Walter Benjaminen haurtzaroaz

Ezagutzen al duzue Walter Benjamin? Gaur bi kolaboratzailek egindako lan batekin gatoz, Lourdes Izagirre Ondarrak eta Silvie Strauß-ek itzulitako Walter Benjaminen “Neguko goiza” (Wintermorgen) istorioarekin, hain zuzen. Idazleak Berlinen izan zuen haurtzaroaz idatzitako Berliner Kindheit um neunzehnhundert liburukoa da, eta hurrengo asteetan liburu horretako kontakizun gehiago argitaratuko ditugu, horiek ere Lourdesek eta Silviek euskaratuak.

Hasteko, datu pare bat idazleari buruz. Walter Benjamin XX. mendean izan den filosofo eta pentsalari garrantzitsuenetako bat da. Berlinen jaioa 1892an, pertsonaia nabarmena izan zen ezkerreko marxismoan eta nazionalismo alemanarekiko kritikan. Tarteka erbestean bizi izan zen, Alemanian nazionalsozialistek zuten boterearen eraginez, eta harreman handia izan zuen garaiko beste intelektual batzuekin, hala nola Bertol Brecht, Hannah Arendt, Hermann Hesse eta Kurt Weil ezagunekin.

Euskaraz Benjaminen bi liburu daude irakurgai, biak ala biak hainbat itzultzaileren eskutik itzuliak eta 2015ean argitaratuak: bata, Literatura oharrak, eta bestea, Denbora, historia eta artearen inguruko testuak.

Itzultzaileei dagokienez, Lourdes Izagirre Ondarra Zumarragan jaioa da baina Alemanian bizi da aspalditxotik. Ikasketaz antropologoa izan arren, Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Euskal Irakurletzan dihardu azken urteotan Etxepare Institutuaren bitartez. Silvie Strauß hizkuntzalaritza enpirikoko (Institut für Empirische Sprachwissenschaft) ikaslea da Frankfurteko Unibertsitatean –baita euskara-ikaslea ere– eta bien artean itzuli dituzte testuok.

Ez da erraza Euskal Herritik kanpo euskaraz Silvie bezain ondo moldatzen den jendea aurkitzea, eta hori argitze aldera, galdera batzuk egin dizkiogu, euskararekin duen lotura nondik datorkion argitzeko.

Hori guztia esanda, hemen dituzue elkarrizketa eta “Neguko goiza” kontakizuna.


– Alemanian euskara ikasi. Nola bururatu zitzaizun?

Mugikor xume batekin hasi zen dena. Urtebetetzeko oparia izan zen, ni eskaintzen zituen aukerak eta funtzioak esploratzen nenbilen, eta halako batean hizkuntza-ezarpenetan sartu nintzen, beti interesatu izan zaizkit-eta hizkuntzak. Ohiko hizkuntzak zeuden, katalana ez hain ohikoa eta euskara guztiz ezohikoa. Nik euskarari buruz nekien gauza bakarra zen Euskal Herrian hitz egiten dela eta seniderik ez duela, eta ikusi nahi nuen ea zer itxura duen hizkuntza horrek. Ikusi, berriz alemanera aldatu, baina gero euskaraz uzteko ideia zoroa etorri zitzaidan. Handik hilabete batzuetara mugikorrari esker ezarpenak, gorde edo bluetooth bidez bidali bezalako oinarrizko hitz eta esamoldeak ikasiak nituen, baina gramatikaz oraindik ez nuen ideiarik. Hutsune hori betetzeko ikasliburutxo bat erostea erabaki nuen azkenean, pixka bat gehiago jakiteko. Liluratuta geratu nintzen horren ezberdina zen hizkuntza horrekin eta bueno, orain, sei urte geroago, hemen nago.

– «Euskara oso zaila da»; mitoa ala egia?

Mitoa da. Beti esaten dut (beti galdetzen didate eta): euskara ezberdina da, baina ez da zaila. Agian ez dio ohituta zauden eta ordura arte normaltzat zenuen egiturari eta logikari jarraitzen, baina hori behin onartuta oso hizkuntza erregularra eta logikoa da, ia ez dago salbuespenik. Noski, hasieran kostatzen da aipatzen ari zaren ekintzan parte hartzen duten pertsona guztiak gogoan izan eta aditzean dagokien lekuan kokatzea, baina edozein hizkuntzak du zailtasun bereziren bat. Nahiz eta zeure hizkuntzak zailtasun berdina duenean agian ez zaren hainbeste konturatzen, normala iruditzen zaizulako.

– Atzerrian bizita, zein errekurtso erabili dituzu euskara ikasteko?

Alemanez badago euskara hiztegi bat, ikasliburu bat eta gramatika bat eta nik guztiak erabili ditut. Ikasliburua ez dakit gomendatuko nuen, baina gramatika oso ona da. Hiztegia ez da ez ona ez txarra, baina dagoen bakarra denez hasteko ez dago gaizki. Gramatika eta hiztegi horren laguntzaz interneten topatzen nituen testuak irakurtzen jarri nintzen, hasieran Wikipedian batez ere (hara, artikulu hau euskaraz ere badago, ea ba!), baina gero Berriaren webgunea ere bai, eta oro har aurkitzen nuen guztia. Gerora irratia ere hasi nintzen entzuten, Goenkale ikusten… Eta euskal musika entzuteak ere, noski, asko lagundu du.

– Frankfurteko Unibertsitatean bada euskara ikasteko aukerarik. Askok ikasten al du?

