Lorearen errua da

Zenbat gustatzen zaizkigun SupGaleanoren ipuinak eta zer gustora euskaratzen ditugun! Berbaratzan zapatismoa lantzen jarraitu nahi dugu, gaurkoan beste kontakizun polit eta berezi batekin. Irakurketa on!

 

Lorearen errua da

SupGaleano

2016ko abenduaren 27an

 

Katu-txakurraren oharren koadernotik:

Defentsa Zapatista, artea eta zientzia.

Ezinezkoa izan da arrazoia zein izan zen argitzea. Batzuek diote apustu bat izan zela. Beste batzuek, Pedrito pasa egin zela eta, horregatik gertatu zitzaion gertatutakoa. Zenbaiten arabera praktika bat besterik ez zen izan. Gutxiengoak benetako futbol-partidu batez hitz egiten dute; azken segundoetan erabaki zen hori, jokozainak, SupMoisések, zigor gorena ezarri zuenean.

Kasua, edo beharbada, gauza, zera da: Defentsa Zapatista neskatila penalti-puntutik metro batzuetara zegoen, eta baloi zirpildu bat zain zeukan bertan.

Atean, Pedritok besoak astintzen zituen, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun ohiko selekzioko atezaina izan zenak bezalaxe: Lev Yashin, «armiarma beltza». Pedritok irribarre egin zuen trufati, bere ustez, neskatilak baloia nora jaurtiko zuen aurreikusteko gai baitzen: «Defentsa Zapatistak buruan darabilena oso erraz aurreikus daiteke. Mezularien hizketalditik itzuli berri denez, behera eta ezkerrera jaurtiko du ziurrenik».

Metro bat pasatxo neurtzen duen neskatilak, orduan, burua biratu zuen futbol-zelaiaren albo baterantz. Bazkaleku bat zen berez; behiak zein zekorrak ustekabean sartzen ziren bertara, arduragabe, baita zaldi begioker bat ere.

Hauxe ikus zitezkeen alboan: izaki bitxi bat, erdi txakur erdi katu, buztana pozarren astintzen, eta bi norbanako. Azken horiek, lurralde zapatistan zeudela aintzat hartuko ez bagenu, paisaiarekin inondik inora bat ez zetozela esan zitekeen. Batek gorpuzkera ertaina eta ile urdindu eta motza zeuzkan, eta gabardina gisako bat zeraman soinean. Argala, altua eta trauskila zen bestea, eta beroki dotore bat eta buruan kapela barregarri bat zeramatzan.

Neskatila talde bitxiarengana hurreratu zen. Zaldi itsua ere hurbildu zitzaien. Bilduta zeudenean, gizon argalak irudi bitxiak marraztu zituen zoruan. Neskatilak, bitartean, arretaz begiratzen zion eta aldian behin baietz egiten zion buruarekin.

Defentsa Zapatista neskatila area handira itzuli zen, bere kokalekura. Baloirantz lasterka joan zen, baina aurrera jarraitu zuen, hura ukitu gabe, eta Pedritok zaintzen zuen atearen eskumako aldean geratu zen, metro gutxira. Mesfidati begiratu zion neskatilari. Defentsa Zapatista geldirik geratu zen, eta belauniko, lurra haztakatzen hasi, lore bat osorik, sustraiak eta guzti, hartzeko. Arretaz, lorea bere eskutxoetan eraman zuen, atetik urrun ostera landatu, eta zelaira itzuli zen.

Ikusleek, urduri, susmoa zuten munduaren historian errepikatuko ez den gertakizun horietako bat ikusten ari zirela.

Pedrito, bere aldetik, seguru baino seguruago zegoen. Zalantzarik izatekotan, Defentsa Zapatistak akats larria egin zuen, lorea bere kokalekutik kendu zuenean, agerian utzi baitzuen jaurtiketa norantz egingo zuen: behealdera eta Pedritoren ezkerretara. Noski, esan zion Pedritok bere buruari, neskatilek loreak zaintzen dituztenez, Defentsa Zapatistak ez luke nahi baloiak lorea errotik ateratzerik.

Orain arteko suspensea nahikoa ez, eta neskatila, baloitik hurbil eta atearen parean jarri beharrean, baloiaren alde batean geratu zen Pedritori bizkarra emanez. Hark irri egin zuen, Defentsa Zapatistari penaltia huts egiteagatik zuzenduko zizkion isekak irudikatzean.

