuhaitza hartzera joatea horien zati da guretzat. Eguerdi aldera gurasoenera joaten naiz. Amak jada dena prest dauka.

Hasteko, kafea eta etxean egindako gailetak daude; laranja-pontxea sukaldean dago, gerorako, eta amak eskuzapi zaharrak autoko maletategian utzi ditu, orratz itxurako hostoentzako. Autoan beso baten luzerako zerra eta lanerako bi eskularru pare daude ere bai. Autoan sartu eta martxan jartzea baino ez dugu egin behar.

Gure zuhaitza berehala identifikatzen dugu. Gehienez ere 1,80 metro neurtzen du; azpialdea ez da oso zabala; gorantz estutu egiten da punta ahalik eta zuzeneraino heldu arte, posible bada simetria mantenduz, eta adarren artean ez du zulo handiegirik eduki behar.

Zenbait irregulartasun apaingarriei esker disimula ditzakegu geroago, edo hain polita ez den aldea leihorantz biratzen dugu. Hostoek motzak, sendoak eta berde-berdeak izan behar dute. Behin izei zuri bat izan genuen, baita hosto zimel eta ahul samarrak zituen beste bat ere. Baina alferrik izan zen.

Zereginak banatzen ditugu. Nik gidatu egiten dut, eta eskularruak eramateaz arduratzen naiz. Aitak zerra eramaten du. Basora heltzean ibiltzen hasten gara, eta zuhaitz-hautagai bat aurkitzen duenak besteei deitzen die, hurbil daitezen. Orduan zuhaitza inguratzen dugu; aitak adarrak astintzen dizkio, eta zera esaten dugu: «Mmm, hostoak ondo daude, baina hiru punta ditu eta enborra okertuta dago». Edo: «Oso ondo hazi da, baina handiegia da».

Zenbaitetan gure zuhaitza segituan aurkitzen dugu. Hala ere, gutxienez beste ordu erdi batez jarraitzen dugu bilaketarekin. Nork daki aurrerago hobeago bat ez ote dagoen. Gainera, aita-alaben erritua motzegia izango litzateke bestela.

Erabakia hartzen dugunean, aita makurtu egiten da, gerritik gora desagertu egiten da beheko azken adarren azpitik, eta zerratzen hasten da. Balantzan egiten du zuhaitzarekin batera. Puntari eusten diot irmoki, eta aitak berarentzat arnasestu nola egiten duen begiratzen dut. Enborraren diametroak 15 cm inguru neurtu ohi du, eta aitak duela pare bat urte zerrari aspaldi kamustutako xafla aldatu zionetik, minutu bat baino gutxiago behar izaten du hura mozteko.

Zuhaitza azpialdetik altxatzen dut; aitak puntari eusten dio; pare bat aldiz altxatzen du, eta lurrean uzten du bere nagusitasuna erakutsiz. Hosto solteak erori egiten dira. Beharrezko bada, azpiko adarrak mozten ditu. Enborrak luzera egokia izan behar du zuhaitza euskarrian kokatu ahal izateko.

Bata aurrean eta bestea atzean, zuhaitza autora eramaten dugu. Beti izaten da arazotsua zuhaitza bertan sartzea. Enborra maletategitik sartzen dugu bultzaka; geroago, zuhaitza deskargatzean, adarrak trabatu egiten dira eta apurtzeko arriskua dago. Aldiz, puntatik sartzea erabakitzen badugu, adarrak zuhaitza kargatzean apur daitezke.

Berez, ibilaldi bat egin genezake basotik eta bueltan zuhaitz bat erosi. Hala egin genuen behin. Zirimiri apur bat ari zuen eta ilunabarra zetorren. «A! Utz dezagun zerra alde batera eta goazen zuhaitz bat erostera», pentsatu genuen. Enbor okertuko izei bat hartu genuen; hosto mehe eta argi-argiak zituen, pare bat adar makur eta punta baldarra. Saltzaileari geratzen zitzaizkion zuhaitzen artean kaskarrena aukeratu genuen.

