Ehungarrenez

Badira dagoeneko ia-ia hiru
urte Berbaratzako lehen loreaBerbaratza
ernatu zela. Geroztik era
askotako makina bat post
argitaratu dugu, bateko
itzulpenak, besteko
sorkuntza-lanak, hitzez
azaldutako irudiak. Hasi
ginenean gutako inork ez
zuen espero Berbaratzak hain
luze eta sasoi oneko iraungo
zuenik. Baina, tira, askotan
gertatzen da uste denaren
alderantzizkoa, ezta?

Gaurkoa 100. argitalpena da,
zalantzarik gabe, elkarlanaren
eta laguntasunaren fruitua. Eta
zuri, irakurle fin horri, eskerrak
eman nahi dizkizugu arreta eta
interesagatik. Eman
Berbaratzaren berri interesa
izan dezaketen lagunei, eta
guztion artean lau haizetara
zabalduko dugu!

 

Duela ia hiru urte sortu genuen Berbaratza ataria eta geroztik makina bat posta argitaratu dugu, ehungarreneraino iritsi arte! Hori dela eta, argitalpen guztiak biltzen dituen katalogo bat egin dugu. Helburua zera da: orain arteko testuak eskura jartzea, testu motaren araberako bilaketa erraztea, egun hartan irakurri eta hainbeste gustatu zitzaizun argitalpena berriro ere erraz bila dezazun. Gainera, urtemugak parada aproposa izaten dira atzera begiratzeko eta ordura arte jarraitutako bidearen inguruan gogoeta egiteko.

Hasiera-hasieratik argi izan dugu Berbaratzaren helburua zein den: gustuko ditugun testuak euskara itzultzea edo guk geuk sortzea, euskararen munduari gure ekarpen txikia egiteko. Eta helburu hori gauzatzeko bidean, aniztasuna bilatu dugu orain arte. Askotariko kultura, herrialde eta gaiak plazaratzen saiatu gara, eta hain ezagunak ez diren egileen ahotsa bilatu dugu maiz. Beraz, gure blogaren bidez autore edo gai berriren bat ezagutu baldin baduzue, edo besterik gabe, irakurketa gozagarri suertatu bazaizue, danbolinik gabe dantzan hasiko gara!

Hala ere, ezin dezakegu uka testu-genero zehatz bat nagusitu dela gure atarian; izan ere, agerikoa da narrazioak hartu duela esparrurik zabalena, batez ere, ipuin laburrek. Atsegin handiz itzultzen ditugulako izango da agian, eta, noski, gustura itzultzen dena irakurleek ere gustura irakurriko dutela espero dugu.Orain arte aipatutakoa berresten du jarraian ikus dezakezuen ipuin laburren zerrenda luzeak:

Idazlea Izenburua Itzultzailea Jatorrizko hizkuntza Testu mota
Txanogorritxu Ainhoa eta Elixabet EU Ipuina
Alas Clarín, Leopoldo Euli jakintsua Ainhoa ES Narrazioa
Atwood, Margaret Amaiera zoriontsuak Ainhoa EN Ipuin laburra
Benedetti, Mario Aingeruaren sexua Maddalen ES Ipuin laburra
Böll, Heinrich Barregilea Elixabet DE Ipuin laburra
Böll, Heinrich Pasadizoa lanaren morala gutxitzeaz Ainhoa DE Ipuin laburra
Borchert, Wolfgang Ogia Elixabet DE Ipuin laburra
Campbell, Melodie Biktima perfektua Ainhoa EN Ipuin laburra
Chopin, Kate Ordubeteko istorioa Maite EN Ipuin laburra
Coll, Pedro Emilio Apurtutako hortza Elixabet ES Ipuin laburra
García Márquez, Gabriel Larunbateko lapurra Maddalen ES Ipuin laburra
Gustavo Adolfo Becquer Hosto lehorrak Ainhoa ES Ipuin laburra
Hemingway, Ernest Zubiko agurea Maddalen EN Ipuin laburra
Kästner, Erich Maiz etortzen al da hona Stobrawa jauna delako gizon bat? Elixabet DE Ipuin laburra
Konny Gizon tantakaria / Lanaren kantua Maddalen DE Ipuin laburra
Mansfield, Katherine Krabelina Ainhoa EN Ipuin laburra
Reinig, Christa Eskorpioia Elixabet DE Ipuin laburra
Stamm, Peter Neskarik politena Ainhoa DE Ipuin laburra
Schweblin, Samanta Txoriak ahoan Elixabet ES Ipuin laburra
SupGaleano Gabezia Elixabet ES Ipuin laburra
SupGaleano Izarrarteko bidaia Ainhoa ES Ipuin laburra
SupGaleano Lorearena da errua Maddalen ES Ipuin laburra
TAZ Zuhaitza hartzera etorriko? Muxu. Aita Maddalen DE Ipuin laburra
Walter Benjamin Neguko goiza Lourdes Izagirre Ondarra eta Silvie Strauß DE Ipuin laburra
Wolf, Johann Wilhelm Sugea suzko basoan Elixabet DE Ipuin laburra

Ipuinak ez dira, hala ere, narrazio-generoaren baitan landu ditugun testu bakarrak, eleberriari ere bere tartea eskaini baitiogu. Hiru urte hauetan, hainbat eleberriren pasarteak itzuli ditugu, eta itzulpen horiek gure irakurleei amua botatzeko aukera gisa baliatu ditugu, nolabait esatearren. Ezpainak eztiz busti, eta gehiago nahi izatekotan, liburua osorik irakurri beharko!

Idazlea Izenburua Itzultzailea Jatorrizko hizkuntza Testu mota
Dangarembga, Tsitsi Nervous conditions Ainhoa EN Eleberria
Mebtouche, Ali Herri baten ohoreagatik Maite FR Eleberria
Minier, Bernard Ez itzali argia Maite FR Eleberria
Minier, Bernard Drama lirikoa Maite FR Eleberria
Regener, Sven Neue Vahr Süd Maddalen DE Eleberria

Narrazioak alde batera utzita, poesia aipatu behar dugu; gutxiagotan landu dugun arren, geroz eta presentzia handiagoa hartzen ari baita Berbaratzan. Hemen duzue orain arte itzuli ditugun olerkien zerrenda:

Idazlea Izenburua Itzultzailea Jatorrizko hizkuntza Testu mota
Carducci, Giosuè Neguko unadura / Antzinako negarra Maite IT Poesia
Carducci, Giosuè Trena Maite IT Poesia
Ezezaguna Koloreduna Elixabet EN Poesia
Londers, Albert Marsella Maite FR Poesia
Mistral, Gabriela Iheslaria Maite ES Poesia
Sands, Bobby Ama maitea Maddalen EN Poesia
Storni, Alfonsina Moderna / Erosentzat Maddalen ES Poesia
Storni, Alfonsina Otsemea Maddalen ES Poesia
Storni, Alfonsina Arkatz bat Maddalen ES Poesia
Textor, Katharina Elisabeth Urte oso baterako errezeta Ainhoa DE Poesia

Eta askoz gutxiago izan diren arren, ezin ditugu ahaztu Berbaratzan landu ditugun bestelako genero hauek: antzerkia, saiakera, kondaira, kronika, laburmetraia, abestia, etab.