Defentsa Zapatistak aurpegia biratu zuen Katu-txakur izeneko izaki bitxia dagoen lekura. Hura jauzitxoak egiten hasi zen, jira-biraka, tximutxo dantzari bat bezala. Neskatilak irribarre egin zuen, eta hurrengo hamarkadetan iritzi kontrajarriak sortuko zituen mugimendu bat egiteari ekin zion:

CompArten[1] parte hartzen duten emakume batzuen arabera, neskatila balleteko lehen posizioan jarri zen, eskuineko hanka altxatu eta tolestu zuen eta biratzeari ekin zion, pirouette en dehors izeneko mugimenduan, birak ematen zituen bitartean relevéak eta passéak eginez. «Bikaina izan zen», gehitu zuten.

SupMarcos[2] zenak esan zuenez, Defentsa Zapatistak egin zuena Ushiro Mawashi Geri Ashi Mawatte bat besterik ez zen izan, arte martzialen mugimendu bat, alegia; horretarako, neskatila jomugari bizkarra emanda jarri zen, kasik 360 graduko bira egin zuen eta, amaitzeko, aitzinera ostiko bat orpoarekin.

«Emakumeak garelako» kolektiboko emakume matxinoek adierazi zutenez, aldiz, Defentsak Zapatistak hartutako lorea «Chenek Caribe» deituriko lianarena zen. Loreek txita eta txoritxoen antza daukate, eta Selva Lacandonako komunitate indigenetako neskatila gaztetxoenak horiekin jolasten dira. «Chenek Caribe» landarea bazkalekuetan eta belar luzeko soroetan loratu ohi da, eta lurra artoa eta indabak ereiteko prest dagoela adierazten du.

Supgaleanok, betiko legez, testuan muturra sartu eta esan zuen hain agerikoa zenak Pedrito nahasi zuela; Defentsa Zapatistak behealdera eta ezkerra jaurtiko zuela, noski, baina Pedritok bere behealdera eta ezkerretara izango zela pentsatu zuen eta jaurtiketa behealdera eta ezkerretara izan zen, bai, baina neskatilaren perspektibatik.

Watson Doktorearen esanetan, Sufien ordenako Dervicheen meditazio-dantzaren emulazio motza egin zuen Defentsa Zapatistak, Sema delakoa. Doktoreak Turkian egon zenean ikusi zuen bezala, dantzariek birak ematen dituzte mugitzen diren bitartean, planetak kosmosean mugitzen diren bezalaxe.

Sherlock Holmes aholkulari-detektibeak azaldutakoari jarraituz, ez bata ez bestea. Neskak gorputz baten errotazio-inertziari eta indar zentrifugoaren aplikazioari buruz eman zioten azalpena baloian aplikatu zuen.. «Elementala, Watson maitea», esan zuen Mexikoko hego-ekialdeko mendietan galduta zebilen detektibeak, «argi zegoen: Defentsa Zapatistaren pisua eta altuera aintzat hartuta, baloiak jaso beharreko indarrak ahalik eta handiena izan behar zuen eta, hortaz, baloiak beharrezko abiadura eta azelerazioa lortu behar zituen hamaika metro egiteko. Noski, jaurtiketa arrakastatsua izateko aukera % 50 zen. Hau da, atezaina aurkako alderantz mugi zitekeen, edo baloiaren alderantz, eta hori arazorik gabe gelditu».

«Eta lorea?», galdetu zuen Watson doktoreak. «Ai!», erantzun zuen Sherlockek, «hori, Watson maitea, neskatilaren ekarpena da, eta ez zait niri otu. Are gehiago, asko harritu ninduen, atea zaintzen zuen mutikoa harritu ei zuen bezainbeste. Egindakoari esker, atezaina lorea zegoen aldera mugitzeko aukerak areagotu zituen. Argi dago horrek ez zuela zientziarekin zerikusirik, ezta artearekin ere. Berorren baimenarekin, Watson Doktorea, neskatilak bi gauzak laburbiltzea lortu zuela zirudien. Oso interesgarria, Watson maitea, oso interesgarria».

Algararen ondoren, Tercio Compasekoek[3] Pedrito elkarrizketatu zuten. Jasotako golaren arrazoien inguruan galdetu ziotenean, Pedritok zera erantzun zuen hitz gutxitan:

«Lorearen errua da».

Fedea ematen dut.

Guau-miau.

 Maddalen

 

[1] CompArte: oinarrizko eskubideen alde borrokatzen duen festibal zapatista.

[2] esaten dutenez, SupGaleanoren, ipuinaren idazlearen, izen ohia.

[3] Tercio Compas: komunikazioaz eta hedabideez arduratzen den talde zapatista.

 

ITURRIAK:

http://enlacezapatista.ezln.org.mx

http://radiozapatista.org/

One thought on “Lorearen errua da

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s