Iraganeko islada

Bartzelona

Isilpean zetorren, oinutsik, astiro-astiro, inork ikusi gabe pasa nahiko balu bezala. Ez zutela antzemango pentsatuz bizi zen, edo bizirauten zuen, hobe esanda. Ez zekien, baina, bakoitzak baduela bere lekua, edota betebeharra, eta laino beltz arteko eguzki-izpi bakarti eta ahul gisa sentitu arren, berebiziko garrantzia zuela jakin barik zirauen.

Hala uste zuen, ez zekien, baina, udako gaurik beroeneko haize frexko boladaren besteko poztasuna zekarrela, eguraldi sargoriaren osteko zaparrada bezainbesteko inportantea zela, ezinbestekoa zela haren inguruan, hura gabe hutsunea egongo litzatekeela, lainoek azken izpi hori haien gain hartzean, iluntasuna gailenduko zela. Baina hala uste zuen, eta ez zekien zer gerta zitekeen alde eginez gero, eta hala egin zuen, eta izandakoaren itzala baino ez zuen utzi, irribarre goxo baten islada.

Maite

Harkaitza

Arrakalak dauzka harkaitzak,

gezur gazien gisakoak.

Uharrak urratu du,

ur usaina dario;

haizeak urratu du

uhin bidez uneoro.

Gainazala epeltzen dio eguzkiak,

zizelkatu egin zuen atzoko euriak.

Elixabet

Eraztunak

Eraztunak

Bi lagunak kafetegiko terrazan eseri dira eta mantarekin estali dituzte hankak, eguzki-izpiak oraindik ez baitira erabat epeldu.

— Betiko da —esan dio.

— Zer? Eta, zer axola du?

— Gutxi iruditzen al zaizu? Ezin da aldatu, ezta nahi izanda ere.

— Beno, agian ikasi behar dugu ezin dugula dena aldatu nahi dugun bakoitzean —katilua ezpainetaraino eraman du eta kafesneari putz egin dion unean, lurrinak aurpegia estali dio segundo erdi batez.

— Bai, arrazoi duzu, baina betikotasun sentsazio horrek beldur pixka bat ematen dit.

— Beldurra? —harrituta begiratu dio katiluaren gainetik.— Betiko izateak ez du esan nahi txarra denik. Mundura ekarri zintuen familia betiko da, beti izango duzu gogoan, bizitzan zehar ezagutu dituzun lagunak bezalaxe. Ezkontzen bazara alboan izango duzu beti zure bidelaguna. Beti izango zara kaskagorria, Nina Simoneren «Baltimore» entzuten jarraituko duzu eta Nancy Sinatraren «These Boots are made for walking» gitarrarekin jotzen. Baina ez izan beldurrik, izan ere, betiko diruditenak ere batzuetan alda edo hobe daitezke: ilea tinda dezakezu, eta ez dut uste datorren urtean dibortzioaren legea aldatuko dutenik 1981 geroztik martxan egon eta gero.

— Ez didazu tutik ere ulertzen —burua makurtu du eta egurrezko mahaiari begira geratu da. Jarraian burua altxatu du poliki-poliki eta lagunaren txundidura-begiradari eutsi dio.— Eraztunak ezin dira erantzi eta urtero ugaritzen dira. Gaur nire urtebetetzea da.

DSC03217

Elixabet

Nostalgia

iluntzea

Ama, zerua sutan dago
burura zetorkidan esaldia atzo
Ezin atzean utzi gure iragana,
ez bada ere geure azala erre dana

Sua gori-gorian
baina aldi berean hiltzeko zorian
Minutu, segundo gutxi batzuk dira
irauten duen dirdira

Denbora gelditu
ta momentua sentitu
Eguzki izpien indar ahula
gaua datorkigula

Nostalgia, nostalgia da hitza
Egunaren azken eskutitza
Atzamar puntetatik ihesi
biharamunean etorriko da, ez etsi

Maite

Bacalar

Bacalar

Zazpi dira asteko egunak, zazpi Bacalarreko lakuaren koloreak;

sei tukan daude zerumugan, sei zenotek itzaltzen dituzte urak;

bost ozeano daude munduan, bost zentzumenak adi-adi denbora guztian;

lau aste hilean, lau aldiz sartu naiz Bacalarreko lakuan;

hiru itsas barraskilo ikusi ditut, hiru uharte ondar zuriz inguratuak;

bi hemisferio ditu lurrak, Bacalarreko lakuan noraezean dabiltza bi txalupak;

Pasa den hilean, bigarren asteko asteazkenean, ipar hemisferioko kontinentean, Ozeano Atlantikotik ez oso urrun, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi zentzumen adi nituen Bacalar lakuaren koloreak ikusteko, hegaztiak entzuteko, ur geza dastatzeko, hondarrean dauden mineralak usaintzeko eta ur gardenak azalean sentitzeko.