Idazlea Izenburua Itzultzailea Jatorrizko hizkuntza Testu mota
Borchert, Wolfgang Orduan, aukera bakarra daukazu! Maddalen DE Manifestua
Brahim, Aziza Malkoak jario zaizkio lurrari Ainhoa ES Abestia
Brender, Irmela …eta abrakadabra Ainhoa DE Hitz-jolasa
Danquart, Pepe Bidaiari ilegala Maddalen DE Film laburra
Fernand Reynaud Mugazaina Elixabet FR Satira
Konny Gizon tantakaria / Lanaren kantua Maddalen DE Abestia
Melua, Katie Azoka-eguna Gernikan Ainhoa EN Abestia
Mrożek, Sławomir Itsaso zabalean Ainhoa PL

(zubi-hizkuntza: ES)

Antzerkia
Nino, Antonio De Arrain distiratsua Maite IT Kondaira
Rodari, Gianni Vareseko lakua Maite IT Kondaira
Sepúlveda, Luis El Tano Elixabet ES Bidaia-kronika
Taylor, Debbie Gobernatu ahal izango banu… Elixabet DE Saiakera
Tucholsky, Kurt Hizlari txarra izateko gomendioak Ainhoa DE Satira

Itzultzeaz gain, sorkuntzan ere aritu gara. Guk geuk sortutako testuak edota besterik gabe interesgarriak iruditu zaizkigun gaiak ekarri ditugu, itzulpenaren bidez lotura eginez. Era askotako testuak idatzi ditugu, hala nola olerkiak, haikuak, artikuluak, istorioak eta kronikak. Hemen dituzue Baratza ataleko gure sorkuntza-lanak:

Izenburua Idazlea Testu mota
Begirada galduak Maite Poesia
Biharamuneko haikuak Ainhoa eta Elixabet Haikuak
Haikuak emakumeari Ainhoa, Elixabet, Maddalen, Maite Haikuak
Hizkuntzalarien sindromea Maddalen Artikulua
Itzuliz itzuli Elixabet, Ainhoa, Maddalen, Maite Bertsoa
Txakurraren antza al du jabeak? Elixabet Film-kritika
Kutxiko Erresuma Elixabet Ipuin laburra
L@s Zapatistas ya las ConCIencias por la Humanidad. Pobreziaren gerrikoa agerian. Elixabet eta Maddalen Kronika
Latinoamerikako hizkuntza-aniztasuna I Elixabet Katalogoa
Latinoamerikako hizkuntza-aniztasuna II Elixabet Katalogoa
Leku txiki askotan Maddalen Artikulua
Oihanaren defentsaren gakoak; Chico Mendes eta seringueiroak Maddalen Saiakera
Perrexil, bizi ala hil? Elixabet Umorea
Perrexilaren erreakzio gazi-gozoak Elixabet Umorea
Testigantza marroia Elixabet Ipuin laburra
Udazkeneko haikuak Ainhoa eta Elixabet Haikuak

Berbaratza ataria sortu eta urte eta erdira Irudiak Hitz atala sortu genuen, irudiak eta hitzak uztartuz gure gogoetak adierazteko. Atal honetako argitalpenek argazkiak dituzte oinarri, eta testu laburrak sortzeko baliatzen ditugu.

Izenburua Idazlea Argazkia
24 Elixabet Zurriola eta Zarauzko hondartzak
Idaztea Maite Egongelako telebistaren txokoa
Ahantzi ditugu Maddalen
Bacalar Elixabet Bacalar, Quintana Roo
Burdinazko erraldoiak Maddalen Hanburgoko portua
Egunero-egunero Maite
Eraztunak Elixabet
Han goian Maddalen Kalifornia udaberrian
Itsasoaren zirrara Elixabet Portuko ura
Kaleko bakarrizketak Elixabet Hondarribia
Koloretako eguna Maite Sajorami, Cadiz
Matriarka eta latina? Elixabet La Laja, Jalisco
Nostalgia Maite Diagonal kalea, Bartzelona
Zenbat geruza… Ainhoa Tapiz-fabrika Turkian

Azkenik, interesgarriak iruditu zaizkigun kontuak ere argitaratzen ditugu, hainbat formatutan: albisteak, biografiak, kritikak… Hemen duzue orain arte osatu dugun bilduma.

Izenburua Idazlea Testu mota
Liburuen poztasuna Maddalen Ikus-entzunezkoa
Gizarte-kritika 37 margolanetan Paqel Kuczynsky Szczecin Artea/Satira
Euskararen sustraiak Elixabet Zientziaren dibulgazioa
Art in a Toilet: koloreak eta hitzak komunean Maddalen Artea
Zerealaren glosarioa Elixabet Glosarioa
Errekarriak Elixabet Berria
Marseillako Euskal Etxea Maite Kronika
Samba Maite Film-kritika
Irakurzaletasunaren alde… apalategi publikoak Ainhoa Berria
Merkatuaren legea Maite Film-kritika
Baratzeak hirian Elixabet Berria
Urteko hilabeteak Teresa Sabaté i Rodié, Rita Culla i Perarnau Ipuin irakurria
Politikoki zuzena? Elixabet Film-kritika
Erich Kästner idazlearen biografia laburra Elixabet Biografia
Adreiluak Elixabet Berria
Zapatismoa Elixabet Zientziaren dibulgazioa

Katalogoak agerian uzten du gure ezagutza linguistikoak zer hizkuntzetara mugatzen diren. Gure ezagupen horietatik abiatuta herrialde eta kultura ezberdinetara heltzen saiatu gara. Nahiz eta gure testu asko kultura hegemonikoetakoak diren —Alemania, Italia, Frantzia, Austria, etab.—, kultura ezezagunagoak lantzen saiatu gara. Hego Amerikako idazle dezente ekarri ditugu gurera, hala nola, Coll, Storni, SupGaleano, Sepúlveda, Benedetti, eta beste. Eta, askoz gutxiagotan izan den arren, idazle afrikarren bat euskaratu dugu. Munduko bazter ugari ditugu oraindik itzulpenaren bidez ezagutzeke, baina ez izan zalantzarik urruneko kulturak hurbiltzeko lanean jarraituko dugula.

Hauek izan dira gure lehen 100 argitalpenak. Ea gutxienez beste hainbeste kaleratzen ditugun!

Berbaratza

Berbaratza

Zapatismoa

Datozen asteetako postak zapatismoari hertsiki lotuak daudenez ‒zapatista batek idatziak‒, lehenik eta behin fenomeno kurioso eta esperantzagarri honi buruzko pare bat ideia bilduko ditugu, zeren, nola erantzun galdera honi: nortzuk dira zapatistak? Agian zuri ere galdetuko zizun norbaitek noizbait munduko geografia eta egutegiren batean. Egia esan, lan nekeza da hitz gutxitan halako zerbait azaltzea. Eta hanka sartu baino lehen, nahiago izan dut El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista liburura jo; bertan aurkitu dut behar nuen erantzuna, «Zapatista izan» kapituloan, eta euskarara itzuli dut:

«[…] Argi eduki behar da nolakoa den zapatista izatea. Konbentzituta egon behar da, harrokeriak ez baitu balio, baizik eta lan, antolakuntza eta borroka etengabeak; isilik asko egin behar da amaierako emaitzetara heldu arte, bai marko teorikoan bai praktikoan.

Zapatista izatea ez da buruko estalkia jartzea eta kito, baizik eta antolatzea eta sistema kapitalista suntsitzea.

Zapatista izatea ez da “zapatista naiz” hitzak esatea, baizik eta bizitzaren amaieraraino borrokatzea.

Zapatista izatea ez da zapatismoari buruz hitz egitea, baizik eta herri antolatuekin elkarlanean aritzea, nazio mailako eta nazioarteko Sextako lagunek egiten duten moduan.

Zapatista izatea ez da soilik modan dagonean ‒hala esan digute behintzat‒ bertan egotea eta sistema txarrak, gobernu txarrak, erasotzen gaituenean sufrimenduan lagun ez izatea.

Zapatista izatea ez da uniformea jantzita gobernu txarrarengana joatea; izan ere, zapatista ez da errenditzen.

Zapatista izate ez da esatea “ni EZLNko komandantea naiz” eta, aldi berean, gobernu txarrarekin harremanetan egotea; izan eren, zapatistak ez du sekula bere burua salduko.

Zapatista izatea ez da izan nahi duzun horren atzetik ibiltzea, hura lortu, soilik sei urtez borrokatu eta akabo. Zapatistak erabateko aldaketaren alde borrokatzen du bizitza guztian zehar eta ez du amore ematen.

Zapatista izatea ez da bi aldeetan egotea, partiduetan eta zapatismoan, baizik eta bakar batean; bakar batean egotea nahi dugu, gobernatzeko sistema berri bat nahi baitugu, non, herriak agintzen duen.

Zapatista izatea ez da beldurra izatea, baizik eta kontrolatzea eta borrokatu behar izatea.

Zapatista izatea ez da amorru asko izatea eta ez antolatzea, baizik eta duintasun osoz antolatzea.

Nork dio noiz izango zaren zapatista? Herriek.

