Goizeko 9:30 dira eta etxeaz bestaldeko espaloian taxi bat gelditu dut.
– Hola, buenos días. ¿Me puedes llevar a CIDECI UniTierra?
-¡Claro! ¿Alguna ruta preferible?
-Pues, no.
Oraindik goiz xamar denez eta ahoko kafe zaporea guztiz desagertu ez denez, badirudi biotako inork ez duela tertuliarako gogo handirik. Banda musika ez zait gehiegi gustatzen, baina mexikar askorentzat egunaren doinua da eta beste zenbaitentzat ametsen doinua, irratia alboan behar baitute loak hartzeko. San Ramón merkatua atzean utzi dugu eta horrekin batera salgaiez betetako kale estu jendeztatuak. Kotxe barruan dantzan goaz, asfaltoaren ordez harrizko eta hautsezko lurra dugulako oinen eta lau gurpilen azpian. Koloretako etxeak daude alde bietan, gero eta txikiagoak.
Heldu gara periferikora. «Sancris»eko mendateak orrazten dituzte hainbat txabolek. Gris kolorea hartu du paisaiak eta kaleko txakurrez gain, makina bat saltzaile dago errepide ertzean, izan zortzi urteko haur edo 69 urteko amona. «Cinturón de la pobreza» deitzen diote toki honi. Mexikon maiz gertatzen den bezala hemen ere nahikoa da kale bat gurutzatzea aberatsen eta pobreen arteko aldea norainokoa den ikusteko, usaintzeko eta sentitzeko; hain da handia, non eguzki eta ilargiaren argiarekin aldera baitaiteke, zapore gazi eta gozoarekin, Amazoniako oihan eta Saharako basamortuarekin, krabelinaren lore berri eta arrosa ihartuarekin, kale kantoiko jatetxeko janariaren usain gozo eta eguneroko arto-irinezko babarrun takoekin, joan den denboraldiko oinetako moderno eta zolarik gabeko sandalia erabiliekin, teilazko eta uralitazko teilatuarekin, hesitutako eta beirarik gabeko leihoarekin, lau gelako eta gela bakarreko etxearekin, diru-zorro bete eta hutsarekin.
Ez dut sinesten denborak arazoak konpontzen dituenik; izan ere, kolonialismoaren garaian sortu zen mendekotasunak bere horretan darrai. Mexikon Europa osoan baino errekurtso natural gehiago dagoen arren, mexikar gehienek ez dute horren abantailarik sekula ezagutu. Kolonialitatea bizi-bizirik dago, Europako ateak erabat itxita eta mundu guztia hankaz gora.
Halako pentsamenduak darabilzkidala, konturatu naiz hiriaren mugara iristen ari garela, mendateak eta basoak ikus baititzaket kotxearen aurrealdeko kristaletik.
-No falta mucho, ¿verdad? –urduri nago, iristeko gogoagatik seguruenik.
-Tres cuadras, no más.
Kalearen bukaeran eskuinetara biratu du, bide bakarra baita. Poliki goaz zuloz jositako errepidean zehar. Heldu gara.
-¿Cuánto es?
-35 pesos.
-Vale, te doy justo. ¡Muchas gracias!
-¡Hasta luego!
Kotxetik jaitsi naiz eta unibertsitateko sarrerako atea zeharkatu dut. Koloreek eta berdetasunak bete dituzte nire begiak lehenbizi. Ez dauka zerikusirik hiru urtez astelehenetik ostegunera hainbeste ordu pasa nituen Gasteizko Letren Fakultatearekin. Pertsona ugari dago han eta hemen, adin guztietakoak, eta nire atzetik jende andana dator.
Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean «L@s Zapatistas y las ConCiencias por la Humanidad» kongresua ospatzen ari da, EZLNk (Ejército Zapatista de Liberación Nacional) seigarren aldiz antolatzen duen ekitaldia. Txiapaseko CICEDI UniTierra unibertsitatean zapatisten galderak erantzuteko ahaleginean dabiltza hainbat zientzialari eta, aldi berean, zientzien eta kapitalismoaren arteko harremana zein den eztabaidatzen. Horrez gain, aztergai hartu nahi da zientzialariek sistema kapitalistaren eraikuntzari eskaini dioten laguntza eta gaur egun ekonomia-ereduak aurrera egin dezan oraindik ere eskaintzen diotena. Hizlarien artean Amerikako (kontinente osoko!) eta Europako adituak daude, baita kongresuko edukien inguruan zer galdetu duten hainbat zapatista ere. Askotariko gaiak hizpide izango dira egunotan: manipulazio genetikoa, astronomia, merkataritza ekologikoa, adimen artifiziala eta beste gai orokorrago batzuk, adibidez, zientziaren esanahia. Programa osoa Enlace Zapatista web orrian dago eskuragarri. Klik egin orduko argi ikus daiteke kongresuak duen garrantzia eta hedadura; izan ere, ehun baino gehiago dira bertan jasotzen diren hitzaldiak eta bestelako ekintzak. Interesa izanez gero, kongresu osoa Radio ConCiencias irratian entzun daiteke, zuzenean, radiostream bidez, zein hitzaldien bideoen bitartez.
Aldiberean, abenduaren 29tik 30era bitartean beste kongresu aipagarri batek hartu du UniTierrako barrutia, Mexikoko «V. Congreso Nacional Indigena» batzarraren bigarren etapak, hain zuzen ere. Herri indigenek jasan duten eta oraindik ere jasaten duten zapalkuntza kapitalista landuko da bertan, horrek eragindako esplotazioaren, naturaren hondamenaren eta arrazakeriaren ikuspegitik. Programaren eta bestelako xehetasunen berri izateko, Enlace Zapatista atarian informazio interesgarria bildu dute.
Mota honetako ekitaldiek gogoetarako abagune ezin hobea eskaintzen digute, eta guk ere hala amaitu nahi dugu gaurko kronika. Kongresuak ez ezik, taxiko bidaiak ere mezu berdina igortzen digu. Sistema kapitalistak jarraitzen duen bitartean, binomioek bere horretan jarraituko dute: kolonialista eta kolonizatuak, pribilegiodun eta miserableak, aberats eta pobreak. Zeresanik ez pobreziaren gerrikoak. Zorionez, bada munduan zehar egoera aldatu zein hobetu nahi duenik edota alternatibak sortu, eta ziur gaude ekitaldi honek asko balioko duela irratia lagun dutenen edo bertaratzeko aukera dugunon bihotzak epeltzeko eta ideiak freskatzeko.
Elixabet eta Maddalen
Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza
Pingback-a: Gabezia | Berbaratza