G20ren harira

G20ren harira

Kaosa nagusitu da azken egun grisotan Hanburgon, uztailaren 7tik 9ra izan den G20 gailurraren harira. Bloke beltzak hartu ditu kaleak “Ongi etorri infernura” lemapean, eta bai, egia da hiriak infernu itxura hartu duela, sugarrak nagusitu baitira bazter guztietan, baina ez deabruek eragindakoak. Deabruak lasai-lasai joaten dira lotara egunero, deabruak segurtasun-neurri zorrotzenen babesean bizi dira, deabruek oso ondo neurtzen dituzte ekintza guztiak. Etxean jokatzen dutenean kontu handiz aritzen dira, atzetik, isilean, oin-puntetan, ez dadila asko nabaritu deabrua nor den edo non dagoen. Aldiz, etxetik kanpo jokatzen dutenean, munduko lurralde urrun horietan, hor bai, infernu bihurtzen dute beste batzuen egunerokotasuna: sugarrak, guda, bonbak, odola eta heriotza. Hala jarduten dute izaki zital horiek, mundua nahieran maneiatuz eta gobernatuz, gutako bakoitza gris bihurtu nahian.

Hala ere, badirudi zenbaitek deabrua gaizki identifikatu dutela, XXI. mendeko gizartearen funtzionamendua oraindik ere ulertu ez dutelako seguruenik. Izan ere, hainbat pertsonari ez zaizkie batere gustatu Hanburgon sortu diren istiluak; ez zaie batere gustatu beren hiria ke-hodei artean ikustea, ezta milaka herritarrek antolatutako manifestazio eta elkarretaratzeek hiriko plazak eta kaleak hartu izana. Hori dela eta, elkartasuna erakutsi beharrean, manifestarien aurkako lehia polizia zitalaren esku uztea nahiago izan dute, kerik gabe borroka egin dezan, baina gerrako ekipamenduz ondo hornituta, harik eta herritar eta manifestari askok beren nahia erakustea ekidin arte.

Horrez gain, ez dezagun ahaztu hamaika koloretako manifestazio eta elkarretaratze antolatu direla, eta indarkeria-izpirik egon ez arren, poliziak inolako ezbairik gabe borrak eta ur-txorrotak erabili dituela, gazte, zahar, ume zein haurdun emakumeen aurka. Horrek, ordea ez du komunikabideen interesa piztu, eta, beste behin, gaia desbideratzea lortu dute, eta grisez tindatutako herritarren arteko indarrak (1000 Gestalten) batu beharrean, haustura gehiago eragin du. Nekez lortuko dugu horrela hauts grisezko geruza hori gure gainetik kentzea eta azpiko koloreak azaleratzea. Hori ikusita, deabruak poz-pozik joango dira ohera, zalantzarik gabe.

G20ak eragindako liskarrak ulertu ezinik dabilenik balego, Hanburgoko kaleetan banatu den eskuorri bat euskaratzeko aukera izan dugu. Ea deabrua nor den identifikatzen laguntzen dizuen!

den Gipfel stören, die Stadt erobern

Ekidin bilera. Berreskuratu hiria.