Nork dio zer den zapatista izatea? Herriek.

Noiz utziko dio zapatista izateari? Zapaldutako herria askatzeko mandatu sakratua betez hiltzen denean».

2015eko maiatzaren 2an, Luis Villoro Toranzo eta Galeano Maisuaren omenaldian SupGaleanok berak irakurritakoari zera gehitu ahal zaio, zapatistak 1994ko urtarrilaren 1ean altxatu zirela. Dena den, duela 500 urte inguru sortu ziren lehen arazoak, europarrek jatorrizko herrien lurrak hartu zituztenean. Hortaz, esan daiteke zapatisten mugimendua hainbat urtetako borroka eta erresistentziaren fruitua dela.

XX. mendearen amaieran, Chiapasen jatorrizko herri asko egoeran larrian zeuden lur txarrak eta pobrezia latza zirela medio; mediku-arretarik ere ez zuten eta, zenbait kasutan, jatorrizko kulturako medikuntzaren jakintzarik ere ez. 80. hamarkadan hain zen prekarioa askoren egoera, non, hainbat komunitate indigena antolatu egin baitziren EZLN ‒Ejército Zapatista de Liberación Nacional‒ osatzeko. Ordurako krisi ekonomiko bat baino gehiago jasan zuten, indarkeria eguneroko ogia zen, eta diskriminazioa, eta esplotazioa. Hori guztia gutxi balitz, gero eta lur gutxiago zuten; eta mexikon esaten den moduan, lurrik gabe, artorik ez, eta artorik gabe, herririk ez (Sin maíz no hay país).

Urte haietan politikariek zenbait aldaketa egin zituzten Mexikoko Konstituzioan, baina lur eskasia zela-eta indigenei lagundu beharren, are gehiago kaltetu zituzten. Hori ikusirik, EZLNk aho batez armak hartzea erabaki zuen eta, Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna indarrean jarri zen egun berean ‒1994ko urtarrilaren 1ean‒, zapatistek hainbat lur berreskuratu zituzten. Ordura arteko urteak latzak izan baziren, ordutik aurrerakoak ez ziren gozoagoak izan: makina bat hildako, beste hainbat desagertu, errepresioa, erdeinua, mehatxuak, engainuak… Denetarik jasan dute.

Gatozen berriro ere XXI. mendera. Estatuaren eta jatorrizko herrien arteko gerra ez da amaitu: non daude Ayotzinapako 47 gazteak? zergatik hartu zituen ejertzitoak 2016 urtearen bukaeran komunitate zapatista baten lurrak eta etxeak? Gaur egun erresistentzia da zapatisten arma bakarra, eta hala ere, non zapatisten karakol bat, han paramilitarren basea.

Zapatistak ondo antolatuta daude eta hobeto antolatzeko lanean dihardute, batik bat, autogobernu, hezkuntza eta osasun arloetan. Erronka ikaragarria da hori, eta tamaina bereko erronka da estatutik edota sistema kapitalistatik datorren ia guztiari uko egitea. Baina zapatistek ez dute amore ematen, eta Chiapaseko mendietan ‒Montes Azules‒ erabateko aldaketaren alde borrokatzen dute; izan ere, beste mundu bat posible da, mundu guztiak kabitzen diren mundu bat.

otro-mundo-es-posible

Elixabet

 

Iturriak:

Participación de la Comisión Sexta del EZLN, El Pensamiento Crítico Frente a la Hidra Capitalista I.

http://mexicosolidarity.org/node/317

http://enlacezapatista.ezln.org.mx/2016/10/11/palabras-de-la-comandancia-general-del-ejercito-zapatista-de-liberacion-nacional-en-la-apertura-del-quinto-congreso-del-congreso-nacional-indigena-en-el-cideci-de-san-cristobal-de-las-casas-chiapas/

http://culturacolectiva.com/los-7-principios-del-zapatismo-para-construir-un-mundo-donde-quepan-todos-los-mundos/

Kontzientziak eta zientziak

Goizeko 9:30 dira eta etxeaz bestaldeko espaloian taxi bat gelditu dut.

– Hola, buenos días. ¿Me puedes llevar a CIDECI UniTierra?

-¡Claro! ¿Alguna ruta preferible?

-Pues, no.

Oraindik goiz xamar denez eta ahoko kafe zaporea guztiz desagertu ez denez, badirudi biotako inork ez duela tertuliarako gogo handirik. Banda musika ez zait gehiegi gustatzen, baina mexikar askorentzat egunaren doinua da eta beste zenbaitentzat ametsen doinua, irratia alboan behar baitute loak hartzeko. San Ramón merkatua atzean utzi dugu eta horrekin batera salgaiez betetako kale estu jendeztatuak. Kotxe barruan dantzan goaz, asfaltoaren ordez harrizko eta hautsezko lurra dugulako oinen eta lau gurpilen azpian. Koloretako etxeak daude alde bietan, gero eta txikiagoak.

Heldu gara periferikora. «Sancris»eko mendateak orrazten dituzte hainbat txabolek. Gris kolorea hartu du paisaiak eta kaleko txakurrez gain, makina bat saltzaile dago errepide ertzean, izan zortzi urteko haur edo 69 urteko amona. «Cinturón de la pobreza» deitzen diote toki honi. Mexikon maiz gertatzen den bezala hemen ere nahikoa da kale bat gurutzatzea aberatsen eta pobreen arteko aldea norainokoa den ikusteko, usaintzeko eta sentitzeko; hain da handia, non eguzki eta ilargiaren argiarekin aldera baitaiteke, zapore gazi eta gozoarekin, Amazoniako oihan eta Saharako basamortuarekin, krabelinaren lore berri eta arrosa ihartuarekin, kale kantoiko jatetxeko janariaren usain gozo eta eguneroko arto-irinezko babarrun takoekin, joan den denboraldiko oinetako moderno eta zolarik gabeko sandalia erabiliekin, teilazko eta uralitazko teilatuarekin, hesitutako eta beirarik gabeko leihoarekin, lau gelako eta gela bakarreko etxearekin, diru-zorro bete eta hutsarekin.

Ez dut sinesten denborak arazoak konpontzen dituenik; izan ere, kolonialismoaren garaian sortu zen mendekotasunak bere horretan darrai. Mexikon Europa osoan baino errekurtso natural gehiago dagoen arren, mexikar gehienek ez dute horren abantailarik sekula ezagutu. Kolonialitatea bizi-bizirik dago, Europako ateak erabat itxita eta mundu guztia hankaz gora.

Halako pentsamenduak darabilzkidala, konturatu naiz hiriaren mugara iristen ari garela, mendateak eta basoak ikus baititzaket kotxearen aurrealdeko kristaletik.

-No falta mucho, ¿verdad? –urduri nago, iristeko gogoagatik seguruenik.

-Tres cuadras, no más.

Kalearen bukaeran eskuinetara biratu du, bide bakarra baita. Poliki goaz zuloz jositako errepidean zehar. Heldu gara.

-¿Cuánto es?

-35 pesos.

-Vale, te doy justo. ¡Muchas gracias!

-¡Hasta luego!

img-20161229-wa0004

img-20161229-wa0006

Kotxetik jaitsi naiz eta unibertsitateko sarrerako atea zeharkatu dut. Koloreek eta berdetasunak bete dituzte nire begiak lehenbizi. Ez dauka zerikusirik hiru urtez astelehenetik ostegunera hainbeste ordu pasa nituen Gasteizko Letren Fakultatearekin. Pertsona ugari dago han eta hemen, adin guztietakoak, eta nire atzetik jende andana dator.

Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean «L@s Zapatistas y las ConCiencias por la Humanidad» kongresua ospatzen ari da, EZLNk (Ejército Zapatista de Liberación Nacional) seigarren aldiz antolatzen duen ekitaldia. Txiapaseko CICEDI UniTierra unibertsitatean zapatisten galderak erantzuteko ahaleginean dabiltza hainbat zientzialari eta, aldi berean, zientzien eta kapitalismoaren arteko harremana zein den eztabaidatzen. Horrez gain, aztergai hartu nahi da zientzialariek sistema kapitalistaren eraikuntzari eskaini dioten laguntza eta gaur egun ekonomia-ereduak aurrera egin dezan oraindik ere eskaintzen diotena. Hizlarien artean Amerikako (kontinente osoko!) eta Europako adituak daude, baita kongresuko edukien inguruan zer galdetu duten hainbat zapatista ere. Askotariko gaiak hizpide izango dira egunotan: manipulazio genetikoa, astronomia, merkataritza ekologikoa, adimen artifiziala eta beste gai orokorrago batzuk, adibidez, zientziaren esanahia. Programa osoa Enlace Zapatista web orrian dago eskuragarri. Klik egin orduko argi ikus daiteke kongresuak duen garrantzia eta hedadura; izan ere, ehun baino gehiago dira bertan jasotzen diren hitzaldiak eta bestelako ekintzak. Interesa izanez gero, kongresu osoa Radio ConCiencias irratian entzun daiteke, zuzenean, radiostream bidez, zein hitzaldien bideoen bitartez.

Aldiberean, abenduaren 29tik 30era bitartean beste kongresu aipagarri batek hartu du UniTierrako barrutia, Mexikoko «V. Congreso Nacional Indigena» batzarraren bigarren etapak, hain zuzen ere. Herri indigenek jasan duten eta oraindik ere jasaten duten zapalkuntza kapitalista landuko da bertan, horrek eragindako esplotazioaren, naturaren hondamenaren eta arrazakeriaren ikuspegitik. Programaren eta bestelako xehetasunen berri izateko, Enlace Zapatista atarian informazio interesgarria bildu dute.

Mota honetako ekitaldiek gogoetarako abagune ezin hobea eskaintzen digute, eta guk ere hala amaitu nahi dugu gaurko kronika. Kongresuak ez ezik, taxiko bidaiak ere mezu berdina igortzen digu. Sistema kapitalistak jarraitzen duen bitartean, binomioek bere horretan jarraituko dute: kolonialista eta kolonizatuak, pribilegiodun eta miserableak, aberats eta pobreak. Zeresanik ez pobreziaren gerrikoak. Zorionez, bada munduan zehar egoera aldatu zein hobetu nahi duenik edota alternatibak sortu, eta ziur gaude ekitaldi honek asko balioko duela irratia lagun dutenen edo bertaratzeko aukera dugunon bihotzak epeltzeko eta ideiak freskatzeko.

cideci

img-20161229-wa0007

Elixabet eta Maddalen

Adreiluak

Euskalzale, euskara ikasle, irakasle, euskaldun zahar, euskaldun berri:

Heldu da beste behin euskararen nazioarteko eguna. Euskararen eguna egunero den arren, gaurkoa egun seinalatua da hori bera gogorarazteko. Eta abenduaren 3rako plan bila bazabiltza, adi! Izan ere, 51. aldiz ospatzen ari da Durangoko Azoka abenduaren 2tik 6ra, eta munduko beste hainbat txokotan ere liburuak azoka erraldoietako protagonistak izaten ari dira azken egunotan. Guadalajarako Nazioarteko Liburuaren Azokan laster bukatuko da, baina azaroaren 26tik abenduaren 4ra ehunka libururen aurkezpenak egin dituzte, hamaika mahai-inguru, eztabaida, hitzaldi, makina bat irakurraldi, bederatzi kontzertu. Liburuak zer diren irakurri nuen azokari buruzko programa batean eta zuri, Durangoko Azoka zale amorratuari, han irakurritakoa kontatu nahi dizut, euskaraz, noski:

«Liburua toreroaren kapa da, eguzkiarentzat eta euriarentzat aterkia, inozokeriaren gezien aurkako ezkutua, zerua itotzen duen ergelkeriaren aurkakoa, liburua ametsik onenak izateko burkoa da, amesgaizto bikainenak izateko iltzedun ohea, liburua musuzapia da malkoentzat, baltsamoa da zaurientzat, liburua gizartea, etxeak, hormak, unibertsoak eraikitzen dituen adreilu hau da (Benito Taibo).» «Irakurri duguna gara; aitzitik, liburuek gure bizitzetan utzitako hutsa izango gara (Tomas Eloy Martinez, Argentina y otras crónicas, 2011).»

Liburuetan sinesten dugunok badugu, hortaz, asteburuan zer egin. Bai Euskal Herrian bai Mexikon, izan dadila  liburuz inguratutako asteburua eta sar dadila kalabazan.

51-durangoko-azoka

guadalajarako-nazioarteko-liburuen-azoka-kartela

Elixabet

OIHANAREN DEFENTSAREN GAKOAK. CHICO MENDES ETA SERINGUEIROAK.

Geroz eta gehiago dira gizakiak naturari eragiten dizkion kalteak, eta geroz eta gehiago dira egoera horren aurrean alarma piztu duten pertsonak. Egunkaria hartu eta ingurumenari buruzko berriak irakur ditzakegu egunero; normaltasunaren dinamikan sartu direla dirudi, baina munduko boteretsuenek ez dute hori aldatzeko interesik erakusten. Hala ere, badago ingurumena babestearen alde borroka egiten duenik, Brasilgo seringueiroek edo kautxu-biltzaileek XX. mendean erakutsi zigutenez. Artikulu honetan, Hego Amerikako komunitate horrek abiatu zuen borroka ulertzen lagunduko diguten zenbait gai landuko ditugu, eta, horretarako, Javier Moro idazlearen Senderos de libertad liburuko hainbat pasarte euskaratu ditugu. Oihanaren defentsa sutsuenaren erakusle da seringueiroek 1940ko hamarkadan abiatu zuten borroka.

Bigarren Mundu Gerran, kautxurik gabe geratzen ari zirela ikusita, Estatu Batuetako agintariei berebiziko interesa piztu zien Amazonia oihanak, han baitago munduko kautxu-erreserbarik handiena. Laster otu zitzaien hura ustiatzeko plan bat, eta, hala, milaka brasildar errekrutatu zituzten seringaletan edo kautxu-zuhaitzak zeuden eremuetan lan egiteko. Historiak argi utzi du langile-klasea beti egon dela dirua eta negozioa egin nahi duten nagusien menpe, seringueiroen kasuan, fazendeiro edo lur-jabe boteretsu eta esplotatzaileen menpe, alegia. Horrelako egoeren aurrean, erreakziorik naturalena mugimendu gisa antolatzea da, historian zehar hainbat lurralde eta garaitan gertatu den moduan. Kautxuaren soldadu deiturikoek, sen natural horri jarraiki, hala egin zuten, eta apurka-apurka, lan baldintza ustelez jabetu ostean, antolatzeari ekin zioten. Gizadiaren iraganaldiko gertaerak aztertzen dituen ezagutzak, beste behin, agerian utzi digu mugimendu orok buruzagi bat behar duela. Chico Mendes izan zen Amazoniako kautxu-biltzaileen artean kohesio-lanak egin zituena; ingurukoei irakurtzen eta idazten erakutsiz hasi zen, eta denborarekin hark sortu zituen, nazioarteko beste ekintzaile batzuen laguntzaz, seringueiroen ahotsa izango zen sindikatua eta alfabetatzeko ezinbestekoa izango zen eskola-sarea. Prozesu historiko horren xehetasun guztiak kontatzen dizkigu Javier Moro idazleak Senderos de libertad lanean, hiru urtean zehar Amazoniako eszenatoki esanguratsuenetatik bidaiatu eta protagonistekin hitz egin ondoren.

seringal

Seringueiroak lanean.