Etxera heltzean autotik atera genuenean, amak zera esan zuen: «Oi! Polita da gero». Behar beste borlarekin zerbait hobetu genezake. Autora igo ginen berriz ere; basotik benetako zuhaitz bat hartu genuen, eta gure erritua beharrezkoa zela frogatu genion gure buruari urte hartan. Argi eta garbi zegoen erositako zuhaitza eskasa zela.

Gure herri inguruan baso zabala dago; ondo ezagutzen dut. Lehenago zaldiz ibiltzen nintzen bertan. Denborarekin, aita eta ni gai gara estatistika bat egiteko konifero-erreserben eta eguberrietako zuhaitz-plantazioen garapenaren inguruan. Urtero goitik behera arakatzen ditugu pare bat leku. Gure gogokoenetako bat herriko tiro-eremutik gertu dago.

Behin, zerra eta zuhaitz moztu berria ziztu bizian bueltatu behar izan genituen basora, parez pare pertsona batzuk zetozelako. «Arratsalde on! Eguberri on, bai, benetan paraje ederrak, zer nolako lasaitasuna. Aiooo!». Aurrera jarraitu genuen ahalik eta sotiltasun handienaz, jendea begien bistatik galdu genuen arte, atzera egin eta zerra zein zuhaitza bilatu ahal izateko.

Duela bi urtera arte gure zuhaitza bertan aurkitu dugu sarri, baina gaur egun ez da oso leku emankorra. Orokorrean, lehenagoko zuhaitzak politagoak ziren, edo besterik gabe gazteagoa nintzen eta zuhaitz guztiak politak iruditzen zitzaizkidan. Ez dakit oso ondo.

Duela pare bat urte eguberrietako zuhaitzen plantazio bat aurkitu genuen lehenbizikoz. Berez, ez da halakorik egin behar eta larrialdietarako irtenbide bat baino ez zen izan. Izan ere, halako batean ezinezko egin zitzaigun basoan zuhaitz bat aurkitzea; denbora mordoa eman genuen inguruetatik gidatzen, eta hainbat baso-eremutan zehar ibili ginen alferrik. Ezinezkoa da etxera zuhaitzik gabe bueltatzea, eta abenduaren 24an zuhaitz-saltokiek 14:00etarako itxi egiten dute normalean.

Ibiltzeari ekiten diogunean, beraz, ez da beste inor egoten inguru zabalean. Behin hesi baten gainetik igaro ginen. Orduan, istorioak asmatzeari ekin genion, norbaitek zuhaitza mozten harrapatuko bagintu. Adibidez, «alaba ezustean etorri zaigu Estatu Batuetatik bisitan eta ez geneukan zuhaitzik, ezinezkoa da hori, ulertu behar duzue». Orain arte, ordea, ez dugu izan gure istorioak kontatzeko beharrik.

Duela urte batzuk, uste dut 2002ko eguberrietan izan zela, jaiegunetan kristoren izozteak egon ziren eta Saxonia Behereko kaleetan nolabaiteko kaosa nagusitu zen. Oinez joan behar izan genuen, eta kale bat harago dagoen eguberrietako zuhaitzen plantazioa besterik ez zegoen. «Ez zaizu ezer nabaritu behar, lasai itxurak egin, eta inork ez digu ezer galdetuko», esan zidan aitak. Gure zuhaitza etxeraino eraman genuen herri erditik barrena. Eta hainbesteko lasai itxurak egin genituen, ezen inork ez baitzigun galdetu zertan ari ginen.

Hosto guzti-guztiak izotz geruza batez estalita zeuden, eta zuhaitza egongelan sartu genuenean, amak segituan bidali gintuen kanpora. Orduan, garajean tarte luze bat igaro genuen laranja-pontxea edaten eta zuhaitza ile-lehorgailuarekin sikatzen.

Askok ez ditu familiaz inguratutako eguberriak maite, eta gurasoenera derrigortuta joaten da. Ni gustura joaten naiz etxera, besteak beste, aitarekin zuhaitz bila joaten naizelako. Aurten ere tiro-eremura joango gara lehenik. Agian gauzek hobera egin dute eta gure zuhaitza bertan aurkituko dugu.

Maddalen

Jatorrizkoa: TAZ.de. „Kommst Du Baum holen? LG Papa“.

2 thoughts on “«Zuhaitza hartzera etorriko? Muxu. Aita»

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s