Eguneroko elkartasuna G20 beharrean

Zer bizi mota da hau?! Hirugarren pisuko amonak elikagai-bankura joan behar du pentsioa nahikorik ez duelako. Kirol-ekitaldi handiek hiria geldiarazi dute hainbat egunez, baina gerraren aurkako azken uneko manifestazioa debekatua izan da. Hogeita hamabost urteko diseinatzaile grafikoak bere lehen bihotzekoa izan du lanak eragindako nekeagatik. Segurtasunekoak egunero dabiltza parkeko gazte-koadrila gogaitzen, baina gazteek ez dute toki publikorik hiri pribatizatuan. Enplegu-zentroko langileak bizitza izorratu dio haurra bakarrik hazten duen amari, haurtzaindegiak gainezka daudenez, ezin baitu astean 40 orduz lan egin. Futbolzaleak ez dira justiziaren datu-bankuetan erregistratuta dauden bakarrak, horiek zelatatu, kontrolatu eta isundu ahal izateko helburuarekin. Sindikatuak greba debekatu die enpresako langileei. Emakumea ez da jendartera eta elkarretaratze handietara joaten inork sinesten ez dion bortxaketa pairatu ondoren. Berrogeita hamar urteko herritarra etxegabetu dute, alokairua azken hiru urtetan etengabe igo denez, hiru tokitan lan eginda ere  ezin baitzuen ordaindu. Artisten doako festa lasaia, musika eta eskuz egindako dekorazioz apaindua, lekutan dagoen autopistaren zubipean ospatu da, baina poliziak desegin du muturreko indarkeria erabiliz. Arrazista, homofobo eta transfoboek errefuxiatu gaztea iraindu eta erasotu dute «ezberdina» izateagatik, eta inork ez dio laguntzarik eskaini. Bi seme-alabadun bikote gaztea senar-emazteentzako aholkulariarengana joan da hiru urtez soilik elkarrekin bizi ondoren, presio ekonomikoak eta sozialak harremana kasik erabat zapuztu baitu;  errua beraiek dutela uste dute, ordea. Lanbide-Heziketako ikasleak kartzelara joan behar du, milagarrenez harrapatu baitute metroan billeterik gabe, baina irabazten duen soldatarekin ezin du ezta hilabeteko abonamendua ere erosi. Eta, noski, lanpostua ere galduko du. Ezagutzen al duzu beste adibiderik zure bizitzan?

Gauaren ertz bateko jakituria: Guztiak borrokatzen dira, makurtzen dira, lehiatzen dira behin eta berriz aberastasun osotik beren pastel zatia, pare bat papur lortzeko, eta maiz etorkizunean pentsatzeak sortzen duen ezegonkortasunari aurre egiteko.

Guk, ordea, proposatzen dugu elkarrekin okindegi osoa hartzea, halako kontuak, bizitza parekidea, goi eta beherik gabe, nagusirik, ordezkaririk, politikari profesionalik gabe geuk antolatzea. Elkartasunez, autogestioz eta ekintza zuzenez beste bizi bat, lan bat, egunerokotasun bat eraiki nahi dugu, ondoan ditugunez arduratuz eta elkar babestuz, eta egunero jasan behar izaten dugun kakaren aurrean defendatu ahal izateko. Horregatik, batzuk jada Hanburgon daude, beste batzuk beste nonbait, baten batzuk etxean daude, baina guztiak hasiak dira… mundu osoan eta ez bakarrik atzo.

Hitz egin jendearekin kalean, hitz egin besteekin kioskoan, hausnartu elkarrekin azokan, eztabaidatu autobus geltokian, entzun zuen bihotzari eta entzun besteenari, antolatu zuen baldintzei eta arazoei aurre egiteko. Partekatu zuen ardurak eta beldurrak; ez dira desagertuko, baina ez dira aurrerantzean zuen eskuetan egongo. Ez ahaztu sekula zuen ametsak eta desirak, babesgarri indartsuak izan daitezke une latzetan. Eta zer esanik ez barrea. Parte hartu, esku hartu ekintzetan eta fidatu besteez, bizi on bat izatearen alde egin; ez bakarrik zuretzat, planeta honetako guztiontzat baizik.

Sortu batzordeak auzoan edota lantokian, elkarte sekretuak, talde irekiak, hitz egin lagun taldeen artean, antolatu brigadak, auzoko kontseiluak, talde koloretsuak, denbora librerako eskolak… ondoen datorkizuena eta gustukoen duzuena. Marmar egin, kritiko eta errebelde izan zaudeten tokian zaudetela, minutuero, orduero, egunero. Herritarren talde polit, bihoztun, burugogor batek zera esaten badu: «Nahikoa da! Honaino heldu gara, aurrerantzean ez dugu honela bizi nahi», konturatuko zarete ez zaudetela bakarrik, baizik eta elkarri eskua emanda. Elkartzen bazarete, talentu handiko etsai boteretsua izango zarete gizartearen, naturaren eta ingurumenaren aurka dagoen gerran, kapitalismo deiturikoan.

Eskuorria gustatu bazaizue kopiatu, itzuli hizkuntza gehiagotara, banatu lagunei, familiakoei, ezagunei, zabaldu sekretuan edo publikoki lantokian, eskolan, unibertsitatean, etxean, hirian, herrialde osoan.

Izan ere, bat eginik soilik zaindu dezakegu benetako bizia.

make capitalism history

Maddalen, Ainhoa eta Elixabet

Zer deritzozu?

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s