Ekologismoak egiten gaitu

Brasilgo seringaletan jaiotako borroka horri hertsiki lotuta, ezin dugu ahantzi ekologismoaren gaia. Izan ere, seringueiroek ez zeukaten zalantza izpirik: beren eskubideen aldeko borrokak ezin zuen zentzuzkoa izan ekologismorik gabe. Arrazoia agerikoa da: ingurumena kaltetuz gero, naturak hiltzeko arrisku geroz eta handiagoa dauka, eta harekin batera bertan bizi diren gizaki guztiek. Ingurumenaren babesa, beraz, borroka guztien oinarria da, ekologismorik gabe, ez baikara ezer, eta, hortaz, ezin defendatu gainontzeko eskubide eta ideiak. Kautxuaren soldaduek bizileku zuten oihanaren pixkanakako suntsipena bizi zuten, boteretsuen negozioek eta interesek eraginda. Deforestazioa nabarmena zen; ganaduak dirua ematen zuenez, lur-jabe handien artean baso-eremu zabalak soiltzeko praktika geroz eta ohikoagoa bilakatzen ari zen. Era berean, Brasilek berak zein munduko beste herrialde ahaldunenek Amazonia zuten jomuga beren makroproiektu suntsitzaileak garatzeko, besteak beste, Transamazónica errepidea, eragin zuen zoritxarraren ondorioz «Transmiseriana» izenarekin bataiatua. Hondamendia datu zehatzen bidez adierazte aldera, hona hemen liburuaren pasarte adierazgarri baten itzulpena:

Ez zen soilik planetako espezie bizidunen suntsipenik handiena izan Kretazeoa amaitu zenetik. Lur osoaren osasunari mehatxu egiten zioten substantzia kaltegarriz betetzen zuen atmosfera Amazoniaren hondamenak. Hala, Amazoniak bat egin zuen herrialde industrializatuen multzoarekin, Estatu Batuak buru zirela, planetako baliabideen bi heren kontsumitzen baitute, munduan gutxiengo diren biztanle batzuen bizimodua mantentzeko. Paradoxa da Amazoniak, munduan gutxien industrializatutako eremuetako batek, Frantziak eta Espainiak batera baino substantzia kutsatzaile gehiago isurtzea. Segituan azaleratu zen deforestazioaren beste ondorioetako bat  zuhaitz gehien mozten ziren eskualdeetan euriteak % 20 murriztu zirela erreparatu ostean; hots, hainbat zientzialarik urtetan zehar aurreikusitakoa: klima-aldaketa eta horren eragin konponezinak mundu osoan. Izan ere, Amazoniako oihana ez da planetaren birika edota atmosferako elementu garbitzaile erraldoia —hirurogeiko hamarkadako ekologistek modu okerrean sinetsarazi zutenez—; aitzitik, hezetasunaren funtsezko erregulatzailea da. Oihanean egiten duen euriaren hiru laurden lurrera heldu aurretik lurruntzen dela aintzat hartuta, erraz uler daiteke lurrunketa hori murriztu egiten dela zuhaitzak moztean, eta, hortaz, prezipitazioak behera egiten duela. Hori Amazonaseko arroaren eskalara egokituz gero —bertako oihanak planetako ur gezaren bolumenik handiena birziklatzen du, Amazonasen 6.720 kilometroei esker munduko ibai guztiek isurtzen duten bolumenaren bosten bat askatzen baitu ozeanoan; hau da, egun bakarrean Tamesis ibaiak urte osoan askatzen duena bezain beste—, erraz uler dezakegu arazoaren larritasuna. Haren 10.000 ibaiadarrei esker —lerro zuzenean 80.000 km neurtuko lukete, mundua ekuatoretik bi aldiz inguratzeko adina—, Amazonaseko adarkadurak planetako izaki bizidun guztiengana heltzen dira kliman duten eraginaren ondorioz. Aurkikuntza horiek partekatzen zituzten zientzialariak harriturik zeuden, XX. mendearen amaieran ilargiaren gainazaleko zenbait eremu hobeto ezagutzen baitziren oihanekoak baino. Amerikar botanikari batek adierazi zuen legez, arazoa zera da: ilargiak ez du aldaketarik jasango milioika urtean zehar, baina bitartean, mende-amaierako urteetan, oihan tropikaletako hogei hektarea desagertzen ari ziren minutuko.

Zinez kezkagarriak dira, bada, gutxi batzuen interesek planeta oso bati eragin diezazkioketen ondorio larriak, kasurik okerrenean, heriotza ekar dezakete-eta. Dena den, egoera katastrofikoenetan ere, beti argitzen du itxaropen-izpiren batek iluntasunean. Seringueiroen komunitatea ez zegoen bakarrik; hasiera-hasieratik Chico Mendesek hainbat elizgizonen babesa jaso zuen, eta Sena Madureiran 1975ean lehen sindikatua sortu zenetik, horien arteko elkarlana giltzarri izan zen. Nazioarteko sostengua beranduago heldu zen, bereziki Estatu Batuetako hainbat ekintzaile ekologistaren eskutik. Sindikalista brasildarrarekin harremanetan jarri eta arazoa nazioartera zabaltzeko kanpaina abiarazi zuten, Brasilgo agintariek begiak estalita zituztela baitzirudien. Oihanaren aldeko borrokak eragindako neke eta sufrimendua ez zen alferrikakoa izan, Chico Mendesi eta izen-abizena duten beste hainbat ekintzaileri esker —kontsekuente izateko, Maria Alegretti eta Bruce Rich aipatu behar, beste askoren artean—, Amazoniako hondamendi ekologikoak mundu osoan oihartzuna izan zuen, eta hainbat sektoretan ardura pizteko balio, adibidez, hainbat politikariren artean. Tamalez, urteek erakutsi digute ez dela lortu naturaren suntsiketa behin betiko amaitzea; bai, ordea, hondamendiaren erritmoa mantsotzea, hainbat herrialdek Amazonian gauzatu nahi zituzten proiektuetako batzuk geldiaraztea lortu baitzuten. Badugu, beraz, zer eskertu zailtasun ororen gainetik ama-lurra defendatzeko hautua egin zutenei.

Indigenekin bat

Seringueiroekin batera, Amazoniako indigenak izan ziren hondamendiaren biktima zuzenenak, hots, XX. mende amaierako kolonialismoaren biktimak. Horren adibide garbia da Polonoroeste proiektua, Boliviarekin muga egiten zuten lurren 25 milioi hektarea ekoizpenera bideratzeko plana. Oihana konkistatzeko saiakerak 1.200 kilometroko errepidea marraztu nahi zuen Brasilgo lurretan, baina bertan bizi ziren indigenak oztopo zirenez, beharrezkoa zen lurrak desjabetzea. Ba al dago kolonialismoak bizirik jarraitzen duela erakusteko adibide garbiagorik? Bigarren Mundu Gerraren ondoren deskolonizazio-prozesua era arrakastatsuan gauzatu zela saldu ziguten, baina oraindik ere, 70eko hamarkadan, indarkeria neurrigabea pairatzen zuten Hego Amerikako biztanle askok. Horren harira, hona hemen Mororen liburuko pasarte adierazgarri baten itzulpena:

Oihana laukitan zatitu nahi zuten, errepideek espazio huts erraldoiak gurutza zitzaten, baina, egiazki, oihana ez zegoen hutsik. Jendea zegoen: seringueiroak, ribeirinhoak, fruitu-biltzaileak, indioak, cablocoak. Oihanean bizi zen jendea —eta oihanetik bizi zena— eta, hortaz, hura zaintzen zuena. Milaka urtean zehar basoan bizi izan ziren hainbat komunitate indigenez osatutako herriek egun batetik bestera lekualdatu behar izan zuten. Indarrez ebatsitako beren lurretan agrovila direlakoak (nekazari-hiriak) sortu ziren, gobernuak diruz lagundutako nekazaritza- eta abeltzaintza-enpresek sustatutakoak, eta kolonoak joaten ziren hara bizitzera, lur berrien irrikan, Amazoniako klimaren eta lurraren ezaugarriak ezagutu ere egin gabe. Babes tekniko zein finantzariorik gabe, aldez aurreko prestakuntzarik gabe, inolako laguntzarik gabe, porroterako hautagai perfektuak ziren.

Lurren desjabetzea ez zen bukatu gabeko kolonialismoaren jarraipenaren ondoriorik larriena izan, baizik eta hainbat tribu indigenen desagerpena. Basoaren suntsitzaileek ez zuten inolako mugarik, eta patrikak betetzearen truke edozer egiteko gai ziren, kostua edozein izanda ere. Ibaietako kutsadurak eta basoen suntsipenak gaixotasuna eta heriotza baino ez zien ekarri oihaneko biztanleei, eta beren biziraupena arriskuan zegoela ulertu zuten. Horrenbestez, seringueiroek hasitako ibilbideari herri indigenak batu zitzaizkion eskuz esku kolonialismoari aurre egiteko.