Elixabet

Kaleko bakarrizketak

kaleko-bakarrizketak

Azaroan bete-betean sartuta gauden arren, eguzkia jaun eta jabe izan da gaur egun guztian. agian horregatik daude maindireak, kuleroak eta kolore guztietako arropak nonahi zabalduta. Nagusi kaleko guztiak ados jarri dira gaurko egunean arropak kanpoan zabaltzeko. Eskuinetara doan kalean sartu naiz. Hemengo batzuk ere jarri dute dagoeneko garbigailua. Nik ere horixe egingo dut etxera heltzen naizenean. Eta zer prestatuko dut afaltzeko? Etorkizunari begira egoteak ez dit uzten oraina dastatzen. Uste dut oraindik baditudala leka batzuk hozkailuan. Errepidea gurutzatu dut. Afalostean gitarra jo dezaket, eta musika entzun, vals bat adibidez, Shostakovichen bigarrena, bat-bi-hiru, bat-bi-hiru… Seguruenik mundua hobea izango litzateke kantua aterako balitz jendearen ahotik hitzen ordez; gehiegitan eteten dituzte hitzek momentu bereziak.

− Aio, politt hori!

Nire mutil-lagun ohiaren ahots sendoa izan da gaurkoan.

Elixabet

Ahantzi ditugu

– Amona, gerra-garaian goserik pasatzen al zenuten?

– Guk, gosea? Bazegoen jatekorik ez zuen familiarik, hiri inguruan batez ere, baina guk baratzea genuen. Baratzea eta animaliak: behiak, txerriak, oiloak, untxiak, ahateak… Inoiz ez genuen sabela hutsik izaten; janaririk ez zitzaigun falta. Eta, pentsa, zazpi anai-arreba ginen, eta tartean bereziki tripontzia zen baten bat. Hori bai, ez zegoen menua aukeratzerik: astean zehar babarrunak jaten genituen, eta, noizean behin, egun berezietan, barbantzuak, untxia edo horrelako zerbait.

– Orduan, ez zineten horren gaizki bizi, ezta?

– Ez, gu zoriontsu ginen genuenarekin. Hori bai, baserrian lan asko egiten genuen. Ni sei urterekin hasi nintzen neba txikia zaintzen, eta hamahirurekin eskola utzi nuen soroan jarduteko. Begira zenbat aldatu den bizimodua berrogeita hamar urte eskasean.

– Hala da, gauzak asko aldatu dira. Gaur egun munduko beste puntan dagoen norbaitekin hitz egin dezakegu, eta hura ordenagailuko pantailan ikusi. Garai hartan, ordea, telefono bakarra izaten zenuten herritar guztientzat.

– Telefonoa… Urte asko igaro ziren etxean telefono bat izan genuen arte. Ni txikia nintzela, ez geneukan ezta urik ere! Gaur egun nork ez du etxean dutxatzeko aukerarik? Orduan, negua zenean, errekatik ontzi bete ur hartu, eta ukuiluan garbitzen genuen gorputza. Udan, aldiz, errekan egiten genuen. Horiek bai bainu ederrak uda partean hartzen genituenak! Ura garden-garden zegoen beti, hartxintxar marroixkaren gainean zeure oinak ikus zenitzakeen, bi ainguraren pare. Plazer hutsa izaten zen! Eta udako arratsalde beroetan, lagunak elkartu, eta plisti-plasta ibiltzen ginen han, atzamar zimurrek uretatik ateratzeko unea zela adierazten ziguten arte.

– Ba, egia esan, neguak ez zuen batere atsegina izan behar. Baina bestela, ezin esan txarto pasatzen zenutenik. Mundua asko aldatu da geroztik, bai! Baina zer bizimodu nahiago duzu, ordukoa ala gaur egungoa?

– Ez dakit zer esan. Orain askoz erosoago bizi gara, denetarik daukagu, baina orduan ere ez ginen gaizki bizi.

Amonaren hitzok duela bi urte gertatutakoa ekarri didate gogora. Erreka ertzetik pasioan nenbilela, ezusteko galanta hartu nuen. Bertatik usain arraroa zetorrela sumatu nuen, nahiko higuingarria. Gerturatu nintzenean, ehunka arrain ikusi nituen, uraren gainazalean hilik. Uraren kolorea ere ezohikoa zen, berde iluna; arrainen gorpuzki dirdiratsuekin batera irudi tamalgarria osatzen zuen. Bistakoa zen gertatutakoa; inguruko fabrikaren batek isuriak askatzeko egun egokia zela pentsatu zuen, eta, ondorioak ikusita, neurria gaizki hartu zion. Isurketak ez ziren bart gaueko kontua; agerikoa zen azken urteetan gero eta normaltasun handiagoz gertatzen zirela, baina egun hartan norbaitek kalkuluak gaizki egin zituela zirudien.

Amonak nik baino askoz lehenagotik ezagutzen du gure herriko erreka, eta ziur nago bertaratzen den bakoitzean haren jaioterria zenbat aldatu den gogoratuko duela. Hala ere, zorigaiztoz, nire bizitzak iraun dituen hogei urte hauetan, aldaketa handiak ikusi izan ditudala esan dezaket. Ni ez nintzen errekara nire burua txukuntzera joaten; baina, gure belaunaldiak ere errekako ur freskagarriaz gozatu du udako egun sargorietan. Egun horiek buruan iltzaturik dauzkat, hain ondo pasatzen baikenuen arrainak harrapatzen eta igeri egiten. Bada, ez genuen amonak kontatzen duen ur-jario ezin garbiago hori ezagutu, gizakiaren eragina sumatzen hasia baitzen dagoeneko. Nolanahi ere, errekaz gozatzeko zortea izan genuen. Badakit, ordea, hori bukatu egin dela, eta gure ondorengoek ezin izango dituztela une paregabe horiek bizi, ez behintzat gizakiak mugarik gabeko berekoikeriaz jokatzen jarraitzen badu.

Zubitik urari begiratzen diodanean, mundua gehiegi aldatu dela pentsatzen dut. Ez ote ditugu bizitzan funtsezkoak diren gauzak erosotasunaren eta diruaren izenean ahantzi? Une horietan, amonaren baserriko zoriontasuna datorkit gogora, eta ordenagailuko pantailatik hitz egiteko aukerari uko egiteko gogoa datorkit, errekan bainu goxoak hartzearen truke.

ahantzi

Maddalen

Han goian

zerua

Askotan oroitzen zen udaberriko arratsalde eguzkitsu horietaz. Uda heltzeko aste batzuk geratzen ziren, eta oraindik ez zuen bero handiegirik egiten; jaka bakeroa nahikoa zen, eta batzuetan mauka motzean ibil zitekeen. Etxetik nahiko hurbil zegoen landa batera joaten ziren sarri; oinez, berrogei minutura zegoen. Belardi benetan handia zen, berde-berdea; hiriko zaratak ez zuen haraino heltzeko indarrik, eta etxebizitza garaien arrastoa galdu egiten zen. Gainera, jende gutxi ibili ei zen, alferkeriak jota hiritik gertuago zeuden lekuak nahiago baitzituzten.

Normalean txoko berean etzan ohi ziren, zeruari begira. Azpian belar berdea, goian zeru urdina, eta bien tartean eurak. Orduan, hitz jarioa eteten zitzaion, eta istant batez isildu egiten zen. Zeruari begiratzearekin batera, pentsamenduek harrapatzen zuten, eta sekula askatuko ez zutela iruditzen zitzaion, bere gogoetetan itotzera kondenatuta egongo balitz bezala. Zeruak urduri jartzen zuen; izan ere, susma ezineko bazterretaraino hedatzen zen, eta horrek unibertsoko gauzarik txikiena zela sinestarazten zion, unibertsoan galdutako oxigeno atomo bat edo ozeanoko ur molekula bat baino txikiago, zein baino zein gauzaezagoa. Eta, uneren batean, hegazkin bat bistaratzen zuen oihal urdin erraldoiaren erdian. Gailu itzelak inurri bat zirudien, eta, inurritxo horretan, bera bezalako beste hirurehun pertsona zihoazela pentsatzen zuen. Orduan, bere burua are txikiago sentitzen zuen, eta goibeltasun bolada batek barrenak astintzen zizkion. Azken finean, ez zen inor, eta, norbait izango bazen, zenbaki hutsal bat baino ez litzateke, beste seiehun milioi zenbakiren artean.

Pentsamenduak ilunegi bilakatu baino lehen, alde batera biratu eta hain garrantzitsua zitzaion pertsona hori ikusten zuen. Bazekien pertsona horrentzat, ordea, hura zela garrantzizkoena, askotan errepikatzen baitzion bere altxorrik preziatuena zela. Horrek bere pentsamenduak guztiz geldiarazten zituen, eta ñimiño izatetik, munduko erdigune izatera igarotzen zen. Aurpegian irribarrea nagusitzen zitzaion, eta segituan galdera bat entzuten zuen:

— Zer ari zara pentsatzen?

Berriro ere zerura begiratu, eta zera erantzuten zuen:

— Ezer ez. Bagoaz?

belarra

Maddalen

24

goiz

Goizean goiz esnatuko naiz. Biharko egunak ere hogeita lau ordu izango ditu. Hogeita lau? Ez dakit sinetsi edo ez, bukaezinak baitirudite zenbaitetan, motel pasatzen dira orduak, minutuak, baita segundoak ere.

Beste batzuetan, sekulako abiadan igarotzen dira.

Eguna joan. Eta eguna etorri;

lehena azkar. Eta bigarrena azkarregi.

 

 eguerdi

Eguerdiko ohiko kuluxka egin dut. Bezperan ordu txikietara arte ibiltzeak horixe dauka. Sofatik altxatu naiz, motel-motel, salako leihora hurreratu arte. Sekulako laino zaharra sentitzen dut buruaren aurrealdean, kopeta guztia estaltzen dit, eta bista lausotzen. Kristal hotzak zertxobait gehiago esnarazi nau behintzat. Burua astunegi dudanez, beiraren kontra pausatu dut; gorputza zerrepel, eta pisu; besoak zintzilik, eta bizkarra… adar zimeldu oker bat dirudi bizkarrak.

Itsasoa ikus dezaket leihotik, eta, nola ez, hondartza. Urtarrileko egun labur honetako eguzkiari begira nago, adi-adi. Ez nau engainatuko. Epela dirudien arren, badakit urte-garai honetan gugandik urrun dagoela:

—Ez diat berotasun izpirik nabari, eguzki. Ez hator nigana kontu-kontari.

Inor gutxi dabil, baxu dago marea, eta amaigabea dirudi hondartzak. Nire arratsaldeak bezalaxe.

 iluntze

Iluntzea noiz hasi eta noiz bukatzen den. Horixe galdetu zidan. Zer erantzun ez nekiela geratu nintzen. Ba ote halako galdera tontorik?

—Iluntzea hasten da eguzkia nekatzen denean,

eta bukatzen da joaten denean.

Zur eta lur begira neukan. Ez ote zuen ulertu? Begirik kendu gabe jarraitzen zuen; segundoek orduak ziruditen, eta une hark eternitate bat. Erlojuaren arabera seiak eta hogei ziren. Barka, oker nabil, hogei-bi puntu-zero-sei jartzen zuen. Zer axola ote zuen, ordea! Seiak eta hogei, edo zortziak eta sei.

Biak izan daitezke iluntze,

eguzkia joaten denean

hurrengo goizera arte.

 

                                                                                            

    Elixabet

 

 

 

 

 

Idaztea

IMG_9785

Haurrak garelarik ikasten duguna
eskolan hori lantzen gu ‘ta laguna
Oroimenean dugu gure inprenta
letrak banan-banan jarriz idazketa

Zeinen zaila den hasieran izena
denoi irakasten diguten lehena
Irakurtzeko ere ahaleginak
letrak lotzeko guk zailtasun handiak

Baina ze ona den lortzen dugunean
benetan gai garela konturatzean
Zoriontsu gara lortu dugulako
horrela familia poztu delako

Zeinen zaila den hasieran izena
gero ahaztaraziko digutena
Bizirauten saiatzen gara oraindik
ohartu gabe gabiltzala alferrik

Ingurua ezagutzera ibiliz
argazki mordoa ateratu irriz
gerturatu dira hegaka kaioak
entzuten dira ondo haien orroak

Itsasoan jolasten sentiturik haur
plisti-plasta hankak bustiz uretan gaur
Ze gutxi behar den ondo egoteko
txokolate-pastela azkar jateko

Ez dezagun beharrezkoa borratu
ikasi ondoren nahitaez deuseztatu
Heldu da bai gozatzeko momentua
jakinmina asetzera behartua

Heldu da ordua joateko aitzina
arkatza hartu, idatzi argiezina
Ze gutxi behar den begiak itxita
loak hartuz irudimena utzita.

Maite