Lau maila eskaintzen dira, maila bakoitza lauhileko bat astean bi ordu, eta lehenengo bi mailatan ikasle dexente egoten da. Hizkuntzalaritzako ikasleak dira gehien-gehienak eta euskara interesgarria iruditzen zaie hain ezberdina delako. Baina esan behar da ikasle horiek guztiek ez dutela benetan ikasten. Guretzat, hizkuntzalaritzako ikasleontzat, ohikoa da hizkuntza bat urtebetez ikastea edo hobeto esanda, pixka bat ezagutzea eta gero gauza batzuk gogoratu eta beste asko ahaztea. Bigarren urtean ikasten jarraitzen dutenak askoz gutxiago dira, baina interes handiagoa izaten dute, nire lagun bat adibidez udan bi aste barnetegi batean egon zen Euskal Herrian. Horrez gain euskal liburutegi txiki bat ere badago Frankfurteko unibertsitatean, gutxi erabiltzen da, hori bai, baina gauza asko ditu.

– Gaurko postari buruz pare bat hitz.

Walter Benjamin filosofo aleman ezagunak bere haurtzaroari buruz idatzi dituen istorio laburretako batzuk aukeratu eta itzultzeko proiektua 2014ko udazkenean hasi genuen Lourdesek (Frankfurteko unibertsitateko euskara irakurlea) eta nik. Hiru itzulpen hauek, beraz, ia bi urtetako lana dira. Bi ikasturtetan zehar astero bi orduz egoten ginen Lourdesen bulegoan eserita te berdea edo beltza edaten, almendrak jaten eta hitz zehatzena eta perpaus hurrenkera egokiena bilatzen (enpirikoki aztertuz zenbat zein luzerako erlatibozko perpaus pilatu daitezkeen izenaren aurrean ulergarritasuna pikutara joan baino lehen). Hiru kontakizun labur dira, bakoitza XX. mendearen hasieran Berlinen hazitako idazlearen haurtzaroko oroitzapen batean oinarrituta.

Walter Benjamin Berliner Kindheit

Walter Benjaminen liburuaren azala.


NEGUKO GOIZA

Edonorentzat badago desira bat betetzen dion maitagarria. Aldiz, inor gutxi oroit daiteke aurrez adierazitako nahi hortaz; horregatik inor gutxi jabetzen da beranduago bere bizitzan egindako desira egikaritu izanaz. Nik gogoratzen dut konplitu zitzaidana eta ez dut esan nahi ipuinetako haurrena baino zuhurragoa izan zenik. Neguko goizetako sei eta erdietan lanpara, neskamearen itzala sabaian agerrarazten zuela, nire ohera hurbiltzeaz bat sortzen zen desira nigan. Lauzazko berogailuan sua piztu zuten. Handik gutxira garrak so egiten zidan kaxoi txikiegi batean estututa eta ikatz pusken artean mugitu ezinik balego bezala. Eta halere hain itzela zen hor gertu-gertu, neu baino txikiago, eroso jartzen hasi zen hura, neskameak harengana nigana baino beherago makurtu behar zuela. Sua mantenduta zegoenean neskameak sagar bat sartu zuen labean erretzeko. Aurki gar gorrien dardarak labeko atearen burdin sarea lurreko oholetan marrazten zuen. Eta nire logurari iruditu zitzaion irudi harekin nahikoa zuela egun osorako. Hala izaten zen ordu horretan beti; bakarrik neskamearen ahotsak eteten zuen nire gelako gauzekin etxekotzen ninduen neguko goizaren jarduna. Oraindik pertsiana igo gabe zegoen, labeko atearen kisketa lehenengo aldiz albora mugitu nuenean, bertan zegoen sagarra usaintzeko. Batzuetan usainak ia bere horretan jarraitzen zuen. Eta orduan itxaron egiten nuen, harik eta sagarraren usain bitsua sumatu uste nuen arte, Gabon gaueko zuhaitzaren usaina bera baino sakon eta isilpekoago zen negu eguneko gelaxka batetik zetorrena. Han zegoen fruitu ilun eta beroa, sagar hura, bidaiatik bueltan ene etxera iritsitako aspaldiko lagun bat bezala, etxeko eta aldi berean aldatua. Labeko beroaren herri ilunean zehar egindako bidaiatik atera zituen sagarrak egunak niri eskaintzen zizkidan gauza guztien zaporeak. Eta horregatik nire eskuak bere masail distiratsuetan berotzen nituen bakoitzean, kosk egiteko zalantza sortzea ez zen harritzekoa. Sumatzen nuen sagarrak bere usainean zekarren mezu iheskorra arinegi eskapatu ahal zitzaidala nire mingaina zeharkatzerakoan. Batzuetan, hainbeste adoretzen ninduen mezu hark, ezen eskolarako bidean oraindik kontsolatzen ninduen. Hara iritsitakoan eta nire eserlekua ukitzearekin batera ordura arte lurrunduta zirudien logura guztia hamarkoiztua etorri zitzaidan berriro gainera. Eta berarekin desio hura: berandu arte lo egitea. Hamaika aldiz pasatuko zitzaidan hura burutik eta geroago benetan egikaritu zitzaidan. Baina denbora luzea igaro zen ni horretaz ohartu arte, eguneroko ogia bermatuko zidan lanpostu ziur baten itxaropena, alferrikakoa izan zelako.

Lourdes eta Silvie

One thought on “Walter Benjaminen haurtzaroaz

  1. Pingback-a: Ehungarrenez | Berbaratza

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s