Zoritxarrez, berrogei urte beranduago, borrokak jarraitzen duela esatera behartuta gaude, historia berbera behin eta berriz errepikatzen baita. Azken hilabeteotan, esaterako, Standing Rockeko siouxen kasuak zeresan handia eman du. Indioen lurraldea zeharkatuko duen petrolio-hodi erraldoiaren aurkako protestetan milaka herritarrek hartu dute parte, eta gaur egun proiektuaren % 70 baino gehiago eraiki den arren, manifestariek ez dute etsi. Horra kolonialismo sutsuenaren beste adibide bat.

Heriotzak sortzen ditu heroiak

Chico Mendesek oztopo eta zailtasun ugariri aurre egin behar izan zien bere aldarriak zabaltzeko orduan. Brasilgo agintariak entzungor egin zieten seringueiroen eskakizunei, eta haien aurkako gorrotoa hedatzeaz arduratu ziren. Egoeraz jabetuta, Chicok behin baino gehiagotan izan zuen amore emateko tentazioa, baina bidegabekeria guztiekin amaitzeko grinak pisu gehiago izan zuen.

Chico Mendes.

Chico Mendes.

Urte horietan sortutako tentsioa geroz eta handiagoa zen, eta indarkeria egunerokotasunaren zati bilakatu zen, tasa beldurgarriak gainditu arte. Izuaren haziak bikain erein zituzten pistolari taldeek oihaneko bazterrik galduenetan ere; edo hobe esanda, pistolariek, poliziak, gobernuak eta fazendeiroek, guztiak batera elkarlanean aritu baitziren seringueiroen aurkako gurutzada hartan. Seringueiroek erresistentzia baketsuaren aldeko apustua egin zuten arren, asko izan ziren tiroz hildakoak. Eta hilabeteek aurrera egin ahala, Chicok bazekien berak ere hala bukatuko zuela. Nolanahi ere, ez zuen etsi eta aurrera jarraitzea erabaki zuen, baina Xapurín jaiotako seringueiroak ezin izan zuen bere kezka ezkutatu jendaurrean eman zuen azken hitzaldian:

Ez dut lorerik nahi nire hilotzean, oihanetik hartuko dituztela baitakit. Nire heriotzak hiltzaileen inpunitatearekin amaitzeko balio dezala nahi nuke soilik. Izan ere, Acreko poliziaren babesa jasotzen duten horiek nire pareko 50 pertsona baino gehiago hil dituzte 1975. urteaz geroztik nekazarien eskualdean. Hots, Amazoniako oihana salbatu nahi duten eta suntsipenik gabe aurrera egitea posible dela erakutsi nahi duten seringueiroen buruzagiak hil dituzte. Adio, plazer bat izan da. Xapuríra itzuliko naiz heriotzarekin topo egitera, inork ez bainau hartaz libratuko; ziur nago. Hil nahi nautenak salatu ditut, baina inork ez du neurririk hartu. Ez naiz fatalista; errealista naiz.

Eta ezin ukatu Chico errealista zenik, egun batzuk beranduago, abenduaren 22an, bi pistolarik haren etxeko lorategian hil baitzuten, seringueiroaren emazteak eta bizkartzainek afaltzen zuten bitartean. Planeta osoan entzun zen Alves aita-semeek jaurtitako bala, eta ordura arte jaramonik egin ez zuten mundu guztiko komunikabideek hitz onak idatzi zituzten Chicori buruz. Hala, Xapuríko gizontxoa heroi bilakatu zuten, eta Amazonian gertatzen ari zen sarraskia bistaratu. Chicoren irudia oso presente dago oraindik ere, eta ama-lurraren hondamenak bere horretan jarraitzen duen arren, hura bezalako jendea dagoen bitartean, ezin esperantza guztiz galdu.

Maddalen

BIBLIOGRAFIA:

– Moro, J. Senderos de libertad. Barcelona: Seix Barral, 1992.

Erich Kästner

Gaurkoan Erich Kästner idazlea ekarri nahi izan dugu gure atarira. Haren bizitzako gertakizunetako batzuk laburtzeaz gain, satirari buruzko argibide batzuk bildu ditugu. Izan ere, datorren asteko posterako alemaniarraren satira bat ekarri dugu euskarara eta, aldez aurretik, komenigarria iruditu zaigu idazlearen garaia gogora ekartzea, eta satirak zertan datzan labur azaltzea.

 

I.

 

Kaestner

 

Erich Kästner. Halaxe izena du Alemaniako idazle ezagunenetako batek. Dresden hirian jaio zen 1899an eta Munichen zendu 1974an. Hortaz, historiako hainbat garai esanguratsu bizitu izan zituen, hala nola, Weimarko Errepublika eta bi Mundu Gerrak.

Jaioterritik Leipzig hirira joan zen lehenengo, eta bertan, filosofia, historia eta antzerkiaren historia ikasi zituen. Weimarko Errepublikaren garaia zen (1918tik 1933ra), garai zailak ekonomiari zegokionez, baina urte oso emankorrak beste alor batzuetan. Abiadan garatu ziren zientziak (fisika, kimika eta medikuntza, batik bat) eta hainbat Nobel Sari lortu zituzten alemaniarrek; arrakasta izan zuen arteak, arkitekturak (arrazionalismoa eta Bauhaus eskolaren sorkuntza), baita zinemak ere. Eta literaturak zer esanik ez. Hortaz, Leipzigen igaro zituen urte haiek Erich Kästner idazleak, eta handik Berlinera joan zen, hain zuzen, 1927an.

Nazionalismoak indar handia zuen 30eko hamarkadaren hasierarako, eta Erich Kästnerrek haur eta gazteentzat idazten zuen, haiengan beste ideia batzuk loratzeko asmoz. Nazien erregimenari uko egin zion, eta Berlinen geratzea erabaki zuen. Erregimenaren aurka zeuden gainerako lagun guztiak ihes egin zuten arren, Kästnerrek nahiago izan zuen geratu eta gertatuko zenaren testigu izan. 1933ko maiatzaren 10ean, beste askoren artean, bere lanak ere erre zituzten, eta bera liburuen erretzean presente egon zen. Suitzara bidaiatzen zuen maiz zentsura saihesteko, baina Gestapok harrapatu egin zuen azkenean, eta 1942. urtetik aurrera, ez zioten ezertxo ere argitaratzen utzi.

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, idazten jarraitu zuen, gidoiak, batik bat. Munichen igaro zituen urte haiek. Nazismoak bizimodua garraztu zion arren, Erich Kästnerrek ez zuen sekula etsi, eta, literaturarekin bezalaxe, gidoiekin ere arrakasta itzela lortu zuen. Hainbat sari eskuratu zituen, esaterako, Georg Büchner Saria 1957an. Haren ipuinetako batzuk pantaila handian ikus daitezke, edo bestela, hamaika hizkuntzatan irakurri. Euskaraz ere, noski. Askorentzat ezagunak izango dira Gela hegalaria (1933), Puntutxo eta Anton (1931), Emilio eta detektibeak (1929) edota Lotte eta Luisa, hau bizki parea (1949), umetan eta gaztetan irakurri izanagatik. Helduen literaturari dagokionez, Animalien biltzarra (1936) da aipagarria, besteak beste, argi ikus daitekeelako George Orwellen Abereen etxaldea satira politikoaren intertestualitatea dagoela.

Eta satirei buruzko pare bat kontu argituko ditugu jarraian, oraindik askorik landu ez dugun generoa baita, Kurt Tucholskyren lan bat salbu. Satiren ezaugarririk nagusienetako bat gertaera hutsalak hizkuntza apainez kontatzean datza; paradoxa bat sortzen da, banaltasuna hizkuntza landuarekin itxuratuz, edo alderantziz. Satira politikoak dira ohikoenak; horietan, politikoen gezurrak maskara zintzo batez estaltzen diren. Horretarako, hainbat baliabide literario erabiltzen dira, hala nola, errepikapena, atzizki txikigarriak eta konparazioak.

Elixabet

 

Iturriak:

Azoka-eguna Gernikan

Egun seinalatua dugu gaur, edo egun seinalatua izan zen behintzat Gernikan duela 79 urte.

