Datozen asteetako postak zapatismoari hertsiki lotuak daudenez ‒zapatista batek idatziak‒, lehenik eta behin fenomeno kurioso eta esperantzagarri honi buruzko pare bat ideia bilduko ditugu, zeren, nola erantzun galdera honi: nortzuk dira zapatistak? Agian zuri ere galdetuko zizun norbaitek noizbait munduko geografia eta egutegiren batean. Egia esan, lan nekeza da hitz gutxitan halako zerbait azaltzea. Eta hanka sartu baino lehen, nahiago izan dut El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista liburura jo; bertan aurkitu dut behar nuen erantzuna, «Zapatista izan» kapituloan, eta euskarara itzuli dut:
«[…] Argi eduki behar da nolakoa den zapatista izatea. Konbentzituta egon behar da, harrokeriak ez baitu balio, baizik eta lan, antolakuntza eta borroka etengabeak; isilik asko egin behar da amaierako emaitzetara heldu arte, bai marko teorikoan bai praktikoan.
Zapatista izatea ez da buruko estalkia jartzea eta kito, baizik eta antolatzea eta sistema kapitalista suntsitzea.
Zapatista izatea ez da “zapatista naiz” hitzak esatea, baizik eta bizitzaren amaieraraino borrokatzea.
Zapatista izatea ez da zapatismoari buruz hitz egitea, baizik eta herri antolatuekin elkarlanean aritzea, nazio mailako eta nazioarteko Sextako lagunek egiten duten moduan.
Zapatista izatea ez da soilik modan dagonean ‒hala esan digute behintzat‒ bertan egotea eta sistema txarrak, gobernu txarrak, erasotzen gaituenean sufrimenduan lagun ez izatea.
Zapatista izatea ez da uniformea jantzita gobernu txarrarengana joatea; izan ere, zapatista ez da errenditzen.
Zapatista izate ez da esatea “ni EZLNko komandantea naiz” eta, aldi berean, gobernu txarrarekin harremanetan egotea; izan eren, zapatistak ez du sekula bere burua salduko.
Zapatista izatea ez da izan nahi duzun horren atzetik ibiltzea, hura lortu, soilik sei urtez borrokatu eta akabo. Zapatistak erabateko aldaketaren alde borrokatzen du bizitza guztian zehar eta ez du amore ematen.
Zapatista izatea ez da bi aldeetan egotea, partiduetan eta zapatismoan, baizik eta bakar batean; bakar batean egotea nahi dugu, gobernatzeko sistema berri bat nahi baitugu, non, herriak agintzen duen.
Zapatista izatea ez da beldurra izatea, baizik eta kontrolatzea eta borrokatu behar izatea.
Zapatista izatea ez da amorru asko izatea eta ez antolatzea, baizik eta duintasun osoz antolatzea.
Nork dio noiz izango zaren zapatista? Herriek.
Nork dio zer den zapatista izatea? Herriek.
Noiz utziko dio zapatista izateari? Zapaldutako herria askatzeko mandatu sakratua betez hiltzen denean».
2015eko maiatzaren 2an, Luis Villoro Toranzo eta Galeano Maisuaren omenaldian SupGaleanok berak irakurritakoari zera gehitu ahal zaio, zapatistak 1994ko urtarrilaren 1ean altxatu zirela. Dena den, duela 500 urte inguru sortu ziren lehen arazoak, europarrek jatorrizko herrien lurrak hartu zituztenean. Hortaz, esan daiteke zapatisten mugimendua hainbat urtetako borroka eta erresistentziaren fruitua dela.
XX. mendearen amaieran, Chiapasen jatorrizko herri asko egoeran larrian zeuden lur txarrak eta pobrezia latza zirela medio; mediku-arretarik ere ez zuten eta, zenbait kasutan, jatorrizko kulturako medikuntzaren jakintzarik ere ez. 80. hamarkadan hain zen prekarioa askoren egoera, non, hainbat komunitate indigena antolatu egin baitziren EZLN ‒Ejército Zapatista de Liberación Nacional‒ osatzeko. Ordurako krisi ekonomiko bat baino gehiago jasan zuten, indarkeria eguneroko ogia zen, eta diskriminazioa, eta esplotazioa. Hori guztia gutxi balitz, gero eta lur gutxiago zuten; eta mexikon esaten den moduan, lurrik gabe, artorik ez, eta artorik gabe, herririk ez (Sin maíz no hay país).
Urte haietan politikariek zenbait aldaketa egin zituzten Mexikoko Konstituzioan, baina lur eskasia zela-eta indigenei lagundu beharren, are gehiago kaltetu zituzten. Hori ikusirik, EZLNk aho batez armak hartzea erabaki zuen eta, Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna indarrean jarri zen egun berean ‒1994ko urtarrilaren 1ean‒, zapatistek hainbat lur berreskuratu zituzten. Ordura arteko urteak latzak izan baziren, ordutik aurrerakoak ez ziren gozoagoak izan: makina bat hildako, beste hainbat desagertu, errepresioa, erdeinua, mehatxuak, engainuak… Denetarik jasan dute.
Gatozen berriro ere XXI. mendera. Estatuaren eta jatorrizko herrien arteko gerra ez da amaitu: non daude Ayotzinapako 47 gazteak? zergatik hartu zituen ejertzitoak 2016 urtearen bukaeran komunitate zapatista baten lurrak eta etxeak? Gaur egun erresistentzia da zapatisten arma bakarra, eta hala ere, non zapatisten karakol bat, han paramilitarren basea.
Zapatistak ondo antolatuta daude eta hobeto antolatzeko lanean dihardute, batik bat, autogobernu, hezkuntza eta osasun arloetan. Erronka ikaragarria da hori, eta tamaina bereko erronka da estatutik edota sistema kapitalistatik datorren ia guztiari uko egitea. Baina zapatistek ez dute amore ematen, eta Chiapaseko mendietan ‒Montes Azules‒ erabateko aldaketaren alde borrokatzen dute; izan ere, beste mundu bat posible da, mundu guztiak kabitzen diren mundu bat.
Elixabet
Iturriak:
Participación de la Comisión Sexta del EZLN, El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista I.
Pingback-a: Lorearen errua da | Berbaratza
Pingback-a: Izarrarteko bidaia | Berbaratza
Pingback-a: Gabezia | Berbaratza