Walter Benjamin II. atala

Duela bi aste inguru Walter Benjaminen kontakizun bat argitaratu genuen, eta gaur beste bat dakarkizuegu, «Igaraba» (Der Fischotter) izenekoa. Aurrekoa bezala, Berliner Kindheit um neunzehnhundert liburutik atera dugu, eta aurrekoan bezala, Lourdes Izagirre Ondarrak eta Silvie Straußek itzuli dute elkarlanean. Gozatu!

 

 

I G A R A B A

Norbera bizi den etxetik eta hazi den auzotik, bere natura eta izaeraren irudi bat nola jasotzen den, hala egin ohi nuen zooko animaliekin. Esfinge eta piramideen aurrean lerrokatzen ziren ostruketatik hasi eta bere pagodan aztia zirudien hipopotamoarenganaino ia ez zen maite ez nuen edo beldurrik ez nion animalia-bizitokirik. Horien artean baziren bakan batzuk bizitokiaren kokapenagatik nabarmentzen zirenak, gehienetan zooaren ertzeko biztanleak: kafetegi eta erakusketa-eremuekin izkina egiten zuten zatietakoak. Baina inguru haietako egoiliarren artean igaraba zen aipagarriena. Hiru sarreren artean Lichtenstein zubiaren ondokoa zuen gertuen. Alde handiz gutxien erabiltzen zena zen, baita jardinaren inguru utzienetara zeramana ere. Kale-argien bola zueriekin bisitariei harrera egiten zien etorbideak Eilsen edo Bad Pyrmonteko pasealeku huts baten antza zuen, eta leku horiek abandonatu eta termak baino antzinakoagoak bihurtu baino askoz lehenago etortzekoa zenaren zantzuak zeuzkan zooaren izkina hark. Izkina iragarlea zen.

Etorkizuna ikusarazteko ahalmena omen duten landareak dauden bezala, badaude dohain hori duten tokiak. Hutsak dira gehienetan, edo harresien kontra dauden adaburuak, inoiz inor ez dabilen kale itsu edo etxaurreak. Horrelako lekuetan, badirudi benetan etortzekoa dugun guztia iraganekoa dela. Deskuidoan bertara iristen nintzen bakoitzean, bada, han, zooko alderdi horrek bainuetxeko parke baten erdian bezala altxatzen zen iturriaren kantoitik haratago begiratzeko aukera ematen zidan. Han zegoen igarabaren itxitura. Itxitura zen benetan; izan ere, animalia bizi zen uraskaren hesia barra sendoz josita zegoen. Harkaitz arteko kobazulo txiki artifizialek inguratzen zuten atzekaldean uraskaren obaloa. Animaliaren bizitokia izateko pentsatuta zegoen; baina ez nuen hura inoiz bertan kausitu. Eta horrela, sakonune beltz eta misteriotsu horren aurrean zain gelditzen nintzen maiz, amaierarik gabeko itxaronaldian, nonbait igaraba aurkitu nahian. Inoiz lortuz gero, instant baterako baino ez zen izango ziurrenik, berehala desagertzen baitzen berriz gau bustian zisternako biztanle distiratsua. Jakina, igaraba edukitzen zuten lekua egiaz ez zen zisterna bat. Baina haren uretara begiratzen nuenean, iruditzen zitzaidan euria hiriko isurbide guztietara erortzen zela, propio uraska horretara iritsi eta bertako animalia elikatzeko.

Izan ere, leku hori animalia mimatuaren bizitokia zen eta koba huts eta hezea babesleku baino santutegi zitzaion. Euri-uraren animalia saindua zen. Ur eta hondakin-ur haietan sortu ote zen ala ur horien laster eta xirripaz elikatu besterik ez zen egiten, ez nuke erabakitzen jakingo. Ezin lanpetuago zebilen beti, uraskaren sakonean ezinbestekoa balitz bezala. Baina ni gustura egoten nintzen egun luze osoan kopeta hesiaren kontra bermatuta, bere irudiaz gogaitu gabe. Eta horretan ere frogatzen zuen urarekiko ahaidetasun ezkutua. Inoiz ez baitzitzaidan egun luze osoa luzeago eta osoago egiten, euriak bere hortz fin eta handiez astiro orduak eta minutuak orrazten zizkionean baino. Neskatxa bat bezain otzan, adatsa orrazi gris horren azpira eramaten zuen. Eta asegaitz gelditzen nintzaion begira. Itxaron egiten nuen. Ez atertzeari, baizik eta euri jasa erruz, geroz eta indartsuago, botatzeari. Leihoetako kristalen kontradanbaka, kanaloietatik isurtzen eta borborka hustubidera erortzen entzuten nuen. Euri eztian zeharo babestua nengoen. Eta nire etorkizuna kontatzen zidan galgaraka, kuma ondoan sehaska kanta kantatzen den bezala. Zein ondo ulertu nuen euritan hazi egiten dela. Leiho uherraren atzeko ordu horietan igarabaren etxean sentitzen nintzen. Baina horretaz benetan ez nintzen inoiz ohartzen berriro itxituraren aurrean egon arte. Orduan luzaro itxaron behar izaten nuen gorputz beltz distiratsuak berriz uretatik jauzi egin arte, ondoren berehala premiazko zereginetan hondoratzeko.

Lourdes eta Silvie

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s