Jakina da hainbat lan egin dela bonbardaketa lazgarri haren harira: margolanak, olerkiak, ikus-entzunezkoak, abestiak… Guk horietako bat aukeratu dugu Berbaratzan elkarbanatzeko. Katie Melua musikari georgiarraren abesti bat dakarkizuegu, egun hura gogora ekartzeko asmoz. Behean duzue abestiaren letra, euskaraz.

AZOKA-EGUNA GERNIKAN
Umeak sokasaltoka
azoka-egunez Gernikan.
Azoka-egunez zeuden sartzear
Sartzear zeuden Gernikan.

Arimaren bila, ezin hasi
barkamen eske bihotzari.
Jada txikien jolasik ez
Gernikan azoka-egunez.

Aita lihozko trajez jantzia
merkatu-egunez Gernikan.
Frutarik onena bere salgaia
sartzear zeuden Gernikan.

Ezin diot esan hari
maite dudala nabari.
Ikusi nuen lehertzen berez
Gernikan azoka-egunez.

Leher
Leher
Airean leher

Umeak sokasaltoka
azoka-egunez Gernikan.
Azoka-egunez, zeuden sartzear
Sartzear zeuden Gernikan.

Arimaren bila, ezin hasi
barkamen eske bihotzari.
Jada txikien jolasik ez
Gernikan
Azoka-egunez.

Ainhoa

Txakurraren antza al du jabeak?

Amores perros. Hori da Alejandro González Iñárrituren lehen film luzearen izenburua, eta duela aste gutxi estreinatu du film berri bat (The Revenant), baina mexikarraren lehena ekarri nahi izan dugu gaurkoan gure atarira, eta, horren harira, azpidatzien historia labur azalduko dizuegu.

alejandro-gonzalez-inarritu (1)

Mexiko Hirian jaio zen González Iñárritu 1963ko abuztuaren 15ean. Europan eta Afrikan egon zen 17 eta 19 urte bitartean, Mexiko utzi eta zama-ontzi batean itsasoratzea erabaki baitzuen. Jaioterrira itzuli zenean, komunikazioa ikasteari ekin zion Universidad Iberoamericana delakoan, baina ez zuen luze iraun. 1987an ikasketak utzi zituen teoriatik praktikara pasatzeko nahiak bultzatuta; WFM irrati katean lanean aritu zen, eta Mexiko Hiriko katerik arrakastatsuena izan zen garai hartan. Irratiko esperientzi hark eragina izan zuen Iñárriturengan, eta hori ere ageri da Amores perros  filmeko musikaren aukeraketan. Beranduago, 90. hamarkadan, telebistan aritu zen, film batzuetarako musika konposatu zuen, laburmetraiak eta iragarkiak zuzendu zituen. Garai bertsuan antzerki zuzendaritza ikasi zuen Los Angelesen. Mundu horretan murgilduta zegoenean, Raúl Olverarekin batera Z Films sortu zuen, hots, komunikazio eta publizitate talde bat. Eta enpresa hori izan zen Amores perros filma ekoiztu zuenetako bat. 1999an zuzendu zuen Iñárrituk lehen film luzea Mexiko Hirian, jaioterrian, eta urtebete beranduago estreinatu zen Canneseko Zinemaldian, baita arrakasta itzela eskuratu ere. Laster etorri ziren film gehiago: 21 Grams, Babel, Biutiful, Birdman eta The Revenant. Hamaika sari eta izendapen lortu ditu mexikarrak zinemaldirik ospetsuenetan.

filmak

Zinemagilearen hasierako urrats hura handia izan zen, segurtasunik gabea, baina aldi berean gordina, lotsagabea eta ausardiaz betea. Hari esker, XX. mende amaierako Mexiko Hiriaren erretratu aparta ikusi zuen hainbatek mundu osoko zinemetan. Narratzailea orojakilea izan arren, ikuslearen esfortzua eskatzen du filmak. Hiru istorio kontatzen ditu modu oso berezian, eta ikusleak elkarrekin lotu nahiz eraiki egin behar ditu. Une batez hiru istorio horiek bat egiten dute, hiri berean, kale eta egun berean, trafiko istripu latz batean. Hortaz, Latinoamerikako megapoliaren mende amaierako errealitatea eraiki behar du ikusleak. Izenburuari dagokionez, lotura estua du argumentuarekin; batetik, hainbat maitasun mota irudikatzen ditu filmak horregatik pluralean; bestetik, txakurren noblezia azpimarratu nahi du, nahiz eta istorioan zehar jabeek duintasunik gabe jokatzera behartzen dituzten; azkenik, hitz joko aparta ere bada, txakur hitzaren zentzu okerraz baliatzen baita pertsonaiei gertatuko zaizkien txakurkeriei erreferentzia egiteko. Eta horri gehitu behar zaio txakurrak ere istorioen protagonista direla. Beraz, izenburu borobila eta esanahiez betea.

Hainbat gai agertzen dira Amores perros filmean, baina guztien gainetik nabarmentzeko modukoa da Mexiko Hiriko bizimodua. Hainbat ikuspuntutatik erakusten du filmak hiriburua. Matxismoa agerikoa da, genero indarkeria, maitasun posesiboa, bizirauteko borroka, indarkeria, utopia ezkertiarren porrota eta neoliberalismoaren garaipena. Horrez guztiaz gain, Mexikoko zenbait arazo bereizgarrik ere presentzia nabarmena dute, hala nola, txakurren borrokek, lapurretek, eta klase sozialen arteko alde ikaragarriak. Aipamen berezia merezi du diruaren errepresentazioak; ia film guztian zehar presente dago, baina, kasu gehienetan, pertsonaiek sozialki emankorrak ez diren jardueretatik lapurretak, gezur mediatikoak, hilketak, txakurren borrokak lortzen dute dirua, eta horri gehitu behar zaio merkantzien ekoizpena ez dela agertu ere egiten. Indarkeria da dirua lortzeko bide nagusia, eta, beraz, ondoriozta daiteke Mexikoko eraginkortasun ekonomiko eza erakustea zela zuzendariaren helburuetako bat. Bestalde, munduan katoliko gehien dauden herrialdeetako bat da Mexiko. Hori dela eta, pasiboki bada ere, behin eta berriz agertzen da erlijio kristaua Amores perros filmean: gurutzeak, Kristoren estatuatxoak, eta baita Juan Pablo Bigarrena Aita Santuaren egutegi bat ere. Emakumeen paperari dagokionez, istorioaren arabera aldatu egiten da. Baina hitz gutxitan esanda: genero indarkeria nabarmena da, emakumeetariko batzuk emantzipatuta daude eta familia gehienetan ama bakarrik ageri da. Gizonaren arrastorik ez. Errealitatean ere halaxe gertatzen da, Latinoamerikan asko baitira emakumeek zuzentzen dituzten gurasobakar familiak, asko dira emaztea edo neskalaguna egurtzen duten gizonak. Asko dira. Gehiegi.

Drama galanta, baina, melodrama tipikoa al da? Melodramaren esanahia errepasatuz gero, konturatuko gara pertsonaien sentimenduak musikaren bitartez areagotzean datzala. Amores perros film luzeko pertsonaiek, ordea, ez dituzte sentimenduak biziagotzen, errealitatea modu gordinean erakusten baizik. Errealitate hori nola sentitzen duten erakusten du filmak, gehiegikerietan erori gabe. Pulp fiction filmarekin alderatu ohi da Amores perros, baina Tarantinoren odol jario geldiezinen arrastorik ez dago mexikarraren film honetan, eta atsekabea, amorrua eta errukia sentiarazten baditu ere, istorioaren errealismoak berak eragiten ditu. Ez dago hiperbolerik. Pertsonaiak ez dira «onak» edo «txarrak», melodrametan ohikoa bada ere. Baina, zenbait unetan, txakurrek basakeriak egiten dituzte pertsonen ankerkeriak bultzatuta. Bestalde, mexikarraren film luzeak baditu melodramen ezaugarri ohiko batzuk: batetik, amodiozko triangeluz osatuak daude hiru istorioak; bestetik, bortizki eta azkar aldatzen dira eszena kontrajarriak, sexua eta jipoia nahasten dira. Bat-bateko aldaketarik handiena, ordea, trafiko istripuak eragingo du, pertsonaia nagusien bizitzak erabat aldatuko baititu. Eta hiru istorioek bat egingo dute une horretantxe, ezustean, modu lazgarrian.

amores perros

Gatozen orain azpidatziei buruz hitz egitera. Praktikara beharrean, teoriara mugatuko gara gaurkoan Berbaratzan eta, film honen harira, azpidatzien historiari buruzko kontu aipagarri batzuk kontatuko dizkizuegu.

Azpidatzien eta zinemaren jatorria garai bertsukoa da. Asmakizun iraultzaile bati esker sortu zen zinema mutua 1895. urtean Parisen, zinematografoari esker, hain zuzen ere. Lehen filmetan, elkarrizketarik ez egotean, ez zegoen hizkuntzen artean zubirik eraiki beharrik. Azpidatziak kasu bakanetan erabiltzen ziren, irudietako testu idatziak itzuli behar zirenean soilik.  Lehen azpidatziak 1907an egin zituzten estatu batuetako film batean ‒Uncle Tom’s Cabin (Chaume, 2004, 42)‒, eta arrakastatsua izan zen molde berri hori, ikusle askoz gehiagok baitzuen film bera ikusteko eta ulertzeko aukera. Hasieran, ordea, ez zen aho batez onartua izan eta aipagarria da 30. hamarkadara arte bertsio mutu bat egiteko ohitura zegoela, zine soinudunarekiko beldurra edo konfiantza falta zela eta (Chaume, 2004, 44). Dena den, laster egin zuen bere bidea soinudun zinemak eta azkar gailendu zitzaion ordura arteko zinema mutuari. Elkarrizketak hizkuntza batetik bestera ekartzeko, herrialde batzuk hasiera-hasieratik azpidatziak erabiltzeko joera izan zuten, Holandak eta Sueziak, besteak beste; aldiz, beste herrialde batzuk, herritar askok irakurtzen ez zekitelako edo arrazoi ideologiko nahiz politikoak zirela medio, bikoizketa erabili zuten. Horixe izan zen esate baterako Frantzia, Espainia, Italia, Japonia edo Alemaniaren kasua.

Geroztik aldatu dira gauzak, baina orduan azpidatzien aldeko apustua egin zuten herrialdeek aukera hori hobesten dute, eta berdin gertatzen da bikoizketaren aldeko apustua egin zuten herrialdeekin. Kostu ekonomikoari dagokionez, bikoizketak garestiagoa izaten jarraitzen du eta gaur egun azpidatziak egitea baino hamar edo hogei aldiz garestiagoa da. Horregatik herrialde askok, txikiak direlako, aurrekontu txikia dutelako edo iraganean hala erabaki zutelako, azpidatziak erabiltzen dituzte. Euskal Herrian ibilbide laburra du bai azpidazketak, bai bikoizketak. Agian beharrezkoa litzateke hausnartzea zein egokitzen den ondoen euskal munduaren ezaugarriei. Baina luze jo dezake eztabaida horrek, eta ez zaituztegunez aspertu nahi, beste une baterako utziko dugu. Laburbilduz, beraz, azpidatzien historia zinemari baina, batik bat, soinudun zinemari oso lotuta dago.

Irudiei hitzak gehitu zizkieten, nahiz eta irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duen. Makina bat aldiz entzundako erretolika, eta beste hauxe ere: «todo dueño se parece a su perro». Hitz horiek erabili zituen Iñárrituk Amores perros filma deskribatzean, eta bere ustez Amores perros etenik gabeko garrasi bat da, bi ordukoa. Egia borobila. Baina guztia ez dizuegu kontatuko, nahiko esan dugu dagoeneko! Ikusi Amores perros, eta beste film eta arratsalde gogoangarri bat izango duzue zeuen oroimenetan.

Elixabet

Amores perros (2000). Dirección: Alejandro González Iñárritu. 153 min., color, 35 mm, producción: Altavista Films, Zeta Films. México

Nestor García Canclini, Culturas híbridas, México, Grijalbo, 1990.

Ingler; T. Stauder (eds.), Negociando identidades, traspasando fronteras, Tendencias enla literatura y el cine mexicanos en torno al nuevo milenio, Ibero-americana/Verwert, Universidad Erlangen-Nuremberg, Madrid, 2008.

https://www.youtube.com/watch?v=yKxDZxsH3r8

https://www.youtube.com/watch?v=slaYgTy2MPE

Politikoki zuzena?

Politikoki zuzena?

 

Mundua erotu egin da; beno, ez, jendarteak erotu du mundua. Hainbat katramila irakurtzen dugu egunkarian, hamaika istorio entzuten dugu irratian, eta horri guztiari buruz eztabaidatzen dugu mahai inguruan eta tabernan. Baina argi ibili esaten duzunarekin! Edo, hobeto esanda, kontuan izan nola esaten duzun. Politikoki zuzena al da? Nahikoa da hitz bakar bat norberaren iritzia argi erakusteko.

Zuzentasun politikoaren kontu horiek, ordea, ez dira gaur goizekoak. George Orwell idazle ingelesaren 1984 eleberriaren harira, zuzentasun politikoari buruzko pare bat kontu ekarri nahi izan ditugu Berbaratzara. Aurkezpen gutxi behar du Orwellek, aski ezaguna baita, eta zeresanik ez bere lana. Edonola ere, memoria freskatzeko 1984 distopiaren argumentua eta testuingurua gogora ekarriko ditugu.

1984

Bigarren Mundu Gerraren ostean argitaratu zen lehenengoz eleberria, 1949an. Indiako polizia inperialean lan egin zuen Orwellek eta, bigarren mundu gerraren garaian, bere burua behartuta sentitu zuen Ingalaterraren aldeko propaganda egitera BBCrentzat lanean ari zela; sistemarekiko eta gobernuarekiko sentitzen zuen gorrotoa agerikoa zen, eta bere liburuetan ere horixe islatzen du. Winston Smith da 1984 eleberriko pertsonaia nagusia, eta hark ere gorroto du gobernua. Londresen lan egiten du Egiaren Ministerioan eta historia berridaztea da bere zeregina. Badaude ministerio gehiago, besteak beste, Maitasunarena, Bakearena eta Oparotasunarena. Munduan, aldiz, hiru superpotentzia daude 1984an: Eurasia, Ekialdeko Asia eta Ingsoc (“sozialismo ingelesa”). Azken horretan Anaia Handiak ‒alderdi politiko bakarrak‒ dauka aginte guztia, eta etengabe begira dago, beti erne. Hizketa berria ezinbesteko erreminta da herritarren bizitzak kontrolatzeko. Etorkizunean inork ez ditu hizketa zaharreko hitzen esanahiak gogoratuko, baina 1984an badago oraindik hitzen jatorrizko esanahia gogoratzen duenik, esate baterako, Winston. Hori arriskutsua da alderdiarentzat, eta pentsamenduaren poliziak zigortu egingo du pertsonaia nagusia eta ahaztera behartu. Eta, hizkuntzaren baitan ez dagoenik ezin denez pentsatu, ez dago askatasun intelektualik.

Hortaz, ez da kasualitatea pentsamenduaren poliziak askorik ez pentsatzea, Egiaren Ministerioa hizketa zaharrean gezurrarena izatea, eta Bakearena gerrarena. Politikarekin zerikusia duen hiztegia ez da ideologikoki neutrala. Gaur egun ere gertatzen da halakorik: nola azaldu, bestela, defentsa ministerio deitzen diogula gerraren ministerio izan beharko lukeenari? Edo albo kalteei buruz hitz egiten dela hildakoak kontatu beharrean; edo energia nuklear deitzen zaiola energia atomikoak arriskutsuagoa dirudielako ‒bonba atomikoa gogorarazten duelako‒, eta zerbait gertatuz gero istripua izaten dela eta ez katastrofea.

hizketa berria

Sistema totalitario oro kritikatzen du 1984 eleberriak, baina galdera hauxe da: etorkizuna aurreikusi zuen Orwellek? Bestela esanda, gaurko jendarteak badu antzik Orwellek 1984 eleberrian deskribatzen duenarekin?

